[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Pleura

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pleura
Toraxen aurrealdea. Pleura urdinez. Irudi gehiago
Xehetasunak
Honen partepleural sac (en) Itzuli
Konponenteakparietal pleura (en) Itzuli
visceral pleura (en) Itzuli
Identifikadoreak
Latinezcavum pleurae, cavum pleurale, cavitas pleuralis
MeSHeta A10.615.789.736 A04.716 eta A10.615.789.736
Kodea3.05.03.0.00013
TAA07.1.02.001
THH3.05.03.0.00001
FMA9583
Terminologia anatomikoa

Pleura biriken inguruan aurkitzen den mintz bikoitza da, birikei eta torax paretari atxikituta agertzen dena. Mintz bikoitza izanik bi orriz osatuta egongo da: errai-orria eta pareta-orria.

Errai-orria biriken gainazala estaltzen duen orria izango da, birika arteketatik sartuko dena. Hilora heltzean, errai-orria tolestuko da pareta-orria emanez, torax-paretari itsatsita agertuko dena. Hiloaren inguruan tolestean, pleurak eraztun edo mahuka itxurako egitura eratuko du, bertan dauden egiturei babesa eskainiz. Hiloaren behekaldean, birika-lotailua izeneko mahukaren luzapena agertzen da, zeinetan bi orriak oso gertu egongo diren.

Pareta-orriak lau atal desberdin izango ditu toraxean duten kokapenaren arabera: saihets-hezur aldeko zatia, diafragma aldeko zatia, mediastino aldeko zatia eta iduneko zatia.

Bi orrien artean pleura barrunbea egongo da, likido pleural apur batekin, pleuren arteko mugimendua erraztuz. Barrunbea oso txikia da eta bertako presioa, presio intrapleurala, negatiboa izango da birikien kolapsoa ekidituz.[1]

Bi pleura orriek zirkulazio sistemikotik jasotzen dute irrigazio arteriala. Errai-orriak irrigazio sinplea du, izan ere, bronkio arterietatik jasotzen du beharrezko odola. Pareta orriak ordea, irrigazio konplexuagoa du, zatiaren arabera arteria ezberdinek hartzen baitute parte: saihets-hezur aldeko zatiak, saihetsarte arterietatik eta barneko torax arteriatik jasotzen du odola; mediastinoko zatiak bronkio arterien adarretatik eta perikardio-diafragmetako arteriatik; diafragma aldeko zatiak goiko diafragma arterietatik eta gihar-diafragmetako arterietatik eta iduneko zatiak lepauztai azpiko arteriatik jasotzen ditu adarrak.

Drainatze benosoari dagokionez, errai-orriak birika zainetara drainatzen du odola, eta pareta-orriak bronkio zainetara.

Minaren edo ukipenaren sentikortasunari buruz hitz egitean, pareta-orriaren inerbazio aferenteari buruz ari gara, errai-orriak ez baitu honelako aferentziarik. Hortaz, min pleuritikoa jasatean, pareta-orriaren kalteren bat egon dela adierazten du.

Pareta-orriaren inerbazioa nerbio frenikoek eta saihetsarteko nerbioek burutzen dute. Saihets-aldeko zatia eta diafragma aldeko zatiaren zati periferikoa saihetsarteko nerbioek jasotzen dute, eta mediastino aldeko zatiarena eta diafragma aldeko zatiaren zentroaldearena nerbio frenikoak.[2]

Biriken bolumena aldakorra denez arnasgora edo arnasbeheraren arabera, birikek ez dute pleuraren espazio guztia hartzen. Izan ere, haien bolumena handitu ahal da. Hori dela eta, toraxeko puntu jakin batzuetan zokogune izeneko espazio txikiak daude, pleuraren errai-orriaren eta pleuraren pareta-orriaren (bi pleura orrien) artekoak hain zuzen ere. Hau posiblea da birikak eta errai-orria pareta-orria baino handiagoa direlako. Horien funtzioa biriken bolumen aldaketetara egokitzea izango da baina birikek arnasketa bortitzetan baino ez dituzte barrunbe hauek beteko.  

Bi zokogune hauek saihets diafragmetako zokogunea eta saihets mediastinoetako zokogunea izango dira. Bi hauetaz aparte beste bi zokogune txiki daude: diafragma mediastinoetako zokogunea eta orno mediastinoetako zokogunea.

Zokoguneen tamaina biriken bolumenaren araberakoa izango da. Dena den, ez dira inoiz oso handiak izango bi pleura orrien (errai - eta pareta - orrien) arteko espazioa txikia delako baldintza fisiologikoetan eta presio negatiboa dagoelako bertan.  

Pleuraren funtzio nagusia kutxa torazikoan biriken mugimendua erraztea da, biriketako hedapen eta atzeratze mugimenduen energia gastua murrizteko. Hori posible da presio intrapleural negatiboaren existentziari esker, zeinak biriken kolapsoa eragozten duen. Horrez gain, pleuraren bi orriak elkarren gainean irristatzea ahalbidetzen du, bien artean likido pleuraleko geruza mehe bat dagoelako.

Jatorri enbrionarioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pleura, orri serosoetatik sortuko da: esplaknopleura eta somatopleura. Hauek, enbrioi kanpoko mesodermoa osatuko dute hasiera batean eta garapenaren amaieran perikardioa, peripleura eta peritoneoa (erraien gaineko paretak)[3].

Garapen enbrionarioan, hiru geruza nagusi bereiziko ditugu: endodermoa, mesodermoa eta ektodermoa. Hauek sortu aurretik, enbrioian soilik epiblastoa eta hipoblastoa bereiziko dira.

Pleuraren jatorria mesodermoa izango da, baina honen barruan atal desberdinak bereizi ditzakegu. Enbrioia garatzen doan heinean, lehengo sortuko den geruza enbrioi kanpoko mesodermoa izango da, disko bilaminarraren inguruan kokatuko dena eta ondoren orri serosoak osatuko dituena. Honako hau epiblastotik etorriko da eta bitan zatitu daiteke: esplaknopleura (zaku bitelinoaren inguruan) eta somatopleura (barrunbe amniotiko inguruan). Garapenak aurrera egin ahala gainontzeko geruza enbrionarioak sortuko dira eta enbrioia tolestuko da. Toleste prozesuan, somatopleura eta esplaknopleura orriak gerturatuz joango dira, kabitate zelomiko intraenbrionarioa osatuz.

Kabitate zelomiko intraenbrionarioan, torax aldea eta abdomena bereizteko “septum transversum” egitura sortuko da. Ondoren, toraxean barrunbe perikardikoa eta pleurala bereizi behar dira. Prozesu horretan sortuko da pleura, birikak inguratzen geldituko den somatopleura eta esplaknopleura izanik. Pleura eta perikardioa bereizteko, tolesdura pleuroperikardikoa emango da eta birikak pleuraz estalita geldituko dira. Esplaknopleurak, pleuraren errai-orria osatuko du eta somatopleurak pareta-orria[4].

Pleurarekin lotutako patologia nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat gaixotasun daude birika-pleurarekin erlazionatuta daudenak. Gaixotasun hauek, pleura osatzen duten bi geruzekin (errai orria eta pareta orria) edo bi geruza hauen artean dagoen barrunbe pleuralarekin egon daitezke lotuta.

Mintz bikoitzarekin lotutako gaixotasunak: Pleuresia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pleura osatuko duten geruzekin lotutako gaixotasun nagusia pleuresia[5] (edo pleuritisa) da. Gaixotasun honek mintz pleuralen hantura eragiten du. Hantura jatorri anitzekoa izan daiteke, baina batez ere birusek, bakterioek edo onddoek eragindako infekzio baten ondorioz sortzen da (adibidez tuberkulosia edo pneumonia).

Pleuresiak eragiten dituen sintoma nagusiak bularreko mina, arnasteko zailtasunak eta sukarra dira.

Pleuresia sendatzeko tratamenduak 2 atal nagusi ditu: alde batetik, pleura orrien hantura eragin duen infekzioaren aurkako farmakoa erabili, eta bestalde, pleuresiak eragindako sintomei (mina, sukarra eta hantura) aurre egiteko farmako antiinflamatorio ez-esteroideak erabili (aspirina edo ibuprofenoa, adibidez).

Pleura barrunbearekin lotutako gaixotasunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eritasun hauetako gehienak, pleura barrunbearen barnean egon beharko ez liratekeen substantzia likidoak edo gaseosoak agertzearen ondorioz sortzen dira. Pleura barrunbearekin erlazionatuta dauden gaixotasun nagusiak 2 azpitaldetan sailka daitezke:

  • Pleura-isuria: pleura barrunbean gai likidoak sartzean eta metatzean datzan patologia da.
  • Pneumotoraxa: pleura barrunbera airea sartzean datzan patologia da, biriken kolapsoa eragiten duena.
Pleura isuria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaixotasun honetan, gai likidoen metaketa patologikoa gertatzen da pleura barrunbean. Egoera fisiologikoan, likido pleural pixka bat aurkitzen da espazio honetan (plasmaren antzeko konposizioa daukana). Beraz, likido pleural gehiegi metatzen denean, edo likido pleurala ez den beste likido bat metatzen denean (adibidez, odola), pleura isuria [6] ematen da.

Eritasun honen jatorriaren arabera, pleura isuria exudatiboa (kapilareen iragazkortasunaren handipena) edo trasudatiboa (presio hidrostatikoaren handipena eta presio onkotikoaren jaitsiera) izan daiteke.

Gaixotasun hauen diagnostikoa egiteko erabiltzen den teknika nagusia torakozentesia da. Proba kliniko honetan, pazienteari ziztada bat egiten zaio saihets arteko espazioan, barrunbe pleuralaren barneko likidoaren lagin bat hartu, eta horrela, bere konposizioa aztertzeko eta gaixotasunak detektatzeko. Gainera, tratamendu gisa ere erabiltzen den teknika bat da, barrunbe pleuraleko aire edota likido metaketak husteko.

Pleura isuri motak[7]:

Pneumotoraxa biriken kolapso bat da, osoa zein partziala izan daitekeena. Pneumotoraxa airea barrunbe intrapleuralean, hau da, pareta pleuraren eta errai pleuraren artean, sartzean gertatzen da. Barrunbe intrapleuralaren presioa handitzean, birikaren bolumena murrizten da, hau da, zenbat eta aire gehiago sartu barrunbe intrapleuralean, orduan eta zabaltzeko gaitasun eta leku gutxiago izango du birikak horrela kolapsora iritsiz. Honen arrazoi fisiologikoa hau da: barrunbe intrapleuralean presio negatiboa mantentzen da kolapsoa ekiditeko baina, aire gehiago sartzen denean bertan, presioa hainbeste handitzen da zein presio intrapleurala positibo bihurtzera iritsi daitekeen.

Pneumotorax bat hainbat arrazoiengatik gertatu daiteke:

  • Bularrean kontusio batengatik.
  • Bularreko zauri sakon/sarkor batengatik.
  • Prozedimentu mediko batengatik.
  • Birikaren patologia izkuturen batengatik.

Pneumotorax gaixotasunak eragiten dituen sintoma nagusiak disnea (larriagoa edo arinagoa birikaren kolapso mailaren arabera) eta toraxeko mina dira.

Diagnostikoa baieztatzeko egiten den proba osagarririk ohikoena toraxeko erradiografia da. [9][10][11]

Gaixotasun hau tratatzeko erabiltzen den teknika nagusia torakostomia da. [12]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Charalampidis, Charalampos; Youroukou, Andrianna; Lazaridis, George; Baka, Sofia; Mpoukovinas, Ioannis; Karavasilis, Vasilis; Kioumis, Ioannis; Pitsiou, Georgia et al.. (2015-2). «Pleura space anatomy» Journal of Thoracic Disease 7 (Suppl 1): S27–S32.  doi:10.3978/j.issn.2072-1439.2015.01.48. ISSN 2072-1439. PMID 25774304. PMC 4332049. (Noiz kontsultatua: 2020-10-12).
  2. Netter, Frank H. (Frank Henry), 1906-1991,. Atlas de anatomía humana. (7, séptima edición. argitaraldia) ISBN 978-84-9113-468-8. PMC 1120670161. (Noiz kontsultatua: 2020-10-15).
  3. Chillón Martín, Mª Jesús. EMBRIOLOGÍA, ANATOMÍA Y FISIOLOGÍA PLEURAL. .
  4. Schünke, Michael.. (2015). Prometheus : texto y atlas de anatomía. (3ª ed., mejorada y ampl. argitaraldia) Médica Panamericana ISBN 978-84-7903-980-6. PMC 908137680. (Noiz kontsultatua: 2020-10-13).
  5. «Pleuresía - Síntomas y causas - Mayo Clinic» www.mayoclinic.org (Noiz kontsultatua: 2020-10-13).
  6. (Gaztelaniaz) «Derrame pleural - Trastornos pulmonares» Manual MSD versión para profesionales (Noiz kontsultatua: 2020-10-13).
  7. (Gaztelaniaz) Pleura. 2020-04-25 (Noiz kontsultatua: 2020-10-13).
  8. (Gaztelaniaz) «Hemotórax: qué es, síntomas, causas, prevención y tratamiento» Top Doctors (Noiz kontsultatua: 2020-10-13).
  9. «Neumotórax - Síntomas y causas - Mayo Clinic» www.mayoclinic.org (Noiz kontsultatua: 2020-10-13).
  10. (Gaztelaniaz) Neumotórax. 2020-10-10 (Noiz kontsultatua: 2020-10-13).
  11. (Gaztelaniaz) «Neumotórax» www.fesemi.org (Noiz kontsultatua: 2020-10-13).
  12. (Gaztelaniaz) «Neumotórax - Trastornos pulmonares» Manual MSD versión para profesionales (Noiz kontsultatua: 2020-10-13).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]