[go: up one dir, main page]

Artikulu hau mitologiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Akelarre (argipen)».

Akelarrea sorginek eta aztiek bilkurak eta erritua bera, zein biltzen diren lekua da. Erritu honen izena Nafarroa Garaian dagoen Zugarramurdiko leizeen alboan dagoen larre edo zelaitik datorkio, Akelarre izenekoa. Erritu hauen inguruko sinesmena oso zabalduta dago, eta ez bakarrik Euskal Herrian eta Pirinioetan, Europako herrialde askotan baizik.

Francisco Goyaren Sorginen Akelarrea margolana.

Hala ere, Akelarre izena izan da ospe handiena hartu duena, eta beste zenbait hizkuntzara pasatu dena gainera. Zabalpen honekin zerikusi handia izan zuten Logroñoko Inkisizioak Nafarroako sorginen aurka burututako prozesuek. Badago beste Akelarre izeneko sorgin lekua Mañarian.

Zugarramurdiko harpeko sarrera-atari handiaren gainean, badago horma batean zulo bat, eta herri sinesmenaren arabera hortxe kokatzen zen Aker Beltza bere jarraitzaileei mintzatzeko.

Leize handiak alderik zabalenean 120 metroko zabalera du. "Infernuko" Errekak leizea erdi-erditik zeharkatzen du. Urteen joanean, leizea industen joan da erreka; dagoeneko hamabi metroko garaiera eman dio harpeari. Leize Handia hainbat tokitatik ikus daiteke, behetik edo goitik, eta goitik begiratzean koloredun argiek efektu bereziak sortzen dituzte harrietan. Leize Handiaren atarian, XVIII. mendeko kisu labeak ere hortxe dirau. Gose handiko garaietan, karea uzta gehiago ateratzeko oso erabilgarria izan zen herriko baserritarrentzat. Harpe hauetan aspaldiko hondakin arkeologikoak azaldu dira. Leize Handiaren barruan, beste bat zabaltzen da: Akelarre leizea. Izenaren jatorria kobazuloaren pare-parean dagoen zelaian dago, akerraren larrean, alegia. Hemen izan ohi ziren garai batean akelarreak; hor biltzen ziren sorginak. Errekaz aurreragoko arroila sakona "Sorginen lezea" deitzen dute.

 
Zugarramurdiko leizeak
 
Akelarrea.
 
Sorginen Akelarrea, Francisco Goya

Sorgin jai hauek ospatzen omen ziren zelaiaren izena, Akelarre da. Esanahia, Akerraren larrea da, ospakizun hauetan aker beltz bat gurtzen omen zelako, Satanen gurtzarekin lotua. Isilpeko salaketaren eta Inkisizioaren iritziz, bertan eta ondoko leizean egiten omen ziren akelarreak. Beste azalpen baten arabera, akelarre izena jatorrizko "alkelarre" hitzetik letorke, "alka" (Dactylis glomerata) belarraren tokiko izena delarik. Kasu honetan, lehendabiziko azalpena inkisizioaren manipulazio hutsa izango litzateke.[1] Gainera, Akerbeltz euskal mitologian Mari jainkosarekin lotuta dago, ezaugarri amankomunak dituztelarik. Erromatar mitologian Aherbelts jainkoa gurtzen zuten.

Historia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Zugarramurdiko sorginkeria prozesua»

Antropologiaren ikuspuntutik, akelarrea aurreko botere erlijiosoek onartzen ez zituzten garai bateko ospakizun paganoen arrastoa genuke.

Lehen akelarreak Grezia klasikoan egin zirela esaten den arren (emakumeak, biluzik eta mozkorturik, mendira igotzen ziren eta gizonetatik at festak ospatzen zituzten), identifikazio hau ez da zuzen, Dioniso jainkoaren gurtzaileak baitziren, ez sorginak.

Erdi Aroan hasten dira sorginen bilerei buruzko zurrumurruak indartzen, nahiz eta ziurrenik sendabelarren propietateak ezagutzen zituzten emakumeak izan soilik (konkretuki Belladonna delakoak paper garrantzitsua izan omen du akelarreen kondaira eta sinbologian). Aluzinogenoak ospakizunean zehar gogoa bahitzeko erabili ohi ziren. Erabilitako dosia heriotz dosira hurbiltzen zenez, erabili behar zuten aluzinogeno kantitatea kalkulatzea oso zaila zen eta horregatik hasi ziren aluzinogenoa ukendu moduan aluan ala ipurdiko zuloan igurtzen. Hau izan dezakegu sorginen festa sexualen eta ukendua prestatzeko laratzen mitoaren azalpena. Ukendua aluan pintzel txiki batez ean lezakete, hau genuke sorginak hanka artean erratzaren makila dutela margotzeko ohitura. Apo espezie batzuk gure azala ikutzen badute pozointsuak direnez eta azal aluzinogenoa dutenez, mito hau ere herri siniskerian azaltzen da. Gauza bera gerta liteke amanita muskaria gisako perretxiko pozointsuekin.


1610. urtean Logroñoko Espainiako Inkisizioaren epaitegiak prozesu luze bat hasi zen Nafarroako Zugarramurdi herrian. Zugarramurdiko sorginkeria prozesuaren ondorioz 12 pertsona erre zituzten eta beste 5 "irudian", tortura saioetan hil zituztelako. Prozesu honek famatu zuen Akelarre izena.

Akelarre tokiak

aldatu

Akelarre izenekoak:

  • Akelarre eta Akelarrenlezea: Zugarramurdi zelaia eta ondoko Berroskoberro larrea. Sorginak leizearen kanpoaldean berroskoberro larrean elkartzen omen ziren. Diotenez, aker beltzak haitzaren zulo batetik hitz egiten omen zien. Leizeak toki zabalenean 120 metro neurtzen ditu. "Infernu" izeneko errekak leizea barrurantz gurutzatzen du, mendeetan lurra higatu du etengabe, leizearen goiko zorua jadanik 12 metrokoa delarik. XVIII. mendeko kareharrizko labea dago leize sakonenean. Baserritarrek urritasun garaian kareharrizko labeari esker uzta gehiago ateratzeko erabili zuten. Leize handienaren bitartez beste leize batera iritsi gaitezke: Akelarrearen leizea. Izena sarrerako larretik datorkio. Hemen ospatzen zen akelarrea. Aurrerago errekak "sorginen leizea" izeneko zintzurra higatu du.
  • Akalarra: Mañaria.


Akelarre tokiak:

Toki hauek askotan mendi tontorrak, harpeak, baso, zelaiak edota mairubaratz edo antzeko historiaurreko monumentuen kokalekuak izan ohi dira.

Akelarrea ospatzen zuten beste zenbait toki

aldatu

Akelarreren bezalako sinismenak Pirinio guztietan zehar zabaltzen dira, Euskal Herrian, Aragoain, Katalunian eta Okzitanian.

Artzainek transhumantziako ibilbidetan eramaten zituzten mendietatik lautadetara Akelarrearen inguruko sinesmen menditar hauek.

Ospetsuena Canigó mendian ospatzen zen, eta handik sorginek ekaitzak bidaltzen zituzten lautada aldera.

Erreferentziak

aldatu
  1. Azurmendi, Mikel. (2013). Las brujas de Zugarramurdi. Almuzara, 139 or. ISBN 978-84-15828-81-5..

Ikus, gainera

aldatu

Bibliografia

aldatu
  • Jose Miguel de Barandiaran, obras completas. Egilea, Jose Miguel de Barandiaran. Argitaletxea, Editorial la gran enciclopedia vasca, Bilbao 1976.
  • Pequeño diccionario de mitologia vasca y pirenaica. Egilea Olivier de Marliave. Argitaletxea, Alejandria, Barcelona 1995.
  • "Sorginak jendartean" eta "Akelarrearen iturburu mitikoa" in Mitoen bilakatzea. Egilea, Anuntxi Arana. Argitaletxea, Gatuzain, Baiona 2004.

Kanpo estekak

aldatu