[go: up one dir, main page]

Calagurris[1] egungo Calahorran eratutako erromatar hiria izan zen. Hiria antzinako zeltiberiar, beroi edo baskoi herrixkan sortu zuten.

Calagurris
Bertan topaturiko as bat.
Datuak
Eskualde historikoHispania
Erromatar Inperioko probintziakHispania Tarraconensis
Conventus iuridicusKomentu zesaraugustoarra
Koordenatuak42°18′02″N 1°57′29″W / 42.300586°N 1.95815°W / 42.300586; -1.95815
Map
Historia
GaraiaErromatar Inperioa
KulturaErromatarrak

Hiri indigena

aldatu

K.a. II. mende inguruan, Katon izeneko erromatar jeneralak Ebro haraneko herriekin aliantza sinatzea lortu zuen. K.a. 179an, Luzio Manlio Azidino Fulviano prokontsula zela, Calagurris zeltiberiar herrixka zela zioten. Hala ere, hau zalantzazkoa da, orduko historialari batzuek (Ptol. 2, 6, 67. Str. 3, 4, 10) baskoia zela esaten baitzuten. Baina, Tito Liviok Vasconum ager edo baskoien lurraldeak deskribatu zituenean, ez zuen Calagurris aipatu. Edonola ere, K.a. 76 Estrabonek bere lana idatzi zuenean, herrixka jada baskoia zen. Adituek aldaketa Sertorioren gerraren amaierarekin gertatu zela uste dute. Gerran, baskoiek Ponpeioren alde egin zuten eta Calagurrisek, berriz, Sertorioren alde egin zuen, baita hura hil ondoren ere. Orduan Calagurrisen ekialdean zeuden eremuak, Cascantum eta Graccurris hirien menpean zeudela, jada baskoiak ziren gerran.[2]

K.a. I. mendetik k. o. II. mendera, hiria baskoia zen zalantza barik eta hori adierazteko Estrabonera (Str. III, 4, 10) edo Ptolomeora (Ptol.2.6.66) jo dezakegu. Kalagurris toponimoaren etimologia bera eta beste ezaugarriak kontuan hartuta, Ramírezek, Gómez Frailek, Velazak edo beste adituek jatorriz baskoia zela esan dute. Kalakorikos, berriz, hiritarren etnonimo zelta ematen du, numismatikan erabilia. Villarren ustez, berriz, toponimoa zen.

Kalakorikos, Ebro haranaren erdialdean hiri nagusienetariko bat izan zen. Tito Livioren (Liv. frag. XCI) arabera, Sertorioren gerran, K.a. 75 eta K.a. 74 artean, Sertoriok zubi bat eraiki zuen Pompeio eta Meteloren aurka bere aliatua zen hiri horretan. K.a. 72an, hauek hiria setiatu egin zuten, baina bertakoek eutsi eta kanibalismora ere jo zuten hiria errenditu baino lehen. Salustioren kronikan agertzen den ekintza horrek Erroman fames calagurritana edo Calagurrisko gosearen kondaira sortu zuen. Livioren testuaren interpretazioak hiriaren osaketa etnikoaren egungo zalantzak sortu ditu.[2][3][4][5]

Izenaren inguruan

aldatu

Hiriaren izenaren inguruan asko idatzi da, hiria, erromatar konkistaren garaian zeltiberiarren, beroien edo baskoien esku zegoen argitu ahal izateko.

Calahorraren izenaren antzinateko forma lehen aldiz, Sertorioren gerraren (K.a 83-K.a. 72) garaian agertzen da, zeltiberiar idazkerak idatzitako txanponetan. Txanponen legendan, Kalakorikos forma irakurri izan da, baina kontuan hartuta zeltiberiar zeinu-multzoak ez duela K/G ez eta R/RR bereizten, irakur daitekeen inskripzioa hautako bat izan daiteke: Kalakorikos, Kalagorrikos, Kalagorikos eta Kalkorrikos. KOS ondo irakurtzen da, -KO gentilizioak eta etnikoak osatzeko zeltiberiar atzizkia da, eta -S zeltiberiar hondarkia. Beraz, txaponetan agertzen diren morfema bi horiek zeltiberiarrak dira, baina hiriaren edo herriaren izena beste hizkuntza batean osatuta egon daiteke. Javier Velaza nafar epigrafistarentzat jatorrizko hiriaren forma Kalagorri zen, eta izena, hipotetikoki, eusko-akitanierarekin lotu daiteke.[6]

Calagurris Nassica Iulia

aldatu

Erromatarrek hiria berreraiki egin zuten jatorrizko gunean eta ekialdean. Erromatar garaia oso mesedegarria izan zen hirirako. Calagurris jatorrizkoak 171. urtean Nassica izendapena lortu zuen, Publio Kornelio Eszipion Nasika kontsulak hala aginduta. Julio Zesarrek, konkista izan eta gero, Iulia izendapena gehitu zion I. mendearen erdian. Hiriak Erromarekiko zuen leialtasuna hain zen ospetsua, ezen Augustok bere guardia osatzeko bertako soldaduak baino ez zituen nahi. Gainera, destakamentu bat ere lizentziatu zuen,[7] eta hiriari municipium civium Romanorum izeneko erregalia eman zion, hiritarrei erromatar hiritargo osoa eman ziena.

Hiria harresietatik at zabaldu zen, harana menpean zuen muinoraino ere bai, eta zenbait eraikin publiko, zirkua tartean, kanpoan eraiki behar izan zuten. Orduko Calagurrisek erromatar hiri nagusiek zuten eraikin publiko guztiak zituen: tenpluak, foroak, termak, antzerkiak, anfiteatroa eta abar. Eskualdeko justizia-gunea ere izan zen.

Bere garrantzi estrategikoari esker, konkistatik pasatu eta berrogei urtera, txanpon-etxe bilakatu zen. Hiru alditan egin zituzten txanponak hirian: Sertorioren gerran, Augusto eta Tiberioren agintaldietan eta, bisigodoen garaian, Suintilaren erregealdian.

Calahorran kristautasunari buruzko lehenengo aipamena, gero hiriaren zaindariak izango ziren Emeterio eta Zeledonio erromatar legionarien martiritzarena izan zen. Hori III. mendearen amaieran gertatu zen, agian Diokleziano edo Valerianoren jazarraldietan.

Hiria Antoninoren Ibilbidean agertu zen.[8]

Hiritar ezagunak

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak
  2. a b Amela Valverde, Luis. (2002). Kalakorikos. , 31-50 or..
  3. Blázquez Martínez, José María. Los vascos y sus vecinos en las fuentes literarias griegas y romanas de la Antigüedad. .
  4. Schulten, Adolf. Las referencias sobre los Vascones hasta el año 810 después de J.C.. .
  5. Gómez Fraile, José María. (2001). «Sobre la adscripción étnica de Calagurris y su entorno en las fuentes clásicas» Kalakorikos (6).
  6. Velaza, Javier. (1998). «Calagori: cuestiones en torno al nombre antiguo de Calahorra» Kalakorikos: Revista para el estudio, defensa, protección y divulgación del patrimonio histórico, artístico y cultural de Calahorra y su entorno (3): 9–18. ISSN 1137-0572. (Noiz kontsultatua: 2024-07-20).
  7. Suetonio Tranquilo, C.. Divus Augistus. I, 121 or..
  8. Tovar, Antonio. (1989). Iberische Landeskunde. Zweiter Teil. Die Völker und die Städte des antiken Hispanien. , 380-381 or..

Kanpo estekak

aldatu