[go: up one dir, main page]

Bledisloe Kopa (ingelesez: Bledisloe Cup) errugbi txapelketa da, urtero Zeelanda Berriko eta Australiako selekzioek jokatzen dutena. Zeelanda Berriko gobernadore izandako Lord Bledisloeren izena darama, hark eman baitzuen kopa 1931n. 1932an hasi zen jokatzen, eta Zeelanda Berriak lortu du garaipen gehien.

Bledisloe Kopa
Bledisloe Cup
Sorrera 1931
Taldeak Australia Australia
Zeelanda Berria Zeelanda Berria
Garaipen gehien Zeelanda Berria Zeelanda Berria (52)
Txapelduna Zeelanda Berria Zeelanda Berria (2024)

Historia

aldatu
 
2017ko Zeelanda Berriaren eta Australiaren arteko partida.

Bledisloe Koparen lehenbiziko edizioa zein izan zen eztabaidan dago: Australian Rugby Union-en arabera, 1931koa izan zen, eta 1932koa New Zealand Rugby Union-en iritziz. Maiztasun finkorik gabe jokatu zen 1981 arte, bi selekzioek egiten zituzten birak baliatuz. Urte horietan, Zeelanda Berriak 19 aldiz irabazi zuen kopa, eta Australiak 4 aldiz.

1982tik 1995era, urtero jokatu zen, batzuetan partida bakarrera, eta beste batzuetan hiru partidatara. Hamalau urte horietan, Zeelanda Berriak 11 garaipen lortu zituen, eta Australiak 3. 1996an, Tri-Nations txapelketaren barnean jokatzen hasi zen. 1998 arte, selekzio bakoitzak txapelketako partida bana irabazten zuelarik, hirugarren norgehiagoka bat jokatzen zen irabazlea erabakitzeko. 1999tik 2005era berriz, berdinketa gertatu ezkero, koparen jabeak beste urte batez atxikitzen zuen. 2006tik aurrera, Tri-Nationsen formatua aldatu baitzen, bi selekzioek hiru neurketa jokatzen zituzten elkarren aurka. Errugbia promozionatu nahian, 2008an partida bat Hong Kongen jokatu zuten, eta 2009an Tokion. Berrikuntzak, ordea, ez zuen jarraipenik izan.

2012an, Argentinako selekzioa The Rugby Championshipen sartu zen. Harrezkero, Australiak eta Zeelanda Berriak bi partida bakarrik jokatzen dituzte elkarren kontra txapelketa horretan. Selekzio bakoitzak neurketa bana irabazten badu, aurreko urteko garaileak eutsi egiten dio Bledisloe Kopari.

2020. urtea berezia izan zen, COVID-19 pandemiak txapelketa jokatzea zalantzan jarri baitzuen. Horren ondorioz, aurretik bi partida jokatu ziren, aurrenekoan 16-16 berdinketa izan zen, eta bigarrenean All blacks-ak gailendu ziren. Ondoren txapelketako partida bakoitza selekzio batek irabazi zuen. Horrela, beraz, lau partiden emaitzak kontuan hartu ziren txapelduna izendatzeko.

Palmaresa

aldatu
Taldea Garaipenak Urteak
Zeelanda Berria  Zeelanda Berria 52 1932, 1936, 1938, 1946, 1947, 1951, 1955, 1957, 1958, 1962, 1962, 1964, 1967, 1968, 1972, 1974, 1978, 1982, 1983, 1984, 1985, 1987, 1988, 1989, 1990, 1991, 1993, 1995, 1996, 1997, 2003, 2004, 2005, 2006, 2007, 2008, 2009, 2010, 2011, 2012, 2013, 2014, 2015, 2016, 2017, 2018, 2019, 2020, 2021, 2022, 2023, 2024
Australia  Australia 12 1934, 1949, 1979, 1980, 1986, 1992, 1994, 1998, 1999, 2000, 2001, 2002

Kanpo estekak

aldatu