Aritzakun
Aritzakun Baztango Udalerrian (Arizkun herrian) dagoen harana da, politikoki Nafarroa Garaiaren parte dena, baina geografikoki Nafarroa Beherearekin lotua.
Aritzakun | |
---|---|
Euskal Herria | |
Kokapena | |
Herrialdea | [[|]] |
Udalerria | Baztan |
Geografia |
Hidrografia
aldatuBertatik igarotzen den Aritzakun errekak eta Urritzate haranetik datorren beste errekak bat egiten dute, Bastan erreka sortuz (ez nahastu Baztan ibaiarekin).[1] Honek beherago bere urak Errobi ibaiean isurtzen ditu, gero Aturrirekin bat eginez Kantauri itsasoan isurtzen dena Angelu eta Tarnose arteko bokalean.
Biztanlegoa
aldatuGarai batean Aritzakunen baserri ugari ziren, eta denetan bizi zen jendea. Aritzakungo erdialdean haurrendako auzo-eskola eta pilotalekua eraiki ziren, Arizkun edo Erratzu herri hurbilenak urrutiegi baitzeuden; elizara joateko ere, bertako bizilagunek historikoki Bidarraira jo izan dute.[2] Argi elektrikoa duela gutxi sartu zen,[3] eta 2007an baserri gehienak utziak zeuden; hirutan bakarrik bizi zen jendea: Burkaitzean, Itsusiko Bordan eta Lezetan. Gainera bi jatetxe eta taberna zeuden: Burkaitzeako eta Lezetako bentak.[1] 2014ean, auzo-eskola zaharra auzo-elkarte bihurtua zen.[4] 2021ean, Aritzakunen eta Urritzaten guztira 22 pertsona bizi ziren urte osoan;[5] baina badira kanpoan bizi arren etxea mantendu eta opor egunetan itzultzen diren auzotarrak ere. Hain zuzen ere, 2000 urteaz geroztik "Aritzakundarren Biltzarra" ospatzen da irailean; eskola eta 1895eko frontoi zaharraren inguruan 100 lagunetik gora biltzen dituen auzoko antzinako bizimoduaren omenezko festa eguna. [2]
Geografia
aldatuHarana mendiz inguratuta dago: hego-ekialdean Gorramendi (1.074 m), mendebaldean Lizartzu (793 m) eta Antsestegi (800 m) eta iparraldean Artzamendi (926 m). Aritzakun erreka HM-IE norabidean doa. Gorramendiren beste aldetik dator Urritzate erreka, eta biek Urbakura izeneko parajean[2] bat egiten dute, Sumutsuko Borda inguruan.[1]
Baztan eta Aritzakun lotzeko errepidea AEBetako armadak eraiki zuen, 1950eko hamarkadan. Gorramendiko gainean iparramerikarrek base militar bat eraiki behar zutenez, basea errepide nagusiarekin lotzeko, 10 kilometroko mendi errepide bat egin zuten Otsondoko mendatetik (580 m) Gorramendiraino. Horrela, Aritzakunera eta Urritzatera autoan joateko aukera zabaldu zen.[1]
Gaur egunean, bi bide nagusi daude Aritzakun eta Uritzatera iristeko. Elizondotik N-121-B errepidea hartu behar da Dantxarineako norazkoan, eta Otsondoko mendatean, eskuinetara hartuta, Gorramendiko mendi errepidea hartu behar da. Zortzi km ondoren Itzuliko lepora iristen da errepidea, eta handik, ezkerreko bidea hartuta, Aritzakun eta Urritzaten barrena mendi bide batek segitzen du, asfaltaturik gabe[5] eta uholde eta luperien mende[6] dagoena. Bidarraitik Aritzakunera doan bidea jarraitzea da bertze aukera.[1]
Natura ondarea
aldatuMendi garaienetako zuhaiztiak nagusiki pagoz osatuak daude; ibarren ondoan, berriz, haritzak eta gaztainondoak, gizakiak irekitako zenbait zelaiguneren artean [1] (Aritzakun eta Urritzateko gune hau izan zen, hain zuzen ere, XIX. mendean Kantauriko isurialdean gaztainondoaren tinta izurritik libre gelditutako gune bakanetako bat[2]). Bertan aurki daitezke, baita ere, Soldanella villosa eta Vandesbochia speciosa bezalako landare bitxiak ere.[3]
Bertan oreina, basurdea, orkatza, azeria, lepazuria, urtxintxa, muxar grisa, azkonarra, desman piriniotarra, bai eta eta basakatua bizi dira, ugaztunen artean. Baita hegazti asko ere: sai arreak (Itsusiko harrietan kolonia handi bat bizi da), miru gorria, miru beltza, belatza, sai zuria eta ugatza. Azken biak ez dira bertze tokietan erraz ikustekoak, baina Aritzakunen eta Urritzaten ikus daitezke.[1] Bertan aurki daitezke, baita ere, anfibioak (uhandre piriniotarra, kasu), intsektuak (arkanbelea, adibidez) eta Quimper barraskilo pikardatua, kaltebera eta babestua; hostoak jaten ditu, eta batez ere, zur hilean topatzen dituen onddoak. Gizakotutako abereei buruz, azken urteetan asko jaitsi bada ere, oraindik bada abere kopuru nabarmenik bazkan: pottoka zaldi-arraza autoktonoa, latxa arrazako ardiak, eta Itsusiko haitzetan jauzika dabiltzan ahuntzak. [3]
Inguruan dauden mendien artean Alkaxuri edo Irubelakaskoa mendia da gailur garrantzitsuenetakoa eta ikusgarrienetakoa,[1] eta Baztango Udalak prestatutako PR ibilbide labur desberdinak jarrai daitezke.[7] Inguruan aberastasun ekologikoa babesteko, zenbait kontserbazio bereziko eremu izendatuak dira:[2]
- Itsusiko natura erreserba: bertan sai arreen kolonia handi bat bizi da, eta ugatzaren hegaldi-esplorazio zona da. Bertan ikus daitezkeen beste zenbait espezie: belatz handia, sai zuria, arrano sugezalea, mirotz zuria, gabiraia, urubia, hontz ertaina eta miru gorria.
- Alkaxuriko natura erreserba: haltz ekosistema Aritzakun errekaren ibar eskuinean, ipar aldean alegia. Ira espezie desberdinak, eta putzuetako espezieak
- Iparlako basa faunaren babesgunea: Urritzate erreka gainean. Aurreko gune babestuekin lotua, eta Nafarroan ugatza errekuperatzeko planarekin lotua.
- B-122 zenbakidun Hegaztien Babes Bereziko Zona (ZEPA): Aritzakun eta Urritzate erreken eta Gorramendi mendi multzoaren eremu osoa hartzen du.
Kultura ondarea
aldatuHistoriaurreko megalito anitz badira inguruko mendi kasko eta lepoetan. Horien artean, garrantzi handia dute Amabirjinei Arpea deituriko lepoan daudenak, Gorramakil eta Alkaxuri artean. Lepo horretan, Eneolitiko eta Brontze Aroko zazpi trikuharri daude.[1]
Bertzalde, Aritzakunen, Itzulegi eta eskola zaharraren artean,[1] prospekzio arkeologikoek antzinako meatzeen arrastoen presentzia baieztatu dute, Minetako Zokoa deritzon parajean. Lekukotasun historiko argirik egon ez arren, hipotesi batzuen arabera ustiaketa eremu hauek Erromatar Inperioaren garaiko urre bilaketa lanetan erabilitako ruina montium prozedurarekin lotuak leudeke. Eskualdeko mitologian hipotesi honekin bat datozen kondairak gorde dira, zehazki urre-putzuekin eta laminekin lotuak.[3]
Antzina gaztainak ekonomian izandako garrantziaren lekuko, basoetan gaztain espilen aztarnak aurki daitezke, baita berreraikitako kisulabe bat ere.[2]
Urritzateko haranean, Erratzu eta Bidarrai artean galtzada zaharra dago, "Napoleonen bidea" esaten zaiona (frantsestadan bere tropen erretiradarako erabili omen zutelako); beraz, inguruotan kontrabandoan aritutako gau-langileen istoriak ere ez dira gutxi.[3]
Urbakura parajean (Aritzakun eta Urritzate errekek bat egiten duten lekuan), Harpeko Saindiaren kobazuloa dago.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d e f g h i j FRIAS, IKER. «Aritzakun eta Urritzate: Baztango ibar galduak» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-06-17).
- ↑ a b c d e f (Gaztelaniaz) Noticias, Diario de. «Aritzakun, el valle perdido» www.noticiasdenavarra.com (Noiz kontsultatua: 2021-06-17).
- ↑ a b c d e Goñi Irigoyen, Lander. Aritzakun-Urritzate-Gorramendi, Baztango zoko-moko gordeak. https://espaciosnaturales.navarra.es/.
- ↑ Aritzakun. Ibilbide berria. | Casas rurales OTSONDO Landetxeak. 2014-04-25 (Noiz kontsultatua: 2021-06-17).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Noticias, Diario de. «La Comisión de Cohesión Territorial visita Aritzakun y Urritzate» www.noticiasdenavarra.com (Noiz kontsultatua: 2021-06-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) Noticias, Diario de. «Sumutsuan lanak egin ditu berriz Baztango Udalak» www.noticiasdenavarra.com (Noiz kontsultatua: 2021-06-17).
- ↑ «ARITZAKUN» Baztango Udala / Ayuntamiento de Baztan 2013-04-23 (Noiz kontsultatua: 2021-06-17).