[go: up one dir, main page]

Gipuzkera

euskalkia
Erdialdeko euskara» orritik birbideratua)

Gipuzkera, giputz euskara edo erdialdeko euskara euskalki bat da, Gipuzkoako zatirik handienean (lurraldearen sartaldean dauden Debagoienean, Soraluzen eta Eibarren izan ezik) eta Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldean (zehazki esanda, Araitzen, Basaburuan, Larraunen eta Imotzen) hitz egiten dena.

██ Erdialdeko euskara
Erdialdeko euskara edo gipuzkerak 2015ean duen hedadura erakusten duen mapa.

Gipuzkera euskalki historiko nagusietakoa izan da, eta literatura hizkuntza izan da XVIII. mendetik aurrera. Lapurtera eta goi-nafarrerarekin zerikusi nabarmena dauka, nahiz eta bizkaieraren kutsu bat ere baduen. Euskara batua neurri handi batean gipuzkeran oinarrituta eratu zen, gipuzkerak zuen (eta duen) prestigioagatik eta, erdialdeko euskalkia izanik, gainerako euskalkien hiztunentzat ulergarriena zelako.

Gipuzkeraren eremua

aldatu

Gipuzkera ez da Gipuzkoa osoan hitz egiten: Deba ibaiaren arroan, Leintz-Gatzagatik Elgoibarreraino, bizkaieraz mintzatzen dira hango euskaldunak. Gipuzkoako gainerako lurretan eta Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldean (zehazki esanda, Araitzen, Basaburuan, Larraunen eta Imotzen), gipuzkera da nagusi.

XVII. mendetik XX. mendearen azkenalderaino, Gipuzkoako ipar-ekialdean —Oiartzun eta Bidaso ibaien arroetan— gehienbat goi-nafarreraz mintzo ziren (XVIII. mendearen hasieratik aurrera, gipuzkeraren eragin handiarekin), baina Beterriko gipuzkera nagusitua da han ere orduz geroztik, bereziki gazteen artean.[1]

Azpieuskalkiak

aldatu

Hiru azpieuskalki eta sei hizkera egin daitezke euskalki horren barruan. Hauexek dira azpieuskalkiak: sartaldekoa, erdigunekoa eta sortaldekoa. Sartaldekotik erdigunekora gaur egun ez dago hainbesteko alderik; sortaldekoa bereziagoa da. Hizkera bi daude sartaldean: Urolaldekoa eta Goierrikoa. Erdigunean ere beste hizkera bi daude: Beterrikoa eta Tolosaldekoa. Sortaldean ere hizkera bi daude: Errenteria, Lezo, Oiartzun, Hondarribia, Irun eta Aranokoa (Beterriko euskararen eragin handikoa), iparraldean, eta Araitz, Larraun, Basaburua eta Imotz ibarretakoa, hegoaldean.[2]

Ezaugarriak

aldatu

Ezaugarri fonetiko eta morfologikoak:[3]

  • Bokal alternantziak:[4]
    • a/e: beste euskalkiek izan aditz laguntzailearen orainaldian «a» dute; gipuzkeraz, ordea, «e». Konparazio batera: gara > gera, zara > zera, zarete > zerate.[5]
    • e/i. Adibidez: ageri > agiri, edeki > idigi/idegi/idoki.[5]
  • Hiato markatua, kontsonante bat tartekatuz, iparraldeko gipuzkerako hizkeretan: buruba, ogidda/ogidxa/ogija/ogixa. Hegoaldeko gipuzkeran, burue eta ogie.
  • Bokalak batzea: zaharra > zarra.
  • Palatalizazioa. Euskara batuan aukerakoak diren palatalizazioak, nahitaez egin beharrekoak izaten dira gipuzkeran: aditu > a(d)ittu, egina > e(g)iña, ilargi > illargi.
  • j, gaztelaniaz bezala ahoskatzen da (gizajo hitzean egiten den eran), eta ez euskara batuan eta euskalki gehienetan bezala (jadanik hitzean egiten den eran).
  • h ez da ahoskatzen, mutua da.
  • Ez dira bereizten absolutibo plurala (euskara batuko -ak) eta ergatibo plurala (-ek), denak -ak egiten baitira, azentua gorabehera.
  • Menpeko esaldi guztiak markatzen dira: etorri den gizona nire aita da.

Gaur egun gipuzkera, beste euskalkien antzera, euskara batura ari da lerratzen, hedabideek eta literaturak duten indarragatik. Gainera, euskara batua neurri handi batean gipuzkeran oinarritu zenez, hurbilen duen euskalkia da.

Erreferentziak

aldatu
  1. Koldo Zuazo (1997): «Oiartzungo hizkeraren kokagunea», in Fontes linguae vasconum: Studia et documenta, 76. zenbakia, 397-426. orrialdeak.
  2. Koldo Zuazo: Euskalkiak.com.
  3. «Euskalkien egungo sailkapena», Hiru.com webgunean.
  4. Aurreko aipuko web orrian eta beste hainbatetan, hau aipatzen da: a/e (burua > burue). Hala ere, oker nabarmena da, Goierriko gipuzkeraren ezaugarria baita hori, eta ez gipuzkera osoarena.
  5. a b Txillardegi eta beste (1987): Euskal dialektologiaren hastapenak, Udako Euskal Unibertsitatea. ISBN 84-86644-00-3.

Kanpo loturak

aldatu