[go: up one dir, main page]

Existentzia

badenaren, existitzen denaren nolakotasuna

Existentzia badenaren, existitzen denaren nolakotasuna da.[1] Ohiko hizkeran, munduan egotea da baina berez termino filosofikoa da, ontologia filosofiako azpi-diziplinan, aztertutakoa. Existentziaren terminoari esentzia kontrajartzen zaio.

Etimologia

aldatu

Existentzia hitza latinetik dator (exsistentia), zeinak ex- aurrizkiaz (-tik kanpo) esanahi duena eta bi atzikiz -nt- (ente=eragile) eta -ia (kualitatea) osatuta dagoen. Existentzia hitzak jatorrian existitu aditza latinez sistere dena du (finko egon). Laburbilduz, existentzia "kanpoan dagoena" edo "han dagoena" esan nahi du.[2]

Kontzeptu filosofikoa

aldatu

Existentziak auzi sakon eta garrantzitsuak sortzen ditu metafisikan, hizkuntzaren filosofian eta logika filosofikoan. Auzi horietako asko galdera hautan jasotzen dira: existentzia gizabanakoen jabetza al da? Izatea eta existentzia propietateak al dira? Eta existentzia banakoen propietatea dela baieztatuz, ba al dago hori falta zaion banakorik? Existentzia edozein entitateri erreferentzia egin diezaioke (izan entitate materiala, entitate fisikoa, erreala, ideala...)?[3]

Kontzeptuaren garapena

aldatu

Existentziaren inguruko hamaika galdera filosofiko egin daitezke eta egin dira. Hala ere, garaika existentziaren aspektu edo alderdi bat bestea baino gehiago nabarmendu izan da.

Antzinako Filosofian[4]

aldatu

Antzinako Filosofian existentziaren bi alderdi kontrajarriak bereizten zituzten. Batetik, benetako existentzia ideala, betierekoa eta aldagaitza dena. Bestetik, itxurazko existentzia, benetako existentziari kontrajartzen zaiona, eta, beraz, aldakorra eta atzemangarria dena. Hau da, existentzia fenomenologikoa.

Ez zuten existentziaren auzia jorratu, izateen entitateak baizik. Ez zitzaien izate hauen erroa edo natura zein den aztertzea interesatzen, zegoena edo existitzen zena azaltzea baizik. Hau da, existentzia bere horretan ez zuten landu. Errealitatearen izateak arkhe gisa aztertu zituzten. Ildo horretatik jarraituz, presokratikoek denaren jatorria atomoak (Demokrito), airea (Anaximenes), zenbakiak (Pitagoras)... zirela defendatu zuten.

Platon

aldatu
 
Platonen bustoa.

Platon (K.a 427-K.a 347) Grezia Klasikoko filosofo garrantzitsu bat izan zen.

Platonek existentziaren gaia planteamendu idealista batetik landu zuen, existentzia Ideien Munduan kokatuz. Horrez gain, planteamendu dualista egin zuen errealitatea bi dimentsio edo mundu kontrajarrietan bananduz: Ideien Mundua eta mundu fisikoa. Banaketa dualista hau Antzinako Filosofian itxura-errealitate dikotomiari erantzuten dion planteamendua izanen da. Lehenengoa, mundu ideala da, perfektua. Bigarrena aldiz, inperfektua eta atzemangarria da. Hau da, existentzia mundu fisikotik at egonen da, nolabait kanpoan dagoen zerbait izanen da, kontzeptuaren etimologiara egokitzen den ideia izanik.

Aristoteles

aldatu

Aristotelesek existentziaren gaia lantzean bi ideia kontrajarriko ditu: esentzia eta existentzia. Dikotomia honek Erdi Aroko filosofian jarraipena izanen du.

Aristoteles Platonen dizipulua izan zen. Baina, bere planteamendua bere maisurenetik aldenduko da existentzia Platonen mundu fisikoan kokatzean. Hau da, Aristotelesek Ideien Mundua ukatu zuela esan daiteke eta, beraz, existitzen den mundu bakarra hau dela eta substantziez osatuta dagoela defendatu zuen.

 
Aristotelesen bustoa.

Aristotelesek izatea ente gisa aurkezten du, eta bi ousia edo substantzia banaezinetan bereizten du. Existentzia lehenengo ousia da, benetan existitzen dena eta partikularrari apelatzen diona. Lehenengo ousia edo substantzia era berean, materiaz (gorputza) eta formaz (gauzaren espeziea) osatuta dago. Bigarren ousia, aldiz, esentzia da, unibertsala, eta esentzia bera duten izate guztiak errepresentatzen ditu. Esentzia izateen aldagaitza den ezaugarria da.

Adibidez, “Mikelek 25 urte ditu” esaldian bi substantzia aipatzen dira. Lehenengo substantzia (edo ousia) Mikel da, hizkuntzan izen bereziaz adierazten dena. Bestelako hitz guztiek ez diote lehenengo substantziari erreferentzia egingo, Mikelen ezaugarriei baizik. Ezaugarri horiek zenbait kategoriatan sailkatzen dira (denbora, kualitatea, kantitatea, lekua...). Gainera, “Mikelek 25 urte ditu” esaldian esplizituki aipatzen ez den bigarren ousia edo substantzia (esentzia) dago, hain zuzen ere, gizatasuna.

Erdi Aroko filosofian

aldatu

Existentziaren gaineko ulerkera Antzinako Filosofiarekin alderatzen badugu, Erdi Aroan aldatuko da. Eskolastikak arabiar filosofiaren bitartez iritsiko zaion Aristotelesen pentsamendua berreskuratuko du. Erdi Aroan erlijioek zuten pisuak edo garrantziak filosofian eragingo du. Beraz, existentziaren gaia auzi hauetara lerratuko da: Jainkoaren existentzia eta Jainkoaren eta gizakiaren arteko existentzia nola gauzatzen den.

Avizena

aldatu
 
Avizena.

Avizena edo Ibn Siná (980-1037) filosofo, mediku eta zientzialari pertsiarrak eragin handia izan zuen Erdi Aroko autoreengan hala nola Akinoko Tomasengan. Horrez gain, Erdi Aroko pentsamendua irauliko du esentzia existentziaren oinarrian jarriz.

Avizenarentzat izate konkretua esentziarengatik existituko da. Hau da, Aristotelesek existentziari (lehenengo ousiari edo substantziari) lehentasuna emango dio esentziaren gainetik, eta Avizenak kontrakoa egingo du. Gainera, zerizan abstraktua eta izatea eskatzen ez duen zerizan konkretua bereizi zituen. Izatea beharrezkoa den zati batez (kasu honetan Alá, beti existitzen dena) eta «ahalezko» zati batez (munduko gainerako izakiak, kausa bakar batengatik existitzen direnak: Jainkoaren borondatea) osatuta dago. Bestalde, arimak banako den aldetik duen hilezintasuna ere ukatzen du.

San Agustin edo Agustin Hiponakoa

aldatu
 
Hiponako Agustinen margolana.

San Agustin edo Agustin Hiponakoa (354-430) filosofo eta teologoaren obraren helburu nagusia jainko baten (Jainko kristauaren) existentzia frogatzea da. Horretarako, hainbat ideia erabiliko ditu bakoitzari garapen ezberdin bat emanez. Behin Jainkoaren existentzia frogatuta dagoela, Jainkoaren sorkuntzaren existentziara igaroko da. Hiponako Agustinen aburuz, Jainkoak dena sortu duen aldetik, ona izango da. Ondorioz, existitzen den guztia ona da.[5]

Santo Tomas

aldatu

Santo Tomas edo Akinoko Tomas (1225-1274) filosofoak Aristotelesen pentsamendua "kristautu" zuen. Aipatzekoa da Aristotelesen obrak filosofo arabiarren eta juduen bidez Europara iritsiko direla.

 
Akinoko Tomas.

Akinoko Tomas Jainkoaren existentzia mundu sentsiblearen bidez frogatzen saiatuko da. Izan ere, autorearentzat "Jainkoa existitzen da" esaldiak ez da bitartekorik gabeko egia nabaria arrazoimenarentzat, ezta sortzetiko ideia gizakiarentzat ere. Hau da, Jainkoaren existentzia ez da apriorizko ideia gizakiarentzat. Ondorioz, Jainkoaren existentzia frogatzeko (frogatu behar delako) aposteriorizko bost bide eraikiko ditu Aristotelesen pentsamenduan oinarrituko direnak:

1- Munduaren mugimenduaren kausa lehena egon behar du, kausa geldia dena eta Jainkoa da.

2- Izakien existentziaren kausa bat egon behar du, kausarik ez duena eta Jainkoa da.

3- Munduko izaki guztiak kontingenteak dira. Ez dute existentzia izateko arrazoirik, soilik Jainkoak emandakoak. Hura baita kontingentea ez den eta berez, existitzen den bakarra.

4- Perfekzio-maila ezberdinetako izakiak daude. Perfekzio-mailaren kontzeptua perfektua den zerbaitekin alderatzen dugulako dakigu eta perfektua den bakarra Jainkoa da.

5- Errealitate material guztiek helburu baterako joera dute. Helburuzko kausa ezin da amaigabea izan. Beraz, azkeneko helburu bat egon behar du, Jainkoa dena.

Esentziari dagokionez, Avizenaren kontra, esentzia-existentzia dikotomian existentzia oinarrian jarriko du.

Gilem Ochkamgoa

aldatu
 
Gilen Ochkamgoa.

Gilen Ochkamgoa (1285-1347) Eskolastikaren etapa kritikoaren filosofo eta fraide frantziskotar ingelesa da. Gilen Ochamgoak, Akinoko Tomasek eta Agustinek ez bezala, ez ditu existentzia eta esentzia bereiziko. Aldiz, existentzia eta esentzia bateratuko ditu.

Aro Modernoko filosofian

aldatu

Aro Modernoan existentziaren auziak ñabardura berriak hartuko ditu.

Descartes

aldatu

René Descartes (1596-1650) filosofo arrazionalista frantsesa izan zen, Modernitatearen oinarrizko autoretzat hartu izan dena.

 
René Descartes.

Descartesek existentzia gogoan (cogito-an) jarriko du eta horretatik, Jainkoaren eta munduaren existentzia frogatzen saiatuko da. Meditazio metafisikoak (1641) ni-aren existentzia zein Jainkoarena apriorikoa dela ondorioztatuko du cogito ergo sum baieztapenetik abiatuz. Hau da, existentziaren kontzepzio idealista bat izanen du.

Cogito ergo sum ondoriora iristeko, zalantza metodikoa deritzona erabiliko du. Hau da, zalantza bere proiektu filosofikoaren abiapuntua izango da. Izan ere, bere filosofiaren xedea egia ziur bat aurkitzea izango da eta horren gainean, ezagutza berreraikitzea.

Esan bezala, egia ziurrera iristeko baliatuko duen metodoa zalantza egitea da. Beraz, zalantzazkoa den edozer ezagutza errefusatuko du, zalantzazkoa den edozeiren gainean ezin delako ezagutza ziurrik eraiki. Descartesentzat zalantza metodikoaren aplikazioa egiteko ez da beharrezkoa judizio bakoitzari banan-banan erreparatzea, ordea, nahiko da ezagutzaren oinarrizko judizioei heltzea. Izan ere, Descartesek ezagutzarekiko duen ulerkera fundazionalista den heinean, ezagutza mailakatua dela defendatuko du. Hau da, ziurtasunezko ezagutza bat dagoela, justifikaziorik behar ez duen ezagutza dena, bere horretan ziurra delako. Ez hori bakarrik, ezagutzaren oinarri-oinarrizko judizioa aurkitzean (egia ziurra dena), beste ezagutza guztia berreraiki daitekeela esango du.

“Baina arrazoimenak dagoeneko konbentzitu nau neurri berdinean baztertu behar ditudala nire sinesmenetatik, bai erabat ziurrak eta zalantzarik gabekoak ez diren gauzak, bai nabarmenki faltsuak agertzen direnak; arrazoi honegatik nahikoa izango da nire iritzi bakoitzean zalantzarako motibo bakarra aurkitzea guztiak errefusatzeko. Eta honetarako ez da beharrezkoa nik guztiak banan-banan azter ditzadan, amaigabeko lana bailitzateke bera. Haatik, oinarrien hondamenak nahitaez eraikuntza osoaren hondamena dakarrenez, lehenik nire lehenagoko iritzien zutabe ziren hastapenei erasoko diet." Meditazio metafisikoak[6]

Zalantza bi pausotan ematen da. Lehenengo pausoan, zentzumenak ezagutza-iturri gisa ukatuko ditu. Horretarako, bi hipotesi planteatuko dituelarik:

  1. Pertzepzioak egin ohi dituen akatsak.
  2. Esna edo lotan egotearen arteko desberdintasuna.

Zalantzaren azkeneko pausoa hirugarren hipotesi batekin ematen da, non zalantza hiperbolikoa den. Bigarren pauso honetan, zalantzak ez dio zentzumenei "eraso" egingo, baizik eta arrazoimena edo adimenari. Azkeneko hipotesia, jeinu engainatzailearena da, non jeinu gaizto eta ahalguztidun baten existentzia hipotetikoa planteatuko duen, gure ezagutza manipulatzen duena. Aipatzekoa da zalantza metodikoan duen jarrera eszeptikoa, ez dela autorea eszeptikoa delako. Kontrara, itxurazko prozesu eszeptikoa baliatuko du ezagutzaren euskarri epistemologikoa bilatzeko.

Prozesu eszeptikoa amaitutzat ematen da, egia ziur bat ondorio gisa ateratzen duelako:

“Eta nik ziurtasunez dakit existitzen naizela eta nire naturari edo zerizanari pentsatzen duen gauza bat izatea dagokiola eta ez dudala aurkitzen berari derrigorrez dagokion besterik ezer; eta hortik zuzen ondoriozta dezaket ni pentsatzen duen zerbait naizela eta horretan datzala nire zerizana." Meditazio metafisikoak[6]

Beste modu batean esanda, nahiz eta gure zentzumenek huts egin dezaketen eta jeinu maltzurrak ni engaina nazake, argi dago zalantzak dituen zerbait naizela eta zalantzak ditudan heinean, pentsatzen dudan zerbait naizela. Beraz, hasieran aipaturiko egia ziurrera iristen da: cogito ergo sum edo pentsatzen ari naiz beraz, banaiz. Pentsatzen dudan heinean, ziurtasun guztiz jakin dezakedana da existitzen naizela.

Laburbilduz, Descartesek existentziaren nozioa introspekzioaren bidez erdiesten du. Are gehiago, planteamendu idealista bat izanen du eta cogito ergo sum ideiatik abiatuz, Jainkoaren zein munduaren existentzia frogatzen saiatuko da.

 
David Hume.

David Hume (1711-1776) filosofo eskoziar enpirista izan zen. Giza ezagutzari buruzko ikerketa-n[7] (1739) ez du bereizten objektuen existentzia eta horien ideia izatea. Are gehiago, objektu baten ideia izatea objektu beraren existentziaren frogapena dela defendatuko du. Izan ere, enpirista den heinean, esperientzia ezagutzaren erdigunean jarriko du.

Humek gogoaren pertzepzioaren baitan inpresioak eta ideiak ezberdintzen ditu. Oinarrian inpresioak daude. Inpresioak mementoan jasotako pertzepzioak dira eta horregatik, biziagoak dira. Izan ere, inpresioak zentzumenen edo esperientziaren bidez jasotzen ditugu.

Bestalde, ideiak inpresioen kopiak dira hauek imitatzen dituztelako eta horregatik, inpresioak baino ahulagoak dira. Esaterako, ez da berdina beroaren mina sentitzea (inpresioa) eta bero horrek eragindako minean pentsatzea edo irudikatzea (ideia). Inpresioa (bat-batean atzemandakoa) biziago sentitzen dugu. Hau da, ideiak jatorrian inpresioak izango dituzte eta inpresio bakoitzetik eratorritako ideia inpresio horrekin antzekotasuna izango du. Beraz, ezin dugu objektu baten inpresiorik jaso ez dugun ideiarik izan eta zentzumenetatik hautemandakoa ezagutza-iturria denez, hautemandako inpresioak existitzen dira.

Immanuel Kant (1724-1804) Ilustrazioaren filosofo prusiar esanguratsuenetarikoa izan zen. Modernitatearen azkeneko pentsalarietariko bat dela kontsideratzen da.

 
Immanuel Kant.

Kantentzat existentzia ez da jabetza bat. Izan ere, existentzia ez da predikatu erreala baizik eta zerbait absolutua. Hau da, existentziak ez dio zerbait gehitzen objektuaren errealitateari. Beraz, Kantek, existentzia objektuaren propietate bat ez dela ukatzetik, Jainkoaren existentziaren argudio ontologikoei kritika egin zien.

Argudio ontologikoaren aldekoen esanetan, Jainkoaren kontzeptuak perfekzio guztiak dituen entitate gisa edo handiagoa ezin den izaki gisa ulertuta, Jainkoaren existentzia dakar. Izan ere, existentzia perfekzio bat baita eta existitzen den izakia existitzen ez den izakia baino handiagoa edo perfektuagoa baita. Kantek Arrazoimen hutsaren kritika-n[8] argudio hauen aurka egin zuen:

Horrela, gauza bat pentsatzen dudanean, nahi ditudan predikatuen eta nahi ditudan askoren bidez (baita determinazio osoan ere), ez zaio gauzari batere gehitzen, gauza hori badela planteatzen dudanean. Bestela, existituko zena ez litzateke nire adigaian pentsatu nuen gauza bera izango, baizik eta hori baino gehiago, eta ezingo nuke esan nire kontzeptuaren objektua bera existitzen denik.

Aro Garaikideko filosofian

aldatu

Existentziaren gaia logika formalaren aldetik zein XX. mendean indarra hartuko duten filosofiaren beste azpi-adarretatik (adibidez, fenomenologia eta existentzialismotik) jorratuko da.

Bertrand Russell

aldatu
 
Bertrand Russell-en argazkia.

Bertrand Russell (1872-1970) filosofo, aktibista, idazle eta matematikari galestarra izan zen. Russellek izatea eta existentzia ezberdinduko ditu. Izatea ezinbesteko propietatea da. Aldiz, existentzia objektuaren bigarren mailako propietatea da. Hau da, izatea objektu edo termino guztiei dagokion propietatea den bitartean, existentzia izate batzuei dagokion propietatea izango da.

"Izatea pentsa daitekeen termino bakoitzari, objektu posible guztiei, pentsamenduari dagokiona da; laburbilduz, edozein proposiziotan gerta daitekeen guztiari, egiazkoa edo gezurra, eta halako esakune guztiei beraiei. Izatea zenbatu daitekeen edozeri dagokio. (...) Existentzia, aitzitik, izate guztien artean soilik batzuei dagokien eskumena da. Existitzea existentziarekiko erlazio zehatz bat izatea da -erlazio bat, bide batez, existentziak berak ez duena."[9][10]

Existentziaren filosofia eta Existentzialismoa

aldatu

Existentzialismoa XIX. mendean sorturiko korronte filosofikoa da, zeinak XX. mendean garrantzi handia izango duen.[11] Existentzialismoaren arabera, existentzia esentziaren aurrekoa da. Gauzak esanahi bat izan aurretik existitzen dira, bereziki gizateriaren kasuan.

Existentziaren filosofia kontzeptua erabiltzerako orduan buru-belarri egon behar da. Izan ere, hainbat filosofok termino hau ukatu dutelako bere pentsamendu filosofikoari esleitzean, autore hauen ikuspuntutik ez delako

Ezaugarriak[12]

aldatu
  • Existentzia gizakiaren existentzia da. Hau da, gizakiaren izateko modu berezia edo bereizgarria da. Beraz, Filosofiaren existentzia humanista izango da, non gizakia erdigunean egongo den.
  • Existentzia beti existentzia indibiduala da. Zentzu horretan, existentziaren filosofia oro subjektiboa da. Existentzia indibiduala ezin da beste zerbaitetik deribatua izan. Ez da beraz, Bergsonen bezala "bizi-korronte" supraindibiduala, eta hori bizitzaren filosofiarekiko funtsezko ezberdintasuna da.
  • Ez du gizakia neurtzen gauzen ereduaren arabera: gauza, nolakotasunen substantzia gisa ulertuta, ezarritako izaki bat finkatuta dauka. Gizakiak, kontrara, ez. Lehendabizi, bere buruaz dena egin behar du. Hortaz, gizakia ezin da gauzaren kategorien bidez ulertuta izan, ez neurtua, ezta interpretatua ere.
  • Metodologiari dagokionez, existentziaren filosofoak neurri handi batean fenomenologoak dira. Izan ere, interesatzen zaiena denaren bat-bateko atzematea da. Nahiz eta Husserlen fenomenologiaz oso urrun egon, abiapuntu eta helburu ezberdinak dituztelako.
  • Existentziaren filosofia dinamikoa da. Existentzia bere esentziagatik denbora eta denboralitatera lotuta dago eta beraz, ez da alteraezina. Existentzia-denboran-izatea-da. Horregatik, denboraren auziak garrantzi handia izango du existentziaren filosofian.
  • Gizaki indibidualean zentratzen bada ere, ez da indibidualista, ez baitu gizabanakoa isolatzen. Kontrara, gizakia memento konkretuan bilatzen du eta gizaki oro munduari eta beste gizakiei lotuta dagoenez, ez da indibidualista. Hau da, giza existentzia-munduan-izatea eta besteekin-izatea da.
  • Existentzia memento konkretuetan zentratzen denez, hertsiki lotuta egongo da bizipen konkretura. Horregatik, existentziaren filosofiaren autore bakoitzak bere obren abiapuntua berezko bizipen propioak izango ditu. Hau da, obrak oso partikularrak eta berebizikoak dira.

Søren Kierkegaard

aldatu

Kierkegaard (1813-1855) existentzialismoaren aitzindaritzat jo duten autore da, nahiz eta existentzialismo terminoa ez zen sortu XX. mendera arte.

 
Kierkegaard-en marrazki bukatugabea.

Existentzialismoaren autoreetako bat izanik, bere biografia aztertzeak garrantzia du bere pentsamendu filosofikoa ulertzeko. Kierkegaard oinazetsu eta existentziaren ideiaz kezkatuta bizi izan zen, eta azkenean kezka hori krisi existentzial bilakatu zen. Are, huts egin zuten bere buruaz beste egiteko saiakerak egin zituen. Fede kristau indibidualaren alde egin zuen, Jainkoarekiko harremanean Eliza bezalako instituzioak ukatuz.

Bere doktrinaren hainbat ezaugarri:

  • Larritasuna, gizakiaren existentziaren funtsa lez, dialektika kierkegaardarraren motorra da.
  • Gizakiaren bakardadea eta tragikotasuna.
  • Bere filosofiaren erdigunean gizabanakoa dago. Gizabanako bakoitzak bere burua egin behar du.
  • Indibidualtasuna eta identitatea parekatzen ditu.
  • Gizabanakoarengan uzten du askatasun guztia.
  • Gizabanakoaren erantzukizunaren alde egiten du.
  • Gizakiak duen konpromisoa hartzearen beharra aldarrikatzen du, horretarako, fedezko jauzia egin behar dela esanez.
  • Gai zentrala: indibiduoaren, masaren eta instituzio sozialen arteko harremana da.
  • Kritika egiten dio gizarte modernoari eta sustatzen dituen balioei, gizabanakoaren heziketaren aurka doazelako. Gizarte modernoak gizarte-masaren kide estereotipatuak sortzen ditu, indibidualtasun ororen deuseztapena dena. Izan ere, gizarteko gizabanakoak menderatzen duen ideologia erreproduzitzen du. Hau da, gizarteak indibidualtasunaren eta gizabanakoaren identitatearen oztopo handiena da. Gizarteak beraz, gizabanakoa arduragabea bihurtzen du edo behintzat, bere erantzukizunerako zentzua gutxitzen du.

Existentzialismoaren autore paradigmatikoa da eta bere burua existentzialistatzat hartzen duen filosofo frantziarra da. Nabarmentzekoa da bere obra filosofikoa bitxia dela, zennaitetan literaturaren bitartez aurkeztua izan delako. Horien artean, Goragalea (1938). Izatea eta Ezereza (1943) aipatu beharreko liburua da. Horrez gain, Heideggerren dizipulutzat kontsideratua izan da.

 
Jean-Paul Sartre.

Sartrerentzat existentzia esentziaren aurrekoa da. Hau da, gizakia ez da den bezalakoa: besterik gabe da. Beste hitzekin esanda, gizakia ezin da kategorizatu, ez da esentzia. Existentzia purua, sinplea, biluzia eta bere baitan dena da. Adibidez, pertsona baten existentzia definitzerako orduan Sartrerentzat baxua, ile gorria, itsua... esatea okerra da. Etiketa horiek guztiak bere esentzia definitzea izatea litzatekeelako. Gizakia ez da gauzak diren modukoak. Gizakia aldez aurretik, ezereza da eta askatasunera kondenatuta dago. Zentzu horretan, gizakiarengan jartzen duen erantzukizuna osoa da. Intersubjektibitatearen alde egiten du, gizakia beraz, ez da soilik bere ekintzen erantzule izango besteen eta besteekiko ekintzen erantzule ere izango da.

Kritika
aldatu

Askatasun erradikalaren alde egitean, gizabanakoarengandik at dauden kanpoko faktoreak aintzat ez hartzea leporatzen zaio. Izan ere, gizakiak ezin du askatasun osoa izan bere erabakitik at dauden baldintzei lotuta badago: hala nola, bere sexua, generoa, jaiotako denbora, klase soziala eta abar.

Erreferentziak

aldatu
  1. Lur entziklopedietatik hartua.
  2. (Gaztelaniaz) «Existencia - Qué es, concepto, autores y corrientes filosóficas» Concepto (Noiz kontsultatua: 2022-05-29).
  3. Nelson, Michael. (2020). Zalta, Edward N. ed. «Existence» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2021-12-28).
  4. (Gaztelaniaz) Ferrater Mora, José. (1994). Diccionario de filosofía. (1.a. argitaraldia) Bartzelona: Priscilla Cohn Ferrater Mora ISBN 84-226-8964-2..
  5. Txantiloi:Eus Elizen arteko biblia. , Has 1, 31 or..
  6. a b (1596-1650), Descartes, René. (1997). Metodoari buruzko diskurtsoa ; Meditazio metafisikoak. Klasikoak ISBN 84-88303-47-5. PMC 863220975. (Noiz kontsultatua: 2022-05-29).
  7. Hume, David. (1993). Giza ezagutzari buruzko ikerketa. KLASIKOAK, S.A, 49 or. ISBN 84-88303-58-0..
  8. Kant, Immanuel. (1999). Arrazoimen hutsaren kritika. KLASIKOAK, S.A.
  9. «The Concept of Existence: Definitions by Philosophers» www.ontology.co (Noiz kontsultatua: 2022-05-29).
  10. (Ingelesez) Russell, Bertrand. (1903). The Principles of Mathematics. (second edition. argitaraldia) New York: W. W. Norton Company.
  11. (Gaztelaniaz) «Existencia - Qué es, concepto, autores y corrientes filosóficas» Concepto (Noiz kontsultatua: 2022-04-26).
  12. Störing, Han Joachim. (1995). Historia universal de la Filosofía. EDITORIAL TECNOS, 656-658 or..

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu