[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Balba mitral

Wikipedia, Entziklopedia askea
Balbula mitrala» orritik birbideratua)
Balba mitral
Xehetasunak
Identifikadoreak
Latinezvalva atrioventricularis sinistra
MeSHA07.541.510.507
TAA12.1.04.003
FMA7235
Terminologia anatomikoa

Balba mitrala balba bikoitz edo ezkerreko balba aurikulobentrikularra bezala ere ezagutzen dena, ezkerreko atrioaren eta bihotzean ezkerreko bentrikuluaren artean dagoen bi hegaleko balba bat da. Balba mitrala eta balba trikuspidea balba aurikulobentrikularrak bezala ezagutzen dira, atrioen eta bihotzeko bentrikuluen artean daudelako.[1]

Baldintza normaletan, odola diastolean irekitako balba mitraletik isurtzen da ezkerreko atrioaren uzkurdurarekin, eta balba mitrala, ezkerreko bentrikuluaren uzkurdurarekin ixten da sistolean. Balba ireki eta itxi egiten da presio-diferentzien ondorioz, ezkerreko atrioan bentrikuluan baino presio handiagoa dagoenean irekiz eta ezkerreko bentrikuluan atrioan baino presio handiagoa dagoenean itxiz.[2]

Ezohiko baldintzetan, odola atzerantz jariatu daiteke balban zehar (erregurgitazio mitrala) edo balba mitrala estutu daiteke (estenosi mitrala). Gaixotasun kardiako erreumatikoak sarritan eragiten dio balba mitralari; balbak ere adina aurrera egitean prolapsatu ahal du eta endokarditis infekzioso batek erasotzea. Balba mitralak, bere izena, gotzain baten mitratik jasotzen du, bere hegalen antza duena.[3][4]

Balba mitralak 4-6 zentimetro karratuko azalera izaten du ( eta trikuspidea baino txikiagoa da) eta bihotzaren ezkerraldean kokatzen da, ezkerreko atrioaren eta ezkerreko bentrikuluaren artean. Bi balbula ditu (edo "kuspideak"), erdi aurrekoa edo aurrekoa eta atze albokoa edo atzekoa. Balba mitralaren irekidura, annulus mitral bezala ezagutzen den zuntzezko eraztun batez inguratua dago, hau da, balbulak bertan ezartzen dira. Aurrekoa eraztunaren aurre erdialdean lotuko da eta atzekoa atze alboan. Aurreko balbulak balba osoaren bi heren inguru estaltzen ditu. Hala ere, aurreko balbulak, eraztunaren zati handi bat hartzen duen eta gehiago altxatzen den arren, atzeko balbulak, azalera handiagoa du.

Ezkerreko zuntz-eraztuna edo eraztun mitrala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Eraztun mitral.

Bihotzak zuntzezko eskeletoa izango du eta 4 eraztun ezberdinez osatzen da; eskuineko zuntz-eraztuna (balba trikuspidearen ertzak egongo dira txertatuta), ezkerrezko zuntz-eraztuna (balba mitralaren ertzak egongo dira txertatuta), aorta balbaren zuntz-eraztuna (aorta balbaren egiturak hemen egongo dira lotuta), birika balbaren zuntz-eraztuna (birika balbaren egiturak hemen egongo dira lotuta). Beraz, eraztun hauetara lotuko dira bihotz balbak.

Ezkerrezko zuntz-eraztuna edo eraztun mitrala, izango da balba mitrala inguratuko duena. Eraztun mitralaren diametro normala 2,7 eta 3,5 zentimetro artekoa da, eta zirkunferentzia 8 eta 9 zentimetro artekoa. Honek, muntatzeko aulki forma du, eta formaz aldatzen da bihotz-zikloan zehar. Eraztunaren hedapenak, balbulak elkarrekin ondo ez elkartzea eragin dezake eta honek, balba mitralaren gutxiegitasuna. Ondorioz,  balban berrahoratze funtzional bat eman daiteke.

Balba mitraleko tendoi sokak eta balbak.

Balbaren balbulek ezin dute ezkerreko atriorantz prolapsatu tendoi-soken eraginez. Tendoi-sokak tendoi inelastikoak dira, mutur batean ezkerreko bentrikuluko papila-giharrei eta bestean balben kuspideei lotuak. Papila-giharrak ezkerreko bentrikuluko hormako hatzen antzeko proiekzioak dira.

Ezkerreko bentrikulua uzkurtzen denean, bentrikuluaren presioak balbula ixtera behartzen du, eta tendoiek, berriz, balbulak elkartuta mantentzen dituzte (koaktibatzen) eta balbula norabide okerrean irekitzea eragozten dute (horrela, odola ezkerreko aurikulara itzultzea saihesten da). Soka bakoitzak lodiera desberdina du. Finenak balbulen bazter askeari lotuta daude, eta lodienak (paldo-hariak), berriz, bazter asketik urrunago. Jarrera horrek ondorio garrantzitsuak ditu estres sistolikoaren banaketaren fisiologian.[5]

Bihotzaren ezkerraldea. Balbula mitrala eta tendoi-sokak soka zuri gisa ikus daitezke. Hauek, bentrikuluko muskuluei lotzen zaizkien papila-giharretara konektatzen dira.

Ezkerreko bentrikulu-diastolean, miokardio bentrikularraren erlaxazioaren ondorioz ezkerreko bentrikuluan presioa jaitsi ondoren, balba mitrala ireki egiten da, eta odola ezkerreko aurikulatik ezkerreko bentrikulura joaten da. Balba mitraletik igarotzen den odolaren % 70 eta % 80 artean ezkerreko bentrikulua betetzeko fase goiztiarrean pasatzen da. Betetze fase goiztiar hau miokardio bentrikularraren erlaxazio aktiboaren ondorio da, ezkerreko aurikulatik, balbula mitralaren bidez, odola azkar pasatzea ahalbidetzen duen presio gradiente bat sortuz.

Ezkerreko aurikularen uzkurdurak (ezkerreko diastole bentrikularrean ematen den sistole aurikularrean) balbula mitraletik geratzen den odola isurtzen du, sistole bentrikularra hasi baino lehen.

Bentrikuluaren betetze goiztiar hau, balbula mitralaren doppler ekokardiografian, E uhina bezala ikusten da. E uhinaren ondoren, bentrikulua astiro betetzen da eta egoera fisiologikoan bigarren uhin hori txikiagoa izan beharko da, geratzen den odolaren %20a soilik pasatzen baita. Bigarren uhin honi A uhina deritzo.

Eraztun mitrala formaz eta tamainaz aldatzen da bihotz-zikloan. Txikiagoa da aurikula-sistolearen amaieran, ezkerreko aurikularen uzkurduraren ondorioz, esfinter bat bezala. Sistole aurikularraren amaieran eraztunaren estutze hau garrantzitsua izan daiteke balbula mitralaren balbulak behar bezala ixteko (koaptatzeko), honen ostean ezkerreko bentrikulua uzkurtu eta odola ponpatuko baita.[6]

Esanahi klinikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bihotzeko gaixotasun balbular batzuek balba mitralari eragiten diote. Estenosi mitrala balben estutze bat da. Hau irekidura-klaskada bat izango balitz bezala entzun daiteke normalean agertzen ez den bihotz-soinu batean.

Balba mitralaren prolapso klasikoa gehiegizko ehun konektiboak eragiten du, geruza harroa kuspidetik loditzen duena eta kolageno-sortak zuntz-geruzan banatzen dituena. Honek kuspideak eta alboko ehuna ahultzen ditu, gune kuspikala handitzea eta tendoi-sokak luzatzea eragiten duena. Tendoi-soken luzapenak sarritan haustura eragiten du, normalean atzeko kuspideari lotutako soketan. Lesio garatuenek, atzeko balbulari ere eragiten diotenek, ezkerreko atrioa tolestu, alderantzikatu eta desplazatzea eragiten dute.[7]

Balbaren prolapsoa gutxiegitasun mitral batean bihur daiteke, hau da, odolaren berrahoratzea edo errefluxua; balba erabat itxi ez delako gertatuko da hau.

Bihotzeko gaixotasun erreumatikoak sarritan eragiten dio balba mitralari. Balbari endokarditis infekzioso batek ere eragin diezaioke.

Kirurgia bat egin daiteke kaltetutako balbula bat ordezteko edo konpontzeko. Hain inbaditzailea ez den metodo bat balbuloplastia mitralarena da, baloi-kateter bat erabiltzen duena estenosatuta dagoen balbula bat irekitzeko.

Oso gutxitan balba mitralaren kaltzifikazio kaseoso bezala ezagutzen den patologia larri bat eman daiteke, masa intrakardiako batekin edo tronbo batekin nahas daitekeena.[8]

Lehen bihotz-soinua (S1) balba mitralaren eta balba trikuspidearen itxiera da. Balba mitralari lotutako anomaliak sarritan estetoskopio baten bitartez entzun daitezke.

Balba mitrala ekografia baten bidez ere ikusten da, balbaren bidez odolaren tamaina eta fluxua adieraz dezakeena.

Mitral hitza latinetik dator eta "mitra formarekin" esan nahi du. Bikuspide hitzak bi- forma, latinezkoa, "bikoitza" esan nahi duena, eta kuspide, "puntua" esan nahi duena, erabiltzen ditu, balbak hegal bikoitzaren forma duela adieraziz.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) Standring, Susan. (2016). Gray's anatomy: the anatomical basis of clinical practice. ISBN 978-0-7020-5230-9. PMC 920806541. (Noiz kontsultatua: 2021-12-13).
  2. (Ingelesez) Hall, John E; Guyton, Arthur C. (2011). Guyton and Hall textbook of medical physiology. ISBN 978-1-4160-4574-8. PMC 434319356. (Noiz kontsultatua: 2021-12-13).
  3. (Ingelesez) NORRIS, TOMMIE L. (2018). PORTH'S PATHOPHYSIOLOGY: concepts of altered health states.. WOLTERS KLUWER HEALTH ISBN 978-1-4963-7759-3. PMC 1054224262. (Noiz kontsultatua: 2021-12-13).
  4. (Ingelesez) Kasper, Dennis L. (2015). Harrison's principles of internal medicine.. ISBN 978-0-07-180215-4. PMC 893557976. (Noiz kontsultatua: 2021-12-13).
  5. Nazari, S.; Carli, F.; Salvi, S.; Banfi, C.; Aluffi, A.; Mourad, Z.; Buniva, P.; Rescigno, G.. (2000-04). «Patterns of systolic stress distribution on mitral valve anterior leaflet chordal apparatus. A structural mechanical theoretical analysis» The Journal of Cardiovascular Surgery 41 (2): 193–202. ISSN 0021-9509. PMID 10901521. (Noiz kontsultatua: 2021-12-13).
  6. Pai, Ramdas G.; Varadarajan, Padmini; Tanimoto, Masato. (2003-01). «Effect of atrial fibrillation on the dynamics of mitral annular area» The Journal of Heart Valve Disease 12 (1): 31–37. ISSN 0966-8519. PMID 12578332. (Noiz kontsultatua: 2021-12-13).
  7. «RiCM Volume 2, No 2 - Spring 2001» web.archive.org 2014-09-03 (Noiz kontsultatua: 2021-12-13).
  8. Możeńska, Olga; Sypuła, Sławomir; Celińska-Spoder, Małgorzata; Walecki, Jerzy; Kosior, Dariusz A.. (2014-04-28). «Mitral annulus caseous calcification mimicking cardiac mass in asymptomatic patient – multimodality imaging approach to incidental echocardiographic finding» Polish Journal of Radiology 79: 88–90.  doi:10.12659/PJR.889830. ISSN 1733-134X. PMID 24791181. PMC 4005861. (Noiz kontsultatua: 2021-12-13).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]