[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Latsagia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Latsarri» orritik birbideratua)
Kanboko latsarria, Lapurdi.

Latsagia edo garbilekua arropa garbitzeko erabiltzen zen eraikuntza da. XVIII. mendetik aurrera eraiki ziren, eta askotan, ibai baten ondoan egoten ziren. Gaur egun, latsagia asko zaharberritu dituzte eta turismo erakargarri gisa balio dute. Haietan garbiketan jarduten zuten emakumeek kantatzen zituzten abestiak garaiko herri-kulturaren adierazgarri dira.

Latsagia hitzaz gain bestelako batzuk ere erabili dira, hala nola ikuztegi, garbitoki, garbileku, garbitegi, latsa, lixiba-putzu, lixiba-aska, latsaleku, latsategi eta gobada-leku .

Latsagian arropa garbitzeko erabiltzen den harriari latsarri deritzo. Metonimiaz, askotan latsarri deitu izan zaio eraikinari. Harri horrek lixibarri, gobadarri edo bokatarri izenak ere jasotzen ditu.

Lumo. XIX. mendeko multzo arkitektonikoa, iturria, aska eta latsagia (teilapean) biltzen dituena.

Latsagien tipologia oso ugaria denez, azterketa etnografikorako eremu interesgarria da. Tradizionalki, jendeak ura erabiltzeko instalakuntzak hiru motatakoak izan dira: iturriak, ganadu-edanlekuak eta latsagiak. Hirurak oso lotuak, askotan bata bestearen ondoan daude, edo are eraikin bakarrean, beti orden berean: lehenengo, iturriak; gero, edanlekuak; azkenik, latsagiak. Inoiz, hiru elementuotako bat falta da, edo banatuta daude, edo iturriak ganadu-edanleku eta latsagi paraleloak dira, baina beti, arropa garbitzeko lekuak edateko ura ez kutsatzea bilatzen da.

Latsagiaren eraikin batzuk aire librekoak dira; beste batzuk, berriz, teilatua dute, garbitzaileak euritatik babesteko. Teilatuak handiak izaten ziren, lau, bi, zein isurbide bakarrarekin; zurezko egiturarekin, eskuarki, eta teilaz estaliak. Batzuetan, ez zuten hormarik; besteetan, bai, gehienetan ipar haizetik babesteko edo alde guztietatik itxita egoten ziren.

Uraren erabilpenari buruz, kasu batzuetan latsagia erreka baten gainean eraikitzen zen, korrontea alde batetik sartu, eta bestetik ateratzen zela. Bistan denez, latsagi horietan bokata errazago egiten bide zen, ur korrontearen laguntzaz; baina gehienetan, ura presa batetik ekarritako andapara batek ekarria zen. Kasu horietan, ez da arraroa presa horrek errota eta latsagia batera elikatzea.[1]

Bestalde, oinarrizko elementuez gain (aska eta latsarria) batzuek gehigarriak ere zituzten: tresnak, arropa edo xaboia uzteko apalak, aska desberdinak (garbitzeko, xaboia kentzeko...), ura berotzeko sutegia, lixiba egosteko tresnak (lixiba-ontzia, oinarri edo tremixa,[2] pertza...). Halere, latsagi erosoenak ez ziren publikoak izaten, monasterio edo jauregi aberatsetako instalakuntza pribatuak baizik.[1]

Lagarto xaboi-pastilla

Lagarto eta Chimbo xaboi-pastillak oso erabiliak izaten ziren garbitoki haietan. Euskal Herrian jatorria zuten xaboi horiek oso ezagun egin ziren Espainia osoan XX. mendean, baita etxeko xaboiaren sinonimo bihurtzeraino ere.[3][4] Marka biek arropa-garbitokien inguruan ohikoa zen animalia baten izena hartu zuten: batak, Lagartoa (muskerra), eta besteak, Chimbo (txinboa).

Irudi galeria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Euskal Herriko latsarriak.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Hidalgo, Juanjo. (2006). Hacer la colada, una dura tarea del pasado en manos de mujeres.. AVNIA Kultur Elkartea, 15 zenbakia, 68-86 or. or..
  2. «¿Estela? ¿Piedra de lavar? ¿Base de lavadero?... | vacarizu.es» vacarizu.es (Noiz kontsultatua: 2021-06-16).
  3. ABC. Una de las industrias de más solera de San Sebastián cumple los cien años (Gaztelaniaz)
  4. «Jabón Chimbo, Jabón tradicional puro, desde 1863» www.jabonchimbo.com (Noiz kontsultatua: 2021-04-29).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]