[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Hizkuntza

Hizkuntza gizakiok elkarrekin komunikatzeko daukagun modu bat da. Nagusiki, ahozkoa eta idatzia izan daiteke, baina baita keinu bidezkoa ere (keinu-hizkuntza).

Hizkuntza-taldeen mapa.

Ahozko hizkuntzei begiratzen badiegu, munduan 5.000-7.000 inguru omen daude; haietatik erdiak ez dute idazketa-sistemarik, hau da, ahozko hizkuntzak dira bakar-bakarrik. Asko eta asko, gainera, desagertzeko arriskuan daude, hiztun gehiagoko hizkuntza indartsuagoen eraginez.

Beste hizkuntza batzuek, aldiz, milioika hiztun dituzte. Hiztun gehien duen hizkuntza txinera da (1.200 milioi hiztun inguru); ondoren, ingelesa (600 milioi hiztun inguru), gaztelania (500 milioi hiztun inguru), portugesa datoz (240 milioi inguru) eta hindia (200 milioi inguru).

Euskarak 700.000 hiztun inguru ditu.

Herrialde batzuek hizkuntza bakarra izaten dute, baina beste batzuek, aldiz, hizkuntza ugari dituzte; adibidez, Indiako konstituzioan, 21 hizkuntzak dute onarpen ofiziala.

Hizkuntzaz arduratzen den zientzia hizkuntzalaritza da.

Hizkuntzaren agerpena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezin da esan zehatz-mehatz gizakiak noiz hasi ziren hitz egiten; antza denez, australopitekoa, duela 4 milioi urte inguru, ez zen hitz egiteko gai: laringeak ez omen zion uzten soinurik ahoskatzen. Neandertala, aldiz, duela 70.000 urte inguru, seguru aski ba omen zen gai soinuak ahoskatzeko. Hala, bada, badirudi giza hizkuntza gure aroa baino 50.000-30.000 mila urte lehenago agertu zela.

Hizkuntzen familiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduko hizkuntza gehienak elkarrekin erlazionaturik daude: hizkuntzaz arduratzen diren adituek, hizkuntzalariek alegia, familia edo talde desberdinetan batzen dituzte hizkuntza asko. Esate baterako, gaztelania, frantsesa, katalana, galiziera eta italiera oso antzekoak dira, denak latinetik datozelako: hizkuntza erromantzeak dira.

Gaur egungo euskarak, ordea, ez dauka horren antzeko familiarik; hizkuntza isolatua dela esaten da, horregatik. Seguru aski, aspaldiko garaietan egongo ziren beste hizkuntza batzuk, euskararekin batera nolabaiteko familia osatuko zutenak; baina aspaldi desagertu ziren, arrastorik utzi gabe.

Familiarik zabalduenak indoeuropar hizkuntzak, afroasiar hizkuntzak eta sino-tibetar hizkuntzak dira.