Heribert Barrera
Heribert Barrera i Costa (Bartzelona, 1917ko uztailaren 6a - ib., 2011ko abuztuaren 27a) kataluniar politikari eta kimikaria izan zen.
Martí Barrera i Maresma kataluniar politikari eta sindikalistaren semea zen. Bizitza osoa Kataluniako Errepublikaren alde borrokatzeari eskaini zion, horregatik kataluniar independentismoaren erreferente historikoetako bat bilakatu da,
1980-1984 artean, Kataluniako Parlamentu ezarri berriko lehenbiziko lehendakaria izan zen. Bestalde, 1991-1995 artean ERC alderdiko lehendakaria ere izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Barrera Bartzelonan jaio zen, 1917an, baina gurasoek Girona aldean zituzten sustraiak, Empordà eskualdean [1]. Aita Martí Barrera, sindikalista ezaguna izan zen, eta baita ERCko kidea ere bere sorreratik (1931).
Gazte zelarik, 1935ean, ERCren gazte erakundean sartu zen. Bartzelonako unibertsitatean hasi zituen Kimika ikasketak, Espainiako gerra zibilak eten zituenak. Boluntario gisa izena eman zuen eta fronte batzuetan borrokatu zen. Gerra galduta, Frantziako erbestera joan zen eta Okzitaniako Montpellierren finkatu [2], beste intelektual eta politikari katalan batzuekin (Pompeu Fabra, Roviri i Virgili, Carles Riba, etab.) [3]. Montpellierren bukatu zituen Kimikako ikasketak eta, geroago, Parisko Sorbonan Fisikan doktoratu zen.
1952an Kataluniara itzuli zen frankismoaren aurkako erresistentzian aritzeko. Bartzelonako unibertsitateko ateak itxi zitzaizkion, Francoren aldeko derrigorrezko atxikimendua sinatu ez zuelako, eta enpresa pribatuan jardun zuen kimikari gisa. 1968an, baina, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan sartu zen, eta 1970ean katedra bat eskuratu zuen bertan, Kimika Inorganikoaren arlokoa.
1976an ERCko idazkari nagusia izendatu zuten, eta 1977an Espainiako Kongresuaren diputatu bihurtu zen. Espainiako Konstituzioaren eztabaidetan parte hartu zuen, eta aurrera atera ez ziren zuzenketa batzuk aurketu zituen, Kataluniako eskubide nazionalak defendatzeko [4]
1980 eta 1984 urteen artean, Kataluniako parlamentuaren lehendakaria izan zen, eta europarlamentaria 1991 eta 1994 artean, Herrien Europa koalizioan (EAk, ERCk eta PNGk osatua).
Haren azken agerpen publikoa 2010eko uztailaren 10eko manifestazio erraldoian izan zen, Bartzelonan antolatua ("Som una nació, nosaltres decidim") Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako estatutuaren proiektu berriaren artikulu garrantzitsu batzuk indargabetu zituenean. Manifestazio jendetsu horren buruan egon zen [5]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Sinca, Genís: Heribert Barrera, l'ultim republicà Ed. Columna (2006), 33 orr. ISBN: 84-664-0711-1
- ↑ Faulí, Josep Heribert Barrera, entre la ciencia y la política Destino, 01-02-1979, 8-11 orr.
- ↑ Sinca, Genís: Heribert Barrera, l'ultim republicà Ed. Columna (2006), 68 orr. ISBN: 84-664-0711-1
- ↑ Torra evoca Heribert Barrera i Lluís Maria Xirinacs el dia de la Constitució larepublica.cat, 2021-06-20an
- ↑ Èxit incontestable d'una jornada històrica Vilaweb, 2010-07-10
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Heribert Barrera |