[go: up one dir, main page]

2021eko Berako baso-sutea

Beran (Euskal Herria) 2021ean piztu zen sutea

2021eko Berako baso-sutea Nafarroa Garaiko Bera udalerrian piztu zen baso-sute bat izan zen, ondoko herrietara zabaldu zena eta guztira 1.600 hektareatik gora erre zituena.[1][2] 2021eko otsailaren 20an piztu zen sua Beran eta laster handitu zen egoera meteorologikoak lagunduta, hego haize bortitzak eta azken asteetako eguraldi lehorrak batez ere.[3] Suak ehunka baso-hektarea erre zituen Nafarroan, Gipuzkoan eta Lapurdin, gehienak azken euskal herrialde honetan, 700 bat erre zituen egun soil batean Biriatu, Azkaine eta Urruñako udal lurretan.[4]

2021eko Berako baso-sutea
Motasute
Denbora-tarte2021eko otsailaren 20a - 
KokalekuGipuzkoa
Lapurdi
Nafarroa Garaia
AbiapuntuBera
KausaHego haize

Garapena

aldatu

Sua piztu zen egunean bertan Gipuzkoako Foru Aldundiak Irun, Zarautz eta Legazpiko suhiltzaileak mobilizatu zituen Endarlatsa ingurura, suteari aurre egiteko. Lehen orduetan ez zuten arrakasta handirik izan, egoera meteorologikoa etsai, ezin izan zituztelako helikopteroak mobilizatu. Suteak handitzen jarraitu zuenez, Irungo Bidasoa auzoko hogei bat baserri ebakuatu ziren eta N-121 errepidea moztu zen. Nafarroako Foru Aldundiak ere suhiltzaileak mobilizatu zituen eta Ibardingo zenbait etxebizitza hustu zituen. Nafarroan, suak Bera eta Lesakako udal lurretan eragin zuen gehienbat. Nafarroako Gobernuak Baso Suteetarako Larrialdi Planaren 2. maila aktibatu behar izan zuen eta Espainiako Larrialdi Unitate Militarrari dei egin behar izan zion, sutea itzaltzen lagun zezan. Lapurdin ere suhiltzaileek parte hartu zuten suaren itzalketan, bereziki Larhun, Xoldokogaina eta Ibardin aldean.[1]

2021eko otsailaren 21aren goizalderako, sua egonkortuta zutela adierazi zuten erakundeek, gau hartan egoerak hobera egin zuelako.[5] Alabaina, sutearen bi fokok aktibo zirauten egun hartarako. Egun hartan jakin zen, Baionako suprefetaren eskutik, Lapurdin 96 suhiltzaileko taldea ari zela sua itzaltzeko lanetan eta 68 lagun sorotsi zituztela mendian.[5] Suhiltzaileek adierazi zuten meteorologian zutela jarria arreta, otsailaren 21eko gauerako euria iragarri baitzen, zeina aproposa litzatekeen sua behin betiko itzaltzen laguntzeko.[6] Berako Udaleko alkateak adierazi zuen ziurrena zela sua nahita piztua izatea[7], Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde Josu Erkorekak ordea hori pentsatzea "ausartegia" zela adierazi zuen.[5]

Erreferentziak

aldatu
  1. a b «Hainbat etxe eta baserri hustu behar izan dituzte Berako sute handiagatik» EITB Euskal Irrati Telebista 2021-02-20 (Noiz kontsultatua: 2021-02-21).
  2. «Beran piztutako sutea, Bidasoa auzorako bidean» Bidasoko Hitza 2021-02-20 (Noiz kontsultatua: 2021-02-21).
  3. «Bera eta Lesaka inguruetako sutea ia erabat kontrolatuta, berriz ireki dute N-121-A errepidea Bera eta Irun artean - Bortziriak» Erran.eus (Noiz kontsultatua: 2021-02-21).
  4. elkartea, IPARLA BAIGURA KOMUNIKAZIOA. (2021-02-20). «Suak 700 hektarea erre ditu Lapurdin» Kazeta.eus (Noiz kontsultatua: 2021-02-21).
  5. a b c Ostolaza, Paulo. «Egonkortu da Bidasoako sutea» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-02-21).
  6. Eguraldia igande honetan, otsailaren 21ean. Europa Press.
  7. SL, TAI GABE DIGITALA. (2021-02-21). «Aitor Elixpuru [Berako alkatea «Udaletxean seguru gaude sua nahita piztua izan dela»»] naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-02-21).

Kanpo estekak

aldatu