Joan Didion
Joan Didion (Sacramento, Kalifornia; 1934ko abenduaren 5a - New York, 2021eko abenduaren 23a) estatubatuar idazle eta kazetaria izan zen, ezaguna idatzi zituen nobela eta saiakerengatik.
Haurtzaroa eta gaztaroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Didion gazte hasi zen idazten, bost urte baino ez zituela, nahiz eta, dioenez, ez zuen bere burua idazletzat ikusi harik eta bere lanak editatu zituzten arte. Haur lotsati eta liburuzaletzat zuen bere burua, eta jendaurrean aritzeak eragiten zion antsietatea gainditzera behartu zuen bere burua, antzerkiaren eta jendaurrean hitz egitearen bidez. Eskuetara iristen zitzaion guztia irakurtzen zuen. Nerabezaroan, Ernest Hemingwayren liburuak tekleatzen zituen, esaldien egiturek nola funtzionatzen duten ikasteko. [1]
Didionen haurtzaroko heziketa ez zen ohikoa izan. Haurtzaindegira joan bazen ere eta lehen mailako ikasketak egin bazituen ere, normalean ez zen eskolara joaten; izan ere, II. Mundu Gerran aita Armadako Aireko Gorputzean zegoen eta behin eta berriz lekualdatzen zuten familia. 1943an edo 1944 hasieran, familia Sacramentora itzuli zen, eta aita Detroitera joan zen, II. Mundu Gerrako defentsarako kontratuak negoziatzera. Where I Was From 2003ko lanean, Didionek idatzi zuen hainbeste bider lekuz aldatzeak betiko outsider sentitzea eragin ziola.[1]
1956an, Kaliforniako Unibertsitatean (Berkeley) Ingeleseko gradua lortu zuen.[2] Azken urtean, "Prix de Paris" delako saria irabazi zuen[2], Voguek babestutako sari bat. Horri esker, lana lortu zuen aldizkarian, ikerketa-laguntzaile gisa. San Frantziskoko William Wilson Wurster arkitektoari buruzko lan bat idatzi zuen.[3]
Ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Voguen zazpi urte egin zituen. Han zegoela, eta Kaliforniarekiko herriminez, lehen nobela idatzi zuen, Run River, eta 1963an argitaratu zen. John Gregory Dunne idazle eta kideak lagundu zion liburua editatzen, eta biak elkarrekin bizitzera joan ziren apartamentu batera. Urte bat geroago ezkondu ziren, eta Didion Kaliforniara itzuli zen senarrarekin. 1968an, ez-fikzioko lehen liburua argitaratu zuen: Slouching Towards Bethlehem, Kaliforniako bere bizipenen kazetaritza-lanen bilduma bat.[3]
1970ean, Didionen Play It as It Lays nobela argitaratu zen, zeina Hollywooden kokatua baita. 1977an, berriz, A Book of Common Prayer argitaratu zuen. 1979an, The White Album argitaratu zuen; hori ere aurrez beste hedabide batzuetan (Life, Esquire, The Saturday Evening Post, The New York Times eta The New York Review of Books) argitaratutako oharren bilduma bat da.
Bestalde, Salvador (1983) saiakera publikatu zuen 1983an, zeina senarrarekin El Salvadorren egindako bi asteko bidaia baten ondoren idatzi zuen. Hurrengo urtean, Democracy nobela argitaratu zuen; bertan, oinordeko aberats baten eta gizon helduago baten arteko maitasun afera kontatzen da, Gerra Hotzaren eta Vietnamgo Gerraren testuinguruan. 1987an Miami argitaratu zuen, ez-fikzioko lana, Miamin bizi ziren Kubako atzerriratuen berri ematen duena.
1992an, After Henry argitaratu zuen, geografiari buruzko hamabi saiakeraren bilduma, Henry Robbinsen oroimenez idatzia; bera izan zen Didionen editorea 1966tik 1979an hil zen arte. 1996an, The Last Thing He Wanted thriller erromantikoa argitaratu zuen.
Didionek eta Dunnek (senarra) elkarrekin lan egin zuten beren ibilbidean. Biek hainbat gidoi idatzi zituzten elkarrekin, besteak beste, Play It As It Lays Didionen nobelaren egokitzapena (1972an); filmeko protagonistak Anthony Perkins eta Tuesday Weld izan ziren. Halaber, bikotea zortzi urtez Jessica Savitch kazetariaren biografia Up Close & Personal filmerako egokitzeko lanean aritu zen.
Didionek The Year of Magical Thinking idazteari 2004ko urriaren 4an ekin zion, eta 88 egun geroago amaitu zuen eskuidatzia, Gabon Zahar egunean[4]. Bere senarraren heriotzaren eta bien alabaren, Quintana Roo Dunne Michaelen, gaixotasun larriaren aurrean izan zuen erantzunari idatzitako narrazio-lana da.
2006an, Everyman's Library-k We Tell Ourselves Stories in Order to Live argitaratu zuen, Didionen lanen zati handi baten bilduma bat; berak idatzi zituen lehen zazpi ez-fikziozko lanak osorik bilduta daude, eta John Leonard kritikariaren hitzaurrea du.
2007an, The Year of Magical Thinking lanaren antzerkirako egokitzapena idazten hasi zen. Scott Rudinek ekoitzi zuen, eta Broadwayko estreinaldian Vanessa Redgravek antzeztu zuen. Antzerkirako idaztearekin hasieran zalantzati bazegoen ere, generoa, berria berarentzat, zirraragarria iruditu zitzaion.[5]
2011n, Knopf-ek Blue Nights argitaratu zuen, zahartzeari buruzko memoria bat.[6] Liburuaren ardatza Didionen alaba da, zeina hil baitzen The Year of Magical Thinking argitaratu baino lehenxeago. Bien arteko harremana "zintzotasun harrigarriz" landu zuen bertan.[7] Halaber, Didionek ume bat adoptatu eta hezterakoan bizi izan zituen kezkez eta zahartze-prozesuaz ere hitz egiten du.[8][9]
2017an, Netflixen berari buruzko dokumental bat eman zuten argitara: Joan Didion. The Center Will Not Hold izenekoa. Haren ilobak zuzendu zuen, Griffin Dunek.
Estiloa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kazetaritza berria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kazetaritza berriaren xedea zera da: egitateak kontatzea, teknika literarioak baliatuta. Honela ere deskribatzen da estilo hori: sormenezko ez-fikzioa, kazetaritza intimoa edo literatura ez-fikziokoa. Kazetaritza Berriko idatziak "egitateak soilik kontatzetik" harago joaten dira, eta egoerarekin eta agertokiekin autoreak izan zitzakeen hartu-emanetan jartzen dute ardatza. Gainera, estiloak aukera ematen dio autoreari era askeagoan sortzeko. Horrek lagundu diezaioke autoreari egia eta errealitatea bere begietatik errepresentatzen. Subjektibotasuna erakustea da Kazetaritza Berriaren ezaugarri nagusia. Hala, autorearen ahotsa garrantzitsua da irakurlearen iritziak eta pentsaerak sortzerakoan, lanari dagokionez.[10]
Didionen Slouching Towards Bethlehem izan daiteke Kazetaritza Berriak esan nahi duenaren eredu; izan ere, 1960ko hamarkadako Ameriketako bizitzen balio kulturalak eta esperientziak aztertzen ditu. Didionek bere sentipen eta oroitzapenak txertatzen ditu lehen pertsonan, banakoen kaosa eta mundua nola antzematen duten deskribatzerakoan. Hala, Didionek kazetaritza konbentzionalari uko egiten dio, eta saiakerarako zera subjektibo bat eraikitzen du, berea den estilo bat.
Idazteko estiloa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Didioni funtsezkoa iruditzen zaio esaldiaren egitura bere lanean transmititzen ari denari dagokionez. New York Timeseko "Why I Write" (1976) artikuluan adierazi zuenez, "esaldi baten egitura aldatzeak esaldi horren esanahia aldatzen du, kameraren kokalekuak argazkian agertzen den objektuaren esanahia aldatzen duen bezala... Hitzen ordenak garrantzia du, eta nahi duzun kokalekua zure buruko ideian topa daiteke... Irudiak esaten dizu nola ordenatu hitzak, eta hitzen ordenak esaten dizu, edo niri esaten dit, zer gertatzen den irudian".[11]
Didionengan eragin handia izan zuen Ernest Hemingwayk; haren idatziek erakutsi zioten Didioni esaldien ordenak zer eragin duen testuan. Henry Jamesen eragina ere izan zuen, zeinak "esaldi perfektu, zeharkako eta konplikatuak" baitzituen, eta George Elioten eragina ere izan zuen.[12]
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fikzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Run, River (1963)
- Play It as It Lays (1970)
- A Book of Common Prayer (1977)
- Democracy (1984)
- The Last Thing He Wanted (1996)
Ez-fikzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Slouching Towards Bethlehem (1968)
- The White Album (1979)
- Salvador (1983)
- Miami (1987)
- After Henry (1992)
- Political Fictions (2001)
- Where I Was From (2003)
- Fixed Ideas: America Since 9.11 (2003) Frank Richek idatzitako aitzinsolasa du.
- Vintage Didion (2004). Lehenagoko lan batzuetako zati hautatuak.
- The Year of Magical Thinking (2005)
- We Tell Ourselves Stories in Order to Live: Collected Nonfiction (2006). Ez-fikzioko lehen zazpi lanak biltzen dituen lana.
- Blue Nights (2011) (ISBN: 9780307267672)
- South and West: From a Notebook (2017) (ISBN: 9781524732790)
- Let Me Tell You What I Mean (2021)
Gidoiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- The Panic in Needle Park (1971). John Gregory Dunnerekin idatzia, James Millsen nobelan oinarrituta.[13]
- Play It as It Lays (1972). John Gregory Dunnerekin idatzia, Didionen nobelan oinarrituta.[14]
- A Star Is Born (1976). John Gregory Dunnerekin idatzia.[15]
- True Confessions (1981). John Gregory Dunnerekin idatzia, eta haren nobelan oinarrituta.[15]
- Up Close & Personal (1996). John Gregory Dunnerekin idatzia.[16]
- As it Happens (2012). Todd Fieldekin idatzia.[17]
Antzezlanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- The Year of Magical Thinking (2007). Berak idatzitako izen bereko lanean oinarrituta.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b (Ingelesez) «Joan Didion» Academy of Achievement (Noiz kontsultatua: 2020-07-01).
- ↑ a b (Ingelesez) Als, Interviewed by Hilton. (2006). The Art of Nonfiction No. 1. ISSN 0031-2037. (Noiz kontsultatua: 2020-07-01).
- ↑ a b (Ingelesez) Kakutani, Michiko. (1979-06-10). «Joan Didion: Staking Out California» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2020-07-01).
- ↑ (Ingelesez) «Joan Didion on Losing Husband John Dunne and Daughter Quintana Roo - Nymag» New York Magazine (Noiz kontsultatua: 2020-07-01).
- ↑ «Guernica / Seeing Things Straight» web.archive.org 2006-06-01 (Noiz kontsultatua: 2020-07-01).
- ↑ «Didion to release new book in 2011.» web.archive.org 2012-03-07 (Noiz kontsultatua: 2020-07-01).
- ↑ «Blue Nights by Joan Didion» Knopf Doubleday (Noiz kontsultatua: 2020-07-01).
- ↑ «Details Emerge About “Blue Nights”» web.archive.org 2012-03-21 (Noiz kontsultatua: 2020-07-01).
- ↑ (Ingelesez) Banville, John. (2011-11-03). «Joan Didion Mourns Her Daughter» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2020-07-01).
- ↑ www.english.upenn.edu (Noiz kontsultatua: 2020-07-01).
- ↑ (Ingelesez) Didion, Joan. (1976). Why I Write. .
- ↑ (Ingelesez) Kuehl, Interviewed by Linda. (1978). The Art of Fiction No. 71. ISSN 0031-2037. (Noiz kontsultatua: 2020-07-01).
- ↑ The Panic in Needle Park (1971) - IMDb. (Noiz kontsultatua: 2020-07-02).
- ↑ Play It As It Lays (1972) - IMDb. (Noiz kontsultatua: 2020-07-02).
- ↑ a b A Star Is Born. (Noiz kontsultatua: 2020-07-02).
- ↑ Up Close & Personal (1996) - IMDb. (Noiz kontsultatua: 2020-07-02).
- ↑ «Joan Didion and Todd Field Are Co-writing a Film -- Vulture» web.archive.org 2016-12-22 (Noiz kontsultatua: 2020-07-02).