[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Solapeña errota

Koordenatuak: 42°52′25″N 3°10′27″W / 42.87368°N 3.17427°W / 42.87368; -3.17427
Wikipedia, Entziklopedia askea
Solapeña errota
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaGaubea
Koordenatuak42°52′25″N 3°10′27″W / 42.87368°N 3.17427°W / 42.87368; -3.17427
Map
Arkitektura
Ondarea
EJren ondarea122

Solapeña errota Gaubeako Corro herrian dagoen errota da, Omecillo ibaian kokatuta. Egun nekazal-turismo etxea da.

2002ko martxoaren 22an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Solapeñako errota presa bidezko errota hidraulikoa da eta ditugun lehenengo aipamenak XIX. mendekoak dira. Honako osagai hauek osatzen dute:

  • Azpiegitura hidraulikoaren osagaiak.
  • Errotaren osagaiak.

Azpiegitura hidraulikoaren osagaiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Presari horma zuzen sendo batek eusten dio, horma horrek 6 metroko fronte zuzena du, bere azalera goroldio eta aingira-belarrezko geruzaz estalita dago. Presa ez da sakona. Ataka bi daude: lehena, egurrezko ohol arrunta da eta bigarrena, metalezko txapaz egina eta hormigoizko itxidura batean sartuta dagoena. Bertara joateko oinez joan daiteke ubidearen hegaletatik edo A-2622 bidearen perpendikularra den pista batetik.
  • Ubidea ibaiaren ezker aldean sortzen da eta antepara barne dela 190 metroko luzera du. Lurrean egindako ubidea da eta 1,5 metroko zabalera du, gutxi gorabehera. Ubidearen bideak baratzak ditu inguruan eta erraza da bertaratzea. Presaren inguruan hormigoizko zubi txiki batek zeharkatzen du eta hor ubidea hodi batean sartuta dago.
  • Errotaren antepara edo gaileta ubidea zabaltzen den tokia da eta bere zati bat errotariaren etxearen azpian kokatua dago. Oina erregular samarra da, 100 metroko luzera du eta 8 metroko zabalera. Azken 10 metroak harlangaitzezko fabrikazkoak dira eta gainontzean lurra bera aztertuta egindakoa. Etxebizitzaren azpiko hormak harlanduzkoak dira eta beheak inklinazio handia du ura turtukian indarrez eror dadin. Gailetako urari ehotzeko gela ixten duen hormak eusten dio. Errotaren barrua zeharkatzen duen ubide batek gaileta eta kanpoko gune bat lotzen ditu, gune horretan egon zen lehen soberan geratzen zen urak mugiarazten zuen gurpil bertikal bat edo noria. Antepara edo gailetaren zati bat eraikinak estaltzen du eta lurgaineko putzu erdi bat da errota mugitzen duten gurpiletan erortzen den ura bildu eta kontrolatzeko.
  • Estolda edo anteparatik datorren uraren presioa jasotzen duten errotarriak dauden tokia garaua ehotzeko gelaren azpian dago eta kanpotik ikus daiteke ondo. Estoldak tunel bat eratzen du eta tunelaren ganga landugabeko harri irregularrez egindako puntu erdiko arku lakarra da, dobelaz egina. Horren ondoren, isurbidea dago, eraikitako gorputz biek batzen dutena eta garaua ehotzeko gelaren hormatik sei metrotara dagoen zubiraino doana, noria egon zen gunea eratuz. Zubiak harrizko arkua du eta hormigoiz egindako zati bat du gehituta. Zubi hori igaro ondoren, lau bat metrotara, isurbidea hodi batean sartuta dago.

Errotaren osagaiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikina bien tarteko mehelina duten eraikitako gorputz bik osatzen dute. Gorputzek oin karratua eta angeluzuzena dute, bata, 10x12 metrokoa eta, bestea, 7x18 metrokoa.

  • Lehen gorputzak behe solairua, lehena eta teilatupea ditu. Lehen solairuan etxebizitza dago, behe solairuan, ostera, garaua ehotzeko gela, ura biltzen duen antepara eta bi korta. Bi isurialdeko estalkia du teila zeramikoz egina eta gailurra ipar-ekialdeko fatxadarekiko perpendikularra dena. Etxerako sarrera hego-ekialdeko fatxadan dago errotaren isurbidearen ondoan.
  • Bigarren gorputzak behe solairua eta lehena ditu. Beheko solairua osoa biltegia da eta lehen solairua gelaz betea dago, estalkia hiru isurialdekoa da teila arabiarrez egina eta faldoia hego-ekialdera du, hego-ekialde horretan dago biltegirako sarrera era asimetrikoan jarria. Hego-mendebaldeko fatxada segida erregularrean jarritako bost baoz egina dago, hain zuzen ere, diren gelei dagozkien baoak, eta behe solairuak ordea, bi bao baino ez ditu. Ipar-mendebaldeko fatxada bao bakarreko hormatal itsua da.

Sarrera nagusia bertaratzeko bidearen alboan dago hego-ekialdera begira eta bai etxebizitzara bai ehotzeko gelara sartzeko atarira heldu aurretik, horrelako gune aske bat du.

Beheko solairuan eraikinaren erdi-erdian eta eraikitako gorputz bien lotura egiten ehotzeko gela dago, bai biltegira bai etxebizitzaren eskaileren tokira komunikatzen dena. Antepara eraikinean sartzen da eraikitako gorputz bien bolumenean tokia eginez eta bere zati bat etxebizitzaren azpian kokaturik dago.

Errotak hareharrizko harlanduz egindako eskantzuak ditu nahiz eta ondo ikusi ezin fatxadak duten entokadura dela medio. Eraikinak ez du ez apaingarririk ez dekoraziorik. Egitura egurrezkoa da eta karga-hormak ditu baina antepararen gaineko horma askoz ere meheagoa da.

Errotaren barru aldean ehotzeko gela da banaketarik ez duen gune bakarra eta bertan errotarrien aurrealdeko pasilloa dago sarrerako ate bien erdi parean (ataritik eta biltegitik) eta azalerarik gehien hartzen duen tokia, hau da, harri pare biak dauden tokia. Ehotzeko gelak leiho bat du eta bertatik antepara ikusten da, gainera, eraikinaren mehelin-hormaren ondotik airean kokatutako ubide batek zeharkatzen du.

Makineriaren osagaiak:

  • Harri bakoitzak bi errota biribil pixka bat ganbilak direnak, habetzanak eta bolantea ditu. Habetzana errota estatikoa eta finko jarria da. Bolantea transmisioko ardatz bertikaletik mugitzen da eta bira egiten du habetzanaren gainean. Harri biek ziztada edo ildaska txikiak dituzte eginda eta bolanteak ezkutuan daude gutxi gorabehera 60 zentimetroko altuera duten egurrezko koroa edo hauts-babes hexagonalak estaltzen dituztelako. Bolantea goitik behera ere mugi daiteke garaua zenbat eho erregulatzeko. Harriak muntatu eta aldatzeko egurrezko beso bat ere kontserbatu izan da.
  • Bi tobera, kaxa prismatikoen antzekoak, inbutu moduan jarrita garauak bertan botatzeko, harri pare bakoitzaren gainean jarrita daudenak. Egurrezkoak dira eta sekzioa piramide-enborrekoa dute; eskuz bete behar dira eta 100 kiloko kapazitatea dute
  • Tobera bakoitzari eusten bi egitura osagarri daude aldamio modura jarrita eta hor bertan dago karraka ere jarrita. Karrakak, arranak eta soka fin batek osatzen duten egiturak toberaren azpiko aldean kokatuta dagoen kaxa mugikorra jo eta okertu egiten du. Modu horretan hauts-babes eta errotaren begian isurtzen den garaua erregulatzen da.
  • Egurrezko goitik beherako ardatz bik lotzen dituzte tortokiak eta bolantea. Ardatz edo zuhaitz bakoitzak metalezko gurpil hidraulikoa du bere barrenean eta horra erortzen da ura; antzina egurrezkoak izaten ziren. Tortoki bata desmuntatuta dago eta karkaboan dago, ardatz bertikalaren ondoan.
  • Honako tresneria dago: anega bat, harria lantzeko erremintak eta beste tresna batzuk. Ez dago lakaririk. Energia transmititzeko ardatz batzuk daude ehotzeko gela eta ondoko gela edo biltegia lotzen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa