[go: up one dir, main page]

Arrazoi deritzo gizakiak pentsatzeko, hausnarketaren bidez ondorioak ateratzeko, eta egoera edota gauza desberdinen inguruko judizioak egiteko duen ahalmenari.

Francisco de Goya, "El sueño de la razón produce monstruos" (Arrazoia lo egoteak munstroak sortzen ditu)

Erabiltzen den testuinguruaren arabera esanahi desberdinak izan ditzake. Alde batetik, arrazoia da pertsona batek zerbait frogatzeko edo beste pertsona bat konbentzitzeko erabiltzen duen argumentua. Bestalde, arrazoia deritzo pertsona, gauza edota gertaera baten kausa edo jatorriari.

Etimologiaren aldetik, “arrazoi” hitza latinezko ratio hitzetik dator, zeinak “kalkulu, arrazoi edo arrazoiketa” adierazten duen. [1]

Arrazoia gidatzen duten printzipio logikoak [1]

aldatu

Printzipio batzuen arabera funtzionatzen du arrazoiak. Logika da printzipio hauek aurkitu eta azaltzeaz arduratzen den filosofiaren adarra.

Printzipio hauen izaera tautologikoa dela eta, unibertsalki egiazkotzat hartzen dira:

  • Identitate printzipioa: kontzeptu bat kontzeptu hori bera da (A da A)
  • Kontraesan ezaren printzipioa: kontzeptu bat ezin da izan, eta aldi berean, ez izan (A ez da A-ren ukapena)
  • Hirugarren baztertuaren printzipioa: kontzeptu baten izatearen edo ez izatearen artean ez dago erdibideko aukerarik (A da edo ez da)

Printzipio hauei esker, arrazoia gai da proposizio bat koherentea den edo ez jakiteko. Edukia baino, kontzeptuen arteko erlazio logikoak aztertzen ditu arrazoiak, eta horrela, proposizioen barneko kontraesanak aurki ditzake. Adibidez, “Gizaki guztiak ugaztunak badira; eta Ane gizakia bada; orduan Ane ez da ugaztuna” proposizioa ez da koherentea, arrazoiaren bigarren printzipioa urratzen baitu, kontraesan ezaren printzipioa. Aldiz, “Gizaki guztiak ugaztunak badira; eta Ane gizakia bada; orduan Ane ugaztuna da” proposizioa koherentea da hitzen esanahiaz haratago; premisetatik ezinbestez ateratzen baita ondorioa.

Beraz, arrazoiak ez du egia absoluturik aurkitzen, nahitaez faltsua dena baztertzen du soilik.

Arrazoiketa motak [2]

aldatu

Arrazoiketaren bidez zerbait frogatu nahi denean edota tesi baten inguruan norbait konbentzitu nahi denean, argudiatu egiten da. Argudioak baieztapenen kateak dira, non baieztapen batzuk premisak diren eta hauen gainean arrazoituz beste baieztapen bat lortzen den, ondorioa. Argudioetan zuzentasunaz baino konbentzigarritasunaz hitz egiten da, eta argudio bat konbentzigarria izan dadin beharrezkoa da eztabaidan parte hartzen duten guztiek premisak egiazkotzat hartzea (agian hala ez diren arren), eta argudioa baliozkoa edo sendoa izatea.

Charles Sanders Peirce pentsalariak hiru arrazoiketa (edo argudio) mota bereizi zituen: arrazoiketa deduktiboa, arrazoiketa induktiboa, eta arrazoiketa abduktiboa.

Arrazoiketa deduktiboa

aldatu

Arrazoiketa deduktiboaren bidez, argudio bateko premisetan inplizituki dagoen informazioa agerian jartzen da ondorioan. Adibidez:

  1. premisa: Zaku honetan dauden babarrun ale guztiak zuriak dira
  2. premisa: Zaku horretako babarrun ale bat hartu dut
Ondorioa: Babarrun ale hori zuria da

Adibidean ikusten den bezala, ondorioak (hartu dudan babarrun alea zuria izateak) ez du informazio berririk ematen, jada informazio hori premisetan baitzegoen (babarrun alea hartu dudan zakuko ale guztiak zuriak dira). Beraz, arrazoiketa deduktiboa erabiliz, ezinezkoa da premisak egiazkoak izatea, eta ondorioa berriz, faltsua izatea. Ezintasun hori modu formal batean azaldu daiteke, hau da, baliozkotasuna ez da argudioaren edukiaren araberakoa, argudioaren formaren araberakoa baizik. Hau azaltzeko beste adibide bat:

  1.  premisa: Tigre guztiak animaliak dira
  2. premisa: Animalia guztiak bizidunak dira
Ondorioa: Tigre guztiak bizidunak dira

Argudio honen forma honelakoa da:

  1. premisa: A guztiak B dira
  2. premisa: B guztiak C dira
Ondorioa: A guztiak C dira

Era honetan garbi ikusten da ezinezkoa dela ondorioa faltsua izatea premisak ontzat ematen badira. Eta hori horrela izango da A, B eta C edozein gauza direla ere, hau da, argumentuaren edukia edozer dela ere. Hala ere, gerta liteke forma hau bera duen argudio bat konbentzigarria ez izatea. Hori gertatuko da premisetako bat, edo premisa guztiak, egiazkoak ez badira.

Arrazoiketa induktiboa

aldatu

Arrazoiketa induktiboan, premisetan jasotzen da zenbait kasutan gertatzen dena, eta ondorioan kasu guztietara aplikatzen da orokortzearen bidez. Adibidez:

  1.  premisa: Zaku honetatik babarrun ale zuri bat atera dut
  2.  premisa: Gero, beste ale bat atera dut, zuria hau ere
  3.  premisa: Jarraian atera dudan babarrun alea ere zuria da
Ondorioa: Zaku honetako babarrun ale guztiak zuriak dira

Indukzioan ez da argudioaren baliozkotasunari buruz hitz egiten, argudioaren sendotasunari buruz baizik. Argudio induktibo baten sendotasuna ez da auzi formala, premisek ondorioari ematen dioten justifikazioaren mailari egiten dio erreferentzia. Esaterako, nire bizitza osoan bele bakarra ikusi badut, eta bele hori beltza denez, bele guztiak beltzak direla ondorioztatzen badut, premisak ondorioaren oso justifikazio ahula ematen du. Aldiz, milaka bele ikusi baditut, beltzak guztiak, hobeto justifikatuta dago bele guztiak beltzak direlako ondorioa. Beraz, justifikazio bat noiz den sendoa eta noiz ez auzi graduala da.

Horregatik, indukzioetan, gerta liteke premisak egiazkoak izan arren ondorioa faltsua izatea: sendotasuna txikiagoa denean aukera handiagoa dago ondorio faltsuak ateratzeko, eta sendotasuna handiagoa denean berriz, aukerak txikiagoak dira, baina beti dago arriskua. Hala ere, arrazoiketa induktiboa ezinbestekoa da. Besteak beste, etorkizunari buruzko usteak (adibidez, bihar ere autobusa ordu berean etorriko da) induktiboki justifikatzen dira, eta baita zientziaren legeak ere.

Pentsalari askok jarri dute zalantzan ea arrazoiketa induktiboaren bidez lortutako ondorioak epistemologikoki justifikatuak dauden, hau da, ea indukzioak benetako ezagutza ematen duen.

David Hume izan zen indukzioaren arazoa plazaratu zuena. Humek a prioriko ezagutza (“aurretik datorren hura”) eta a posterioriko ezagutza (“ondoren datorren hura”) bereizten zituen. A prioriko ezagutza esperientziarekiko independentea da, hau da, ez da froga enpirikoetan oinarritzen. “Ez dago ezkondutako ezkongaberik”. Ezagutza hau izateko adibidez, ez zaie ezkongabe guztiei banaka galdetu behar ea ezkonduta dauden ala ez, nahikoa da erabilitako terminoen esanahia ezagutu eta ariketa logiko bat egitea.

A posterioriko ezagutza berriz, esperientzian eta ebidentzia enpirikoetan oinarritzen da. Bigarren ezagutza mota honetan sartzen dira zientzia guztiak (matematika izan ezik), eta baita eguneroko bizitzan eskuratzen dugun jakintza gehiena ere. Humeren arabera, a posterioriko ezagutza eskuratzeko ezinbestekoa da indukzioa. Beraz, a posterioriko ezagutza justifikatzeko ezinbestekoa da indukzioa bera justifikatzea. Eta hor dago arazoa: Humeren ustez indukzioa ezin da justifikatu. Hau azaltzeko etorkizunari begira egindako indukzio bat erabili daiteke. Adibidez, bihar Eguzkia aterako dela uste dut. Zergatik? Hala izan delako beti. Beraz, uste hori indukzio batean oinarrituta dago: orain arte, egunero Eguzkia atera denez, Eguzkia egunero ateratzen da, eta egunero aterako da etorkizunean ere. Indukzio hau justifikatzeko ordea, ezkutuko premisa bat erabiltzen dugu: etorkizuna iraganaren antzekoa da. Premisa hau gabe ezingo litzateke iraganetik etorkizunerako saltoa modu logiko batean eman. Baina etorkizuna iraganaren antzekoa da beste indukzio bat da: iraganeko etorkizun guztiak iraganaren antzekoak izan dira, beraz, bihar ere hala izango da. Indukzio bat justifikatu nahi duenak beste indukzio bat erabiltzen du, baina bigarren indukzio honi ere justifikazioa bilatu behar zaio, eta beraz, hasierako arazo berdinaren aurrean aurkitzen da.

Indukzioaren arazoak egoera epistemologiko larria sortzen du, izan ere, indukzioa justifikatzerik ez badago, indukzioan oinarritzen den jakintza osoa ere justifikaziorik gabe aurkitzen da. Ziurtzat ematen ditugun jakintza asko eta asko oinarri sendorik gabe geratuko lirateke, fisikako legeak besteak beste. Nolabait esatearren, ezin izango litzateke ezagutzaz edo jakiteaz hitz egin, usteez soilik.

Arrazoiketa abduktiboa

aldatu

Arrazoiketa mota honetan, ondorio gisa hipotesi bat proposatzen da, premisetan adierazten den informazioa azaltzea helburu duena. Horregatik, azalpen onenaren argudioa ere deitzen zaio. Arrazoiketa abduktiboaren adibide bat:

  1.  premisa: Zaku horretako babarrun aleak zuriak dira
  2.  premisa: Zakuaren aldamenean lurrean dagoen babarrun alea zuria da
Ondorioa: Lurreko babarrun alea zaku horretakoa da

Abduktiboki arrazoitzean, premisetan dagoen informaziotik abiatuz informazio gehiago duen zer edo zer ondorioztatzen da.

Arrazoiaren ulerkera mendebaldeko historian zehar

aldatu

Antzinako Grezia

aldatu

Antzinako Greziako filosofian zentrala izan zen logosa. Logos hitza modu askotara itzuli daiteke: pentsamendu, arrazoi, hitz, diskurtso… Baina itzulpenik zehatzena “diskurtso arrazional” izan daiteke. Beste era batera esanda, arrazoian oinarritutako pentsamendua da logosa. Hain garrantzitsua izan zen logosa greziar filosofian, non mitotik logoserako pausoa bezala definitu baita filosofia. [3]

 
Aristoteles

Presokratikoak jada hasi ziren munduaren azalpen arrazional bat aurkitu nahian. Ordura arte, grekoen mundu ikuskera diskurtso mitiko-literario baten gainean eraikita zegoen; naturaz gaindiko izaki batzuk ziren kosmosa eta bere baitan dagoen guztia sortu, eraldatu eta zuzentzen zutenak. Izaki hauetan aurkitzen zen guztiaren erantzuna, eta gizakiak ezin egin zezakeen hauek ohoratu besterik. Lehen pentsalari hauek ordea, inguratzen zituen mundua fisikoki azaltzen saiatu ziren, eta oraindik hainbat mende falta zirenez metodo zientifikoa garatu zedin, arrazoi espekulatiboa izan zen erabili zuten baliabidea. [4]

Arrazoiaren inguruan ekarpen izugarria egin zuen beste filosofo bat Aristoteles izan zen, mendebaldeko filosofiaren aitatzat hartu izan dena Platonekin batera. Aristoteles izan zen logika formal bat garatu zuen lehen filosofoa. Logika formal honen helburua pentsamendu arrazionala egituratzea da, arrazoiketa bat logikoa izan dadin bete behar dituen baldintzak zehaztuz. Baldintza hauek arrazoiketaren forma edo estrukturari egiten diote erreferentzia, hau da, edukiarekiko independenteak dira. [5]

Erdi Aroa [6]

aldatu

Erdia Aroko mendebaldeko gizartetik iritsi zaizkigun lan filosofiko gehienek helburu komun bat dute: fede kristauaren funtsatzea, hau da, azalpen arrazional bat ematea fedeari. Garai honetan arrazoia estuki lotuta zegoen fedeari eta erlijioari, eta hau izan zen, hain zuzen, garaiko filosofoek landu zuten gai nagusienetariko bat, fedearen eta arrazoiaren arteko erlazioa.

San Agustin Hiponakoa izan zen fedea eta arrazoia uztartzen saiatu zen filosofoetako bat. Bere ustez, errealitatea ulertzeko ezinbestekoa da fedea, baina sinesteko ezinbestekoa da arrazoi sendoak izatea. Fedeak arrazoian oinarritu behar du, arrazoizkoa izan dadin fedea izatea. "Intellige ut credas, crede ut intelligas": "ulertu sinesteko, sinetsi ulertzeko".[7]

San Agustinen helburua kristautasuna funtsatzea da, eta horretarako elkarlanean jartzen ditu fedea eta arrazoia. Baina hala ere, garrantzi handiagoa ematen dio fedeari, eta arrazoia ez da fedearen laguntzaile bat besterik, berak bakarrik ezin baitu egiara (Jainkoarengana) iritsi.

Errenazimentua [8]

aldatu

Errenazimentuan munduaren ikuskera antropozentrikoa gailendu zitzaion Erdi Aroko ikuskera teozentrikoari, eta humanismoa deituriko mugimendua sortu zen. Aro honetako pentsamenduan arrazoia zentrala izan zen: Arrazoia zen ezagutza lortzeko tresna baliotsuena.

Ilustrazioa [9]

aldatu

Ilustrazioan gertatu zen arrazoiaren “loraldia”. Arrazoia zen bizitza publiko zein pribatua gidatu behar zituena, eta horregatik, garaiko pentsalariak bereziki arduratu ziren arrazoiaren izaera zehazten: zein gaien inguruan arrazoitu daitekeen, nola arrazoitu behar den, zein diren arrazoiaren mugak, eta abar.

Pentsalari ilustratuek aurreiritzi erlijiosoak baztertu eta kanpoko autoritatea ukatzen zuten, arrazoiaren autonomia lortze aldera. Gainera, aurreiritzi edota funtsik gabeko usteekin kritikoa izateaz gain, bere burua ere kritikoki aztertu behar zuen arrazoiak, bera bihurtuz epailea eta epaitua. Horrela soilik lortuko baitzuen bere ahalmen eta muga propioak ezagutzea.

Arrazionalismoa eta enpirismoa [10]

aldatu
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. 
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Descartesen pentsamendua azaltzen duen bideoa.

Ilustrazioaren oinarrian, elkarri kontrajarriak zeuden bi joera filosofiko aurki daitezke: arrazionalismoa eta enpirismoa.

Arrazionalismoa XVII. mendearen lehen erdian sortu zen, eta René Descartes filosofoa hartu ohi da korronte honen aitzindaritzat. Arrazionalisten ustez, arrazoia erabiliz ezagutza ziurra lortu daiteke. Are gehiago, arrazoia da ezagutza hori lortzeko bide bakarra. Zentzumenak aldiz, engainagarriak izan daitezke, eta beraz, ez da hauetaz fidatu behar ezagutza ziurra lortu nahi bada. Platonek irekitako tradizioari jarraituz, arrazionalistek diote egiazkoak diren jatorrizko ideia batzuk dituela gizakiak bere adimenean. Beraz, ezagutza a priorikoa da: adimenean dauden jatorrizko ideia horietatik abiatuta, eta metodo deduktiboa erabiliz, egia ziurretara iritsiko da arrazoimena.

Enpirismoa XVII. mendean Ingalaterran sortu zen korronte filosofikoa da, eta John Locke, George Berkeley eta David Hume dira, besteak beste, enpirista garrantzitsuenetariko batzuk. Enpirismoak zentzumenei lotutako esperientzia hartzen du ezagutzaren iturri bakar edota nagusitzat. Beraz, jatorrizko ideien existentzia ukatzen du, esanez adimenean dauden ideia guztiak pertzepzioetan dutela jatorria. Eta giza pertzepzioak mugatuak direnez, ezagutza ere mugatua da.

Bi korronteetan arrazoimenak funtsezko eginkizuna du, baina eginkizun hau desberdin ulertzen da batean zein bestean. Arrazionalismoarentzat arrazoia dogmatikoa da, mugarik gabea, eta bere gain dago giza ezagutzaren erantzukizun osoa. Enpirismoaren ikuspegitik berriz, esperientzia dago oinarrian, eta arrazoimenak oinarri honen gainean jardun behar du ezagutza lortzeko. Arrazoimen honek kritikoa izan behar du, eta bere ahalmen eta mugez kontziente izan.

Kanten arrazoimenaren kritika [11]

aldatu
 
Immanuel Kant

Immanuel Kanten filosofiak Ilustrazioak proposaturiko arrazoimenaren kritika osoki betetzen du.

Arrazoimen hutsaren kritika” ikerketa transzendental bat da, giza ezagutzaren baldintza epistemologikoak aztertzen dituena. Bere helburu nagusia metafisika zientziatzat har ote daitekeen galdera erantzutea da. Baita, David Humek kausalitate-printzipioari, eta beraz, jakintza zientifikoari, egindako kritika gainditzea ere. Arrazoia arrazoi beraren epaimahaiaren aurrean jarri eta ezagutza objektiboaren baldintzak aztertu ondoren, Kantek ukatu egiten du metafisika zientzia bat denik. Arrazoiak badu muga bat, eta muga hori esperientzia sentikorra da. Kausalitateari dagokionez berriz, natura printzipio honi lotuta dagoela dio. Baina ez du esaten kausalitatea naturan dagoenik; kausalitatea subjektuak jartzen duen kontzeptu hutsa da. Beraz, Kant arrazionalismoa eta enpirismoa uztartzen saiatzen da, ezagutza-iturritzat objektua hartzen duten bi korronte hauei kritika eginez, eta filosofiari “bira kopernikarra” emanez. Izan ere, subjektua da objektuaren ezagutza ahalbidetzen duena, eta ez alderantziz.

Arrazoimen praktikoaren kritika”-n jorratzen duen gaia, berriz, giza kontzientzia morala da. Ezagutza teorikoan lekurik ez zuen askatasuna, kontzientzia moralaren baldintza da. Sineskera ezberdinek lortu ezin izan zuten moraltasun unibertsala moralaren autonomiak lortuko du inperatibo kategorikoan oinarrituz. Arrazoimenaz soilik baliatuz bere buruari ezarri dion legea bete beharrak, gizarte ordena berri eta hobea eragin dezake Kanten ustez. Arrazionaltasuna eta moraltasuna gizakiaren funtsezko ezaugarriak dira, eta arrazoiak gidatutako moral autonomo batek itzuliko dio gizaki askeari bere duintasuna. Inperatibo kategorikoa zenbait modutan adieraz daiteke. Hona hemen horietako bat: “Nire jarraibidea lege orokor bihurtzea nahi izan banu bezala jokatu behar dut”. Hori da moral kantiarrari oinarri arrazionala eman nahi dion printzipioa.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b (Gaztelaniaz) Razón. 2021-04-21 (Noiz kontsultatua: 2021-04-25).
  2. a b Arrieta Urtizberea, Agustin. (2015). Filosofiarako sarrera bat. Euskal Herriko Unibertsitatea, 231-241 or. ISBN 978-84-9082-285-2..
  3. «Logos - Filosofia Griega - Presocraticos - Sofistas - Socrates» www.e-torredebabel.com (Noiz kontsultatua: 2021-04-25).
  4. (Gaztelaniaz) «Los filósofos presocráticos: de los dioses a la razón» La piedra de Sísifo 2014-11-23 (Noiz kontsultatua: 2021-04-25).
  5. (Gaztelaniaz) Lógica aristotélica. 2021-04-05 (Noiz kontsultatua: 2021-04-25).
  6. (Gaztelaniaz) El problema razón/fe en la filosofía medieval. , 2-4 or..
  7. amaiafilo. (2016-01-06). «Ulertu sinesteko, sinetsi ulertzeko» Irakasle Ikasle (Noiz kontsultatua: 2021-04-25).
  8. (Gaztelaniaz) «Renacimiento: Características importantes del movimiento cultural» okdiario.com 2021-02-24 (Noiz kontsultatua: 2021-04-25).
  9. «3. La razón ilustrada» e-ducativa.catedu.es (Noiz kontsultatua: 2021-04-25).
  10. amaiafilo. (2016-03-11). «Arrazionalismoa eta enpirismoa» Irakasle Ikasle (Noiz kontsultatua: 2021-04-25).
  11. amaiafilo. (2016-03-09). «Kanten Arrazoimenaren Kritika» Irakasle Ikasle (Noiz kontsultatua: 2021-04-25).

Kanpo estekak

aldatu