Probirus
Probirusa bere material genetikoa zelula ostalariaren DNAn txertatu duen birusa da [1]. Birusa bakteriofagoa baldin bada, profago deritzo bakterioaren DNAn integratutako genoma birikoari.
Probirusa, beraz, birusaren material genetikoa besterik ez da, zelula ostalariaren DNAn integratuta dagoena eta berarekin batera erreplikatzen dena. Horrenbestez, probirusa ondorengo zelulei transmititzen da zatiketa zelularra (mitosia ala erdibitzea) gertatzen denean.
Erretrobirusen kasuan RNAa DNA bihurtu behar da (alderantzizko transkriptasaren bidez) zelula ostalariaren material genetikoan integratu baino lehen. RNA birusek ezin dute zuzenean euren material genetikoa ostalariaren DNAn txertatu.
Probirusa sor egoeran luzaro egon daiteke. Egoera horretan, zelula ostalariek birusaren material genetikoa daramate baina ez dute inongo kalterik jasotzen. Birusak ziklo lisogeniko deritzona jarraitzen du, ez da modu aktiboan erreplikatzen eta ez ditu birus berriak sortzen.
Infekzio latentea aktibo bihur daiteke kanpoko eragile baten edo zelula ostalariaren aldaketa baten eraginez: probirusa aktibatzen da orduan eta birus berriak sortu, zelula ostalariaren lisia burutuko dutenak.
Birus batzuk (giza papilomaren birusa, herpesbirusa, GIBa…) probirus moduan egon daitezke zelula ostalariaren DNAn integratuta. Giza papilomaren birusa, gainera, zelularen material genetikoa alda dezake eta minbizia sortu: birus onkogenikoa da [2].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Probirus ZT Hiztegi Berria, Elhuyar
- ↑ Lwoff A. Tumor Viruses and the Cancer Problem: A Summation of the Conference in Cancer Res., vol. 20, 1960ko ekaina, pp. 820-9