Ertebölle
Ertebölle kultura Mesolito berrantiarreko ehiztari-biltzaile-arrantzaleen kultura zen. Egungo Eskandinavia hegoaldean, Alemania iparraldean eta Polonian kokatzen zen. 8.000 cal B.P kronologian datatzen da kulturaren hasiera. Kulturaren izena izena Jutlandiako Limfjorden herrian dagoen Ertebölle herrixka txikitik dator. Egindako ikerketek kultura honetan itsasoko baliabideek zuten garrantzia azpimarratzen dute[1].
Ikerketen hasiera
aldatuErtebölle kulturaren ikerketa XIX. mendean hasi zen maskor hondakindegien indusketekin, kokkenmoddinger izenez ezagutzen direnak. Haran hauetan aurkitutako aztarna materialek Neolitikoko fase aurre-megalitiko baten existentzia iradoki zuten. Hori frogatzeko, 1893-1900 bitartean maskor hondakindegi bat industu zen Erteböllen, bere eponimoa den herrian. Indusketaren emaitzak atera arte ez zen “Ertebölle kultura” terminoa erabiltzen hasi[2].
Itsas-baliabideen kontsumoa
aldatuMaskor hondakindegietan ostra eta beste ornogabe kopuru handiez gain, arrainen eta uretako ugaztunen aztarna ugari agertu ziren. Ondorioztatu da Ertebölle kulturako taldeek itsasoko produktuak kontsumitzen zituztela nagusiki. Hau ez da soilik inguruaren aberastasun naturalaren ondorio bat. Izan ere, talde hauek modu eraginkorrean ustiatzeko gaitasuna zuten: teknika espezializatuekin eta talde-antolaketa konplexuekin[3].
Arrantza zen teknika garatuena. Tresneria ugaria zuten: masan harrapatzeko instalazioak zein arraunen bidezko ontziak. Era berean, jarduera ez hain arriskutsuak ere egiten zituzten. Adibidez, ostra eta txirlak jasotzea, foka edo beste itsas-ugaztunen arrapaketa edo anatido migratzaileen ehiza[3].
Toki ezberdinetan tranpa eta harrapakinen aztarnak agertu dira. Suedian aurkitutako tranpa batek adibidez, 45cm-ko bakailao baten aztarnak zituen oraindik. Arrantzale hauek, amuak eta punta ugariko lantzak erabiltzen zituzten baita ere.
Neolitizazioa
aldatuNeolitoa talde hauen lurretara iristean hauek aurreko bizimoduarekin jarritu zuten hasieran. K.a. 4800 inguruan, Danubioko Neolitoko tradiziotik eratorritako kultura baten talde kolonoak etxaldeak ezartzen zituzten Ertebølle kulturaren taldeen hegoaldeko mugetan. Hala ere, ikusi da mendeetan zehar haien bizimodua ez zela funtsez aldatu. K.a. 3.900 inguruan eman ziren nekazaritzaren lehen zantzuak Danimarka eta Suedian, eta 600 urteren ondoren finkatu zen guztiz[3].
K.a. 4.000. urtetik aurrera, talde hauen biztanleria asko handitu zen eta lurraldeak murritzagoak ziren. Ondorioz, mugikortasuna aldatu egin zen: ingurua oso oparoa izan arren, mugak zeuden arrantza toki eta maskortegiek jasan zitzaketen pertsona kopuruan. Horregatik, talde askok urtearen zati handi bat pasatzen zuten kokaleku iraunkorretan[1].
Ertebölleren zeramika fasea K.a. 5.200 eta 4.000 inguruan datatu da, TRB kulturaren hasierarekin amaituz[2]. Kanpoko talde kolonoen aurrean eduki zuten erreakzioa aztertuta, zeramikaren erabilera komunitatea hauekin kontaktua edukitzearen seinale izan daiteke. Zeramikaz gain, Neolitoarekin lotutako T formako aizkorak, orraziak eta hezurrezko eraztunak aurkitu dira. Eskandinabiako lehen Neolitoa TBR kulturarekin dator bat. Kultura hau, K.a. 4.500 inguruan sortzen dena, Europa zentral iparraldetik zabaldu zen laster[3].
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b Aarhus University; Philippsen, Bente; Meadows, John. (2014). «Inland Ertebølle Culture: the importance of aquatic resources and the freshwater reservoir effect in radiocarbon dates from pottery food crusts» Internet Archaeology (37) doi: . (Noiz kontsultatua: 2022-02-03).
- ↑ a b (Ingelesez) Raemaekers, Daan. (1997-12). «The History of the Ertebølle Parallel in Dutch Neolithic Studies and the Spell of the Point-Based Pottery» Archaeological Dialogues 4 (2): 220–234. doi: . ISSN 1380-2038. (Noiz kontsultatua: 2022-02-03).
- ↑ a b c d Arias Cabal, Pablo. (1997). Marisqueros y agricultores : los orígenes del Neolítico en la fachada atlántica europea : lección conmemorativa de la festividad de San Isidoro, curso 1996-1997. Servicio de Publicaciones de la Universidad de Cantabria ISBN 84-8102-180-6. PMC 39856294. (Noiz kontsultatua: 2022-02-03).