Idi-dema
Idi-dema edo idi proba Euskal Herriko dema mota tradizional eta herri kirola da, zeinean idi-pare batek (bakan batzuetan idi kopurua handiagoa bada ere) 1.500 eta 4.500 kilogramo arteko probarria izeneko harria probaleku edo plaza batean zehar denbora mugatu batean ahalik eta distantzia luzeena (iltze izeneko unitatetan neurtuta) helburu duen herri kirola da. Idiak gidatzen dituenari idi-probalari edo itzain deritzo.
Idi-demaren jatorria antzinean euskal baserritarrek lurra lantzeko eta garraiorako erabiltzen zuten idietan dago. Lan horietatik erronka eta apusturako jokoa sortu zen. Gaur egun idien erabilera mekanizazioaren ondorioz ia guztiz galdu den arren, oraindik ospatzen dira idi-demak Euskal Herriko herrietan, bereziki jaietan, erakustaldi moduan. Kantabria, Asturias eta Kanariar Uharteetan ere jokatzen da.
Demarako idia eta uztarria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zezenak urtea bete aurretik zikiratzen dituzte. Kasurik gehienetan jadanik antzuak daudela erosten dituzte euskal baserritarrek. Idi-probetan erabilitako idiaren pisua 450 eta 650 kilo artekoa izaten da lehiaketarako. Baina badira salbuespenak ere, Iturrinoren 1.450 kilo pisatu zituen idia edo "Kortaren" 1.380 kilokoa kasu. Bizkaian altuera txikiagokoa eta pisu gutxiagokoa erabili ohi da.
Garai batean demarako idiak baserrian lan egiten zuen eta aposturen bat gerturatzen zenean, lan gutxiago egiten zuen eta elikadura berezia ematen zitzaion. Gaur egun, idiak lehiaketarako bakarrik gordetzen dira kortan. Lehiaketako idia egunero mendian barrena ibilarazten dute zangoak sendotzeko, 5 kilometro inguru. Ukuiluan tokirik onena gordetzen zaio. Tarteka, probaren bat egiten dute harriren batekin idiak herresta-lanetan jarduteko ohitura gal ez dezan.
Euskal Herriko uztarria adarrekoa da: garondoan jarri eta adarretan lotzen da. Ia beti bikoitza da, idi pare bat uztartzekoa alegia. Uztargileen kopuruak gainbehera egin du eta ia galtzear daude, egun bakarren bat baino ez da gelditzen Gipuzkoan.
Probarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oraindik ere hainbat herritan bertako baserritarrek beren idi-pareen indarrak probatzen zituzteneko harria bertan dago. Orain ez dira bi idi-pare soilik lehian aritzen lehen bezala. Ikusgarritasunaren mesederako, zenbaitetan, 35 bikote ere aritzen dira dema irabazi nahian. Noski, horretarako bereziki egokitutako lekuak behar dira jendea bertaratzeko. Hori dela eta, gaur egun harriak zezen-plazetan edo frontoi estalietan daude gehienbat.
Harria errektangularra da, zertxobait estuagoa aurreko aldean, non zulo bat landua duen katearentzako. Pisua oso aldakorra da, 1.500 eta 4.000 kilo bitartekoa izan daiteke. Tolosako harriak 4.000 kilo pisatzen ditu, eta Gernika eta Mungiakoek 4.500 kilo. Berriatuako udal proba-tokian bada 5.250 kiloko bat, baina 1950etik ez dute erabili. Antzinako desafioetan oso harri handiak erabiltzen ziren. Gaur egungo lehiaketetan txikiagoak aukeratzen dituzte, jendeak plaza asko egitea nahiago duelako, distantzia luzeagoa egitea alegia. Horrela ikuskizuna handiagoa da.
Probalekua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Probalekuak guztiz horizontala izan behar du, maldarik gabea eta askotan herriko plazan kokatzen da. Harria harkoskor biribilez osatutako zoruaren gainetik eramaten dute herrestan. Hau harriaren eta zoruaren arteko marruskadura gutxitzeko da horrela. Badira galtzada harrizko plazak ere, baina jabeek ez dituzte gustukoak. Izan ere, idiak etengabe irristatzen dira apatxak ezin dituztelako ondo finkatu. Jendearen arabera hobeak omen dira ibaiko uharriak hondartzetakoak baino. Plazaren luzera aldatu egiten da herri bakoitzaren arabera. Distantzia 22 eta 28 metro bitartekoa izaten da.
Akuilatzaileak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Akuilatzaileek laguntza eskaintzen diote idiari, edo pareari, beren ahaleginean. Akuiluaz edo metalezko punta zorrotza duen makilaz idia atzetik zirikatzen dute. Kopurua apustuan finkatutako baldintzen menpekoa da, edo araudiak adierazten duenaren menpekoa lehiaketetan. Gaur egun, kasu askotan akuilatzaileak kontratatu egiten dituzte.
Dema
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Denbora jakin batean ahalik eta plaza gehien egitean datza idi-demaz. Garai batean idi-pare bakoitzak eginiko lanak bi orduko iraupena ere izan zezakeen. Geroztik asko laburtu da denbora eta ordu erdi da iraupen normala, baina apustuetan luzatu daiteke.
Behin plazan eta ordua iritsitakoan, epaile eskudunak txanden zozketa egiten du. Lehena izatea kaltegarritzat jotzen da, ez baitago beste arerioen lanaren erreferentziarik. Baina beti ez da hobea izaten azken tokian aritzea, aurrekoek marka handia egiten badute, horrek etsipena eragin dezake eta. Irteera-agindua txistua joz ematen da.
Itzainak eta akuilatzaileek idien esfortzua neurtu behar dute, hasieratik ahitu gabe. Harria plazaren erdian gelditzea ere saihestu behar da, hasierako abiaraztean esfortzua bikoizten baitu. Eta batez ere, harria plazaren zabalera markatzen duen marratik atera ez dadin saiatu behar da, harria falta eginiko mugara itzuli behar baitute. Harria plazaren bukaeraraino iristen denean, bira eman eta hasierako puntura itzultzen dira. Denbora-epea edozein izanda ere, behin amaitu ondoren, epaileek egindako distantzia neurtzen dute, eta plazetan, zintetan eta zentimetrotan ematen dute.
Idiak arrastaka eraman dezakeena bere pisuarekiko proportzionala denez, gainkargak egoten dira. Harriaren gainean jartzen diren areaz betetako zakuak dira eta animaliaren pisuaren arabera jartzen dira: idi-pare batek baimendutako gehienezko pisua gainditzen duenean (1.100 kilo inguru), mugatik gorako kilo bakoitzeko harriari kilo eta erdiko gainkarga jartzen zaio.
Beste herrialde batzuetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bizkaiko Itsasoko isurialdean, Espainiako Asturias eta Kantabria eskualdeetan ere egiten dira idi-demak, baina ez harriekin, baizik eta pisu handiak ezarriz narra baten gainean (narria esaten diote gazteleraz eta asturieraz)[1].
Kanariar Uharteetan, idiekin barik, behi eta zezenekin egiten dira demak (bi behi edo bi zezen jarrita uztarrian, ez nahastuta), eta han ere narra erabiltzen da, 100 kiloko zakuak jarriz gainean. Narrari corsa esaten diote Kanarietan[2].
Aldaera hauetan, harrizko probalekuetan barik, lur edo zelai gainean egiten dira demak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) «EL BUEN TIEMPO PERMITE CELEBRAR UNA ANIMADA FERIA Y EL CONCURSO DE ARRASTRE DE GANADO» SAN VICENTE DE LA BARQUERA 2019-01-28 (Noiz kontsultatua: 2020-06-26).
- ↑ «Deportes y juegos tradicionales - GRAN CANARIA - (GEVIC) Gran Enciclopedia Virtual Islas Canarias» www.gevic.net (Noiz kontsultatua: 2020-06-26).