Basakatu
Basakatua (Felis silvestris) felido haragijale ugaztun txiki bat da, Europako bigarren felido basatia katamotzaren atzetik. Afrika, Asiako mendebaldea eta Europan bizi da. Animalia txikiak ehizatzen ditu, euren artean ugaztun eta txori txikiak. Basakatuak euren esparru naturalean sabana, baso ireki eta estepatan bizi ahal dira. Katurik gehienak marroiak dira marra beltzekin, 50 eta 80 cm artean neurtzen dute eta 3tik 6 kilogramorako pisua dute. Afrikar subespezieak txikiagoak izan ohi dira.
Basakatu | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Carnivora |
Familia | Felidae |
Generoa | Felis |
Espeziea | Felis silvestris Schreber, 1777 |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Ernaldia | 65 egun |
Habitat | sabana eta baso |
Eguneko zikloa | gaueko |
Arazo asko ditu bere kontserbaziorako. Habitat galera dago alde batetik. Gainera jazarpen gogorra jasan du gizakiaren aldetik oilategietan egindako erasoengatik, nahiz eta ikerketa batzuk etxeko katuek eta hibridoek eraso gehiago egiten dituztela argitu duten, basakatuek gizakiaren presentziarekiko mesfidantza handia baitute.
Azkenik hainbat lekutan hibridazio arazo larriak ditu eta arrazaren purutasuna galtzen ari da, Euskal Herrian kasu. Etxeko katu asko basora jo eta basati bihurtu dira. Hau dela eta, arazo larria sortu da katu hibridoak sortzen direlako eta espezie basatia pixkanaka galtzen delako.
Ezaugarriak
aldatuTigre itxurako katu handia da basakatua, 540mm inguruko gorputz luzerakoa eta, 3,5 kg ingurukoa emeen kasuan eta 5 kg ingurukoa arrenean. Katu sendoa da nahiko hanka motzekoa eta buru sendokoa. Aipatzekoak dira bere bibote mardulak, aurpegi zapaldua eta haragi koloreko muturra. Ilajea arre-grisaxka du, eta lerro beltzak buru, enbor eta gorputz-adarretan. Isatsaren hasieran amaitzen den lerro nabaria du bizkarrezurraren zona zerbikaletik lunbarrera. Buztana 300mm inguruko luzerakoa da eta punta beltzean amaitzen da, tartean 3-5 eraztun beltz izan ditzake.
Banaketa
aldatuEuropa osoan banatzen da baina hutsuneekin: Iberiar penintsula osoan zehar, Frantzia ipar-ekialdean Alemaniarekin mugan, Eskozian, Italian, Grezian, Ekialdeko herrialdeetan, Turkian eta Kaukasoko mendikate osoan zehar, Itsaso Beltzaren eta Kaspiar itsasoaren artean. Halere hainbat lekutako populazioak ez dira ezagunak oraindik. Bestalde Afrikako kontinente osoan zehar banatzen da (Sahara gehiena eta eta ekuatoreko oihan hezeak kenduta). Ekialde Hurbilean eta Arabian ere aurkitu daiteke, eta baita Iranetik India iparralderaino eta Txina mendebalderaino ere.
Euskal Herri osoan zehar banatzen da nahiz eta hutsunetxo batzuk agertzen diren.
Habitata
aldatuBasakatua ia edozein habitatetan aurkitu daiteke, baina baso inguruak ditu gustukoen. Hainbat ikerlarik baso misto hostogalkorrekin erlazionatu dute basakatua, eta hauen kontserbazioa lehentasunezkotzat jo dute basakatuaren kontserbaziorako, baina praktikan basakatua ia edozein habitatetan aurkitu daitekeela ikusi da: sastrakadi mediterraneotan, hezegunetan eta baita landa ingurune eta ingurune oso degradatuetan ere.
Elikadura
aldatuBatez ere karraskariek osatzen dute basakatuaren dieta. Beste harrapakin posibleak anfibio, narrasti, hegazti eta ornogabe txikiak dira. Hauen garrantzia ordea oso txikia da karraskariekin alderatuz, oso portzentajea txikiak betetzen dituztela ikusi da eginiko hainbat ikerketatan; hegaztiak dira garrantzi dezentea izatera iritsi diren bakarrak zenbait lekutan elikaduraren %20raino iritsi baitira. Karraskarien garrantzi ikaragarria ikusirik espeziearentzako funtsezko errekurtsotzat kontsidera daiteke.
Ugalketa eta ontogenia
aldatuBasakatuak urtarrila eta martxoa artean sartzen dira araldian, honek 2-8 egun irauten ditu baina udan berriro sar daitezke abuztu inguruan. Bi hilabete pasatxoko haurdunaldia eta gero 3-4 kumeko batez besteko kumaldiak izaten dituzte.
3 hilabeteko adinarekin katuak jada bere amarekin ehizatzera irteten dira eta negua iristerako independizatzen dira. 10 hilabeterekin heldutasun sexuala lortzen dute, eta emeak lehenengo urtean erreproduzitzen dira. 15 urteko adinera iritsi daitezke gatibutzan behintzat.
Bizimodua
aldatuAraldiko garaian kenduta, espezie bakartia da basakatua. Arrak azalera handiagotan (50 km²-raino) mugitzen dira emeak (2-6km² artean) baino. Normalean ar eta emeen lurrak gainezartzen dira.
Batez ere iluntzeko eta gaueko jarduera du basakatuak baina ez da arraroa egunez mugitzea ere urteko edozein garaitan. Neguan eta eguraldi txarrarekin argi orduak aprobetxatu ohi ditu ehizarako, adibidez. Elurte gogorren kasuan basoan barrena sartu ohi da estaldura handiko lekuetara babes bila. Beren lurrak zelatatu eta zaintzen dituzte, batez ere leku garrantzitsuenak, eta marka usaintsu eta agerikoekin seinalizatzen dituzte: adibidez gorotzak uzten dituzte bideetan zehar begi-bistako lekuetan.
Basakatuek harrapakinak jarraituz edo zelatan egon eta nahikoa gertu dagoenean erasotuz ehizatzen dute.
Espezieen arteko elkarrekintzak
aldatuBasakatuaren etsai natural bakarrak felido handiagoak dira ipar-katamotza Europan eta iberiar katamotza Iberiar penintsulan. Hegazti harrapari handi batek ere ehiza dezake basakaturen bat noizean behin.
Bestalde hainbat bizkarroien eragina pairatzen du basakatuak, batez ere toxoplasmosia eragiten duen protozooarena eta hesteko hainbat helmintorena. Etxeko katuari eragiten dioten birus guztiekin ere infekta daiteke, eta baita beste zenbait agente patogenorekin ere.
Taxonomia
aldatuNahiz eta lehen azpiespezie ugari ezarri, 2007an eginiko DNA frogen ondoren bost azpiespezie baino ez daudela erabaki da[1]:
- Felis silvestris silvestris (Europako eta Anatoliako basakatua).
- Felis silvestris lybica (Afrika iparraldeko eta Asia mendebaldeko basakatua).
- Felis silvestris cafra (Sahara hegoaldeko basakatua).
- Felis silvestris ornata (Asia erdialdeko, Asiaekialdeko, Pakistango eta Indiako basakatua.
- Felis silvestris bieti (Txina iparraldekoa).
Gainera, hainbat adituren arabera etxe katua Felis silvestris catus azpiespezietzat hartu daiteke.
Erreferentziak
aldatu- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).
Kanpo estekak
aldatuWikispezieetan bada informazioa gehiago, gai hau dela eta: Felis silvestris |