[go: up one dir, main page]

Burgosko prozesua edo Burgosko auzia 1970eko abenduaren 3an Burgosen auzitegi militar batek ETAko hamasei kideri egindako epaiketa guztiz sumarioa izan zen. Hiru pertsona hil izana leporatzen zieten, eta epaiketaren bukaeran, akusatuetako seiri heriotza zigorra ezarri; hala ere, heriotza zigor horiek ez ziren bete, horien ordez, Francoren Ministro Kontseiluak kartzela zigorrez ordezkatu baitzituzten.

Burgosko prozesua
MotaGerra-kontseilu
Denbora-tarte1970eko abenduaren 3a - 1970eko abenduaren 9a
KokalekuBurgosko probintzia
HerrialdeaFrankoren diktadura
Josep Solé i Barberà (en) Itzuli
Jose Antonio Etxebarrieta
Miguel Castells
Gregorio Peces-Barba
Francisco Letamendia
1971ko Erresuma Batuko dokumentala. Bertan, beste informazio artean, Burgosko prozesuaren aurka Madrilen egindako manifestazio baten errepresioa ikus daiteke.

Euskal Herrian sekulako oihartzuna izan zuen: etengabeak izan ziren protesta ekintzak eta greba orokorra ere egin zen; era berean, mundu guztian barrena ere mobilizazioak eta elkartasun ekitaldiak antolatu ziren.

Eusko Abertzale Laguntzak ordaindu zituen prozesuak epaituei eragin zizkien gastu guztien % 90.[1]

Burgosko prozesua izan zen Diktaduraren historian mobilizazio handienak sortarazi zituen gertaera. Protestak Espainian ez ezik, atzerrian ere ugari izan ziren. Greba eta manifestazio asko izan zen eta Gobernuak salbuespen-egoera ezarri behar izan zuen. Baina protesta-ekintza horiek guztiak gainditu egin ziren handik bost urtera ETA eta FRAPeko kideen hilketen ondorioz.

Gertakariak

aldatu

Epaitutako gertakariak hauek ziren:

  1. 1968ko ekainaren 7an, bidean jarritako kontrol batean, José Pardines guardia zibila hil izana.
  2. 1968ko abuztuaren 2an, Melitón Manzanas hil izana, Donostiako polizia etxeko Gizarte Ikerketako Brigadako (polizia politikoa) buru eta torturatzaile ezaguna zena.
  3. 1969ko apirilaren 9an, Fermín Monasterio Pérez taxilaria hil izana. Aurreko biak ez bezala, ez dago garbi ETAk hil ote zuen, etakideen eta polizien arteko tiroketa batean bala galdu batek hil baitzuen.
  4. Beste delitu batzuk egin izana —hala nola, atentatuak eta lapurretak, guztira 30 milioi pezetatik gora biltzeko bidea eman zietenak—, bai eta delitu horietan guztietan lagundu izana edo estali izana.

Auziaren garrantzia

aldatu

Epaitutakoak hamasei pertsona ziren eta haientzat eskatzen ziren zigorrak ere asko ziren: 6 heriotza zigor eta 752 espetxe zigor. Auziaren oihartzuna ere ez zen makala izan. 1970eko abenduaren 1ean, ETAk Montorin Eugen Beihl Schaeffer bahitu zuen —Alemaniako Errepublika Federaleko kontsula—, eta haren patua 16 prozesatuenarekin lotuko zutela zabaldu zuten. Horrela, nazioarteko interesa erakarri zuen Burgosko prozesuak.

Beste alderdi garrantzitsu bat Elizaren presentzia izan zen. Akusatuetako bi apaizak ziren, eta Eliza Katolikoak arreta berezia eskaini zion epaiketari. Gainera, Euskal Herriko elizako kide ugari ari ziren frankismoaren kontra, eta lokalak utzi zituzten bilerak edo protestak egiteko, sermoietan aipamenak egiten zituzten, eta abar. Argitaratu zituzten testuetatik ezagunena azaroaren 22ko artzain gutuna dugu, Donostiako gotzain Jacinto Argaiak eta Bilboko gotzain Jose María Cirardak sinatua.

Abenduaren 12an, Katalunian 300 artista eta intelektualek itxialdia hasi zuten Montserrateko abadian, amnistia, askatasuna eta autodeterminazio eskubidea eskatzeko. Abenduaren 14an utzi zuten abadia, hango fraideei kalte ez egitearren.

Protestak han eta hemen ugaritu ziren, lantokietan, unibertsitatean... Abenduaren 4an Burgosko prozesuaren aurka Eibarren egindako manifestazio batean Espainiako poliziak Roberto Pérez Jauregi gaztea balaz zauritu zuen eta lau egunetara hil zen.

Zigorrak

aldatu

Eguberrietan, ETAk kontsula askatu zuen eta abenduaren 28an epaia jakin zen: ez ziren fiskalak eskatutako sei heriotza zigorrak, bederatzi baizik; eta kartzela zigorrak ere fiskalak eskatutakoak baino gogorragoak ziren. Berehala hasi ziren indultua eskatzeko ahaleginak.

Abenduaren 29an Erreinuko Kontseilua bildu zen, eta hurrengo egunean, Ministro Kontseiluak azkenean indultua eman zuen: heriotza zigorren ordez, kartzela zigorrak ezarri zituen.

Ondorengoak eta ondorioak

aldatu

ETAri eskarmentua emateko pentsatutako epaiketa frankismoari egindako auzi bihurtu zen.

Alemaniako Errepublika Federaleko kontsularen bahiketa erabakigarria izan zen, nazioarteko arreta lortzeko orduan. Estatu horrek harreman ekonomiko sendoak zituen Espainiarekin eta heriotza zigorrak gerarazteko presioak egin zituzten. Honek eta Eliza Katolikoak izandako inplikazioak zigor haiek bertan behera uztera behartu zituzten.

Burgosko epaiketan auziperatutako Mario Onaindia eta Eduardo Uriarte Euskadiko Ezkerrako buru izango ziren ondorenean eta PSE-EE geroago. Jokin Gorostidi eta Itziar Aizpurua, berriz, Herri Batasunako kide izango ziren eta Antton Karrera Ezker Batua Berdeak alderdian sartuko zen.

Epaiketaren emaitza Euskal Herriaren garaipentzat hartu zuen euskal gizarteak, eta luzaroan ospe handia izan zuen Telesforo Monzonek idatzitako Irabazi dugu abestiak:[2]

« Irabazi, irabazi dugu,

odolez ta malkoz irabazi dugu.
Irabazi, irabazi dugu,
burdinen atzetik irabazi dugu.

Hi, gudari, herriko zaindari,
Gernikako sua begietan argi...
hau loria, Burgosko auzia,
ezpatari nausitu zaio herria.

»

Abesti horretan, ezpata eta herria jarri zituen aurrez aurre Monzonek, epaiketako uneetako bat agertuz, Mario Onaindiak «Gora Euskadi askatuta!» oihu egin zuelarik, gainerako akusatuak Eusko gudariak abesten hasi ziren, eta aretoan zeuden militarrek ezpatak atera zituztenean.[2]

Epaituak

aldatu
kondenen kuadroa
Izena Eskatutako sententzia Ebazpena Gerora
Teo Uriarte
Ikaslea, 25 urte
heriotz zigorra - 90 urteko kartzela zigorra 2 heriotza zigor - 30 urteko kartzela zigorra - 1.000.000 pta Euskadiko Ezkerraren sortzaileetakoa izan zen, eta egun PSE-EEn dago.
Unai Dorronsoro
Irakaslea, 29 urte
heriotz zigorra heriotza zigorra - 1.000.000 pta EMK-ko kidea.
Mario Onaindia
Bankuko langilea, 22 urte
heriotz zigorra - 60 urteko kartzela zigorra heriotza zigorra - 51 urteko kartzela zigorra - 1.000.000 pta Euskadiko Ezkerraren sortzaileetakoa; gero, hil arte PSE-EEn aritu zen.
Jokin Gorostidi
Mekanikaria, 30 urte
heriotz zigorra - 50 urteko kartzela zigorra 2 heriotza zigor - 30 urteko kartzela zigorra - 1.000.000 pta Herri Batasunako eta Batasuneko kidea izan zen.
Xabier Izko de la Iglesia
Inprimalaria, 29 urte
heriotz zigorra - 75 urteko kartzela zigorra 2 heriotza zigor - 27 urteko kartzela zigorra - 1.000.000 pta Euskadiko Ezkerreko kidea.
Xabier Larena
Ikaslea, 25 urte
heriotz zigorra - 40 urteko kartzela zigorra heriotza zigorra - 30 urteko kartzela zigorra - 1.000.000 pta Euskadiko Ezkerreko kidea.
Josu Abrisketa (Txutxo)
Kimikaria, 21 urte
70 urteko kartzela zigorra 62 urte eta egun bateko kartzela zigorra ETA pm-ean aritu zen eta Kubara erbesteratu zuten. Bertan bizi eta lan egiten du.
Enrique Gesalaga
Teknikaria, 27 urte
70 urteko kartzela zigorra 50 urteko kartzela zigorra Oinarrizko sindikalista izan zen.
Jon Etxabe
Apaiza, 37 urte
70 urteko kartzela zigorra 50 urteko kartzela zigorra LKI eta STEE-EILASko kidea.
Bittor Arana
Montatzailea, 27 urte
70 urte eta 6 hilabeteko kartzela zigorra 70 urteko kartzela zigorra CC.OO.ko kidea.
Gregorio López Irasuegi
Ikaslea, 24 urte
30 urteko kartzela zigorra 30 urteko kartzela zigorra Euskadiko Ezkerra eta Herri Batasuneko kidea. 1988an hil zen.
Ione Dorronsoro
Musika irakaslea, 31 urte
54 urteko kartzela zigorra 50 urteko kartzela zigorra EMKko kidea izan zen.
Itziar Aizpurua
Piano irakaslea, 27 urte
15 urteko kartzela zigorra 15 urteko kartzela zigorra Herri Batasunako eta Batasuneko kidea izan zen.
Antton Karrera
Agronomoa, 27 urte
12 urteko kartzela zigorra 12 urteko kartzela zigorra CC.OO., LKI eta Ezker Batuko kidea.
Arantza Arruti
Irasuegiren emaztea eta frantses-irakaslea, 24 urte
absoluzioa Ezker abertzaleko hainbat erakundetan ibili zen.
Julen Kaltzada
Apaiza, 35 urte
6 urteko kartzela zigorra eta 100.000 pta 12 urteko kartzela zigorra Euskara irakaslea izan zen eta AEK-ko arduradun nagusia urte askotan.

Erreferentziak

aldatu
  1. Ainhoa Arozamena Ayala: Eusko Abertzale Laguntza, Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  2. a b «Burgosko prozesuak, gaur 40 urte»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2010-12-02.

Bibliografia

aldatu

Burgos: Juicio a un pueblo. Zarautz: Hordago ISBN 8470990403..

Le procès de Burgos (Gallimard, 1971) - Gisèle Halimi

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu