[go: up one dir, main page]

Bazkidea sozietate baten kontratuko zati bakoitza eskuratzen duen pertsona da. Kontratu horren bidez, bazkide bakoitzak kapital jakin baten ekarpena egiteko konpromisoa egiten dio sozietateari, etorkizunean etekin ekonomikoak lortzeko helburuz.

Horretaz gainera, negozio jarduera bat garatzeko elkarrekin lan egiten duten norbanakoei ere bazkide deritze, edozein izanik ere sozietatearen izaera juridikoa.

Bazkideen eskubide eta betebeharrak

aldatu

Legeak bazkideei zenbait eskubide ematen dizkie kide diren sozietatearen kudeaketan, baina eskubideak egoera zehatzaren eta aukeratutako sozietate-formaren araberakoak izango dira.

Bazkideek parte hartzeko bi modu antagoniko daude:

  • Partaidetza paritarioa: Bazkide guztiak berdinak dira eta eskubide berberak dituzte (boto bat bazkide bakoitzeko). Klub edo kooperatiba baten kasua da. Kooperatibetan bazkideen eskubideak legeak zehazten ditu, adibidez Euskal Autonomia Erkidegoko legeak[1].
  • Ekarpenaren araberako partaidetza: Kapital gehien eman duen bazkideak erabakitzeko gaitasun handiagoa du. Merkataritza-sozietate baten kasua da.

Bi aukera horien artean, bitarteko forma ugari daude.

Sozietate motaren arabera, boto-eskubideak partaidetza-organoetan erabiltzen dira, hala nola Akziodunen Batzar Nagusian.

Bazkide motak

aldatu

Sozietatearen zorren aurrean duten erantzukizunaren mugaren arabera, bazkideak honako hauek izan daitezke:

  • Erantzukizun mugatuko bazkideak: Sozietate anonimo edo erantzukizun mugatuko sozietate batean, legeak mugatu egiten du bazkideen erantzukizuna sozietateari eman behar izan dioten kapitalaren zenbatekora. Kopuru horretatik harago, enpresa hartzekodunen konkurtso egoeran sartuko balitz, ezin izango litzaieke ezer eskatu.
  • Erantzukizun mugagabea duten bazkideak: Sozietatearen zorren erantzule dira, egungo eta etorkizuneko ondare guztiarekin.

Erreferentziak

aldatu
  1. «Euskadiko kooperatiben Legea» www.euskadi.eus 2017-03-28 (Noiz kontsultatua: 2023-04-03).

Kanpo estekak

aldatu