PCA agar
PCA agarra (Plaka-kontaketaren agarra ere deitua, PCA ingelesezko sigletan) mikrobiologiako laborategietan erabiltzen den hazkuntza-ingurune solidoa da, bakterio aerobio totalen zenbakia ezagutzeko erabiltzen dena. Hazkuntza-ingurune orokorra da, mikrobio askoren hazkuntza ahalbidetzen dituena (ez baita hautakorra).
PCA agarra asko erabiltzen da ur eta janarien industrietan, bertako produktuen azterketa mikrobiologikoak egiterakoan.
Hazkuntza-ingurune honek kaseina du, bakterioen eskakizun nutritibo asko (nitrogenoa, karbonoa, bitaminak eta mineralak) asetzen dituena. Legamiaren estraktua ere badu, beste bitamina batzuen (B taldekoak, batez ere) iturria dena. Eta daukan glukosa, azkenik, bakterioen energia-iturria da [1].
Plakan egindako isurketaren metodoa erabili ohi da PCA agarrarekin: laginaren mililitro bat Petri plaka batera isurtzen da. Gero, PCA agar urtua (45º C-etan) botatzen zaio gainera eta emeki mugitzen da plaka, lagina hazkuntza-ingurunearekin nahas dadin [2]. Agarra solidotzen denean, plakak inbertituta inkubatzen dira.
Aerobio totalen hazkuntza egokia izan dadin garrantzitsua da oso inkubazioaren tenperatura eta epea. Inkubazioa 48 ordutan eta 37º Cº-tan egin ohi da, baina 5 egunetan eta 22º C-tan ere egin daiteke; azken kasu honetan, onddoak ere haziko dira.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Recuento en placa modificado, Agar Scharlab
- ↑ Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua: 142 orr. ISBN: 978-84-9860-026-1