Eskolastika Mendizabal Imatz
Eskolastika Mendizabal Imatz (Bermeo, Bizkaia, 1863ko otsailaren 10a - ibidem, 1969ko maiatzaren 14a) emakume jakituna izan zen, euskara baino ez zekien eta eskolatu gabea zen, baina liluratu egin omen zuen Elbira Zipitria andereñoa.[1] Bizkaiko amama izengoitia jarri zion Gotzon Garitaonandiak.
Eskolastika Mendizabal Imatz | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Bermeo, 1863ko otsailaren 10a |
Herrialdea | Bizkaia |
Heriotza | Bermeo, 1969ko maiatzaren 14a (106 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara |
Jarduerak | |
Izengoitia(k) | Bizkaiko amama |
Biografia
aldatuEskolastika Mendizabal Imatz “Bizkaiko amama” 1863ko zezeilaren 10ean jaio zen Mañuko (Bermeo) Irezabaleta baserrian eta 106 urterekin hil zen,1969ko maiatzaren 14an Mañun, bere baserrian. Euskara baino ez zekien eta eskolatu gabea zen, baina oso jakituna ei zen eta haren kondairak eta euskara aberatsak erabat liluratu zuen Elbira Zipitria andereño aitzindaria.[2] Bere ikastolako haurrak ere eraman ei zituen “Bizkaiko amama”renera, Mañura, haren berbak entzun zitzaten.[3][4]
Bizimodu gogorra izan zuen, jaio eta gutxira hil zitzaion ama eta beste andra batekin ezkondu zen haren aita. Hark bigarren emaztearekin hainbat seme-alaba izan zituen eta neba-arrebak zaintzen eta etxeko beharretan gogor aritu behar izan zuen Eskolastikak. Mañuko Karmengo eleiza (1888) eraikitzen ere berak lagundu ei zuen. Buru gaineko sorkia jarri eta otzara bete harri hartuta Bermeora bidaiak egiten, gora eta behera ibiltzen ei zen, eleiza eraiki zutenean. Buru gainean bendeja ere jarrita (bildotsa, esaterako) joaten ei zen Bermeoko nahiz Bilboko plazetara.
Faustino Abaroarekin ezkondu zen eta 3 seme eta 5 alaba izan zituen. Senarra baina, gazterik hil zitzaion eta berak atera behar izan zuen familia aurrera. Gotzon Garitaonandia apaiz euskaltzalearekin harreman sendoa izan zuen. Izan ere, abadea Irezabaleta baserrian Eskolastika eta Abaroa sendiarekin bizi izan zen zazpi bat urtetan, hil zen arte. Garitaonandiak jarri ei zion “Bizkaiko amama” izengoitia eta haren bidez ezagutu zuen Elbira Zipitriak ere Eskolastika. Mañuko Karmengo eliza zaintzeko ardura izan zuen urte askotan. Ondoren, bere semeak egingo zituen sakristau lanak eta gaur egun haren ilobek, Juan Abaroak eta Iziar Abaroak, dute ardura hori.
Erreferentziak
aldatu- ↑ «Elbira Zipitria Mañun dago lurperatuta - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2024-06-06).
- ↑ «Elbira Zipitria euskal pedagogiaren aitzindariari eskainitako dokumentala, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en» EITB 2023-02-13 (Noiz kontsultatua: 2024-06-06).
- ↑ Mañua. 2023-01-22 (Noiz kontsultatua: 2024-06-06).
- ↑ «Elbira» primeran.eus (Noiz kontsultatua: 2024-06-06).