[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Errusiako Iraultza

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
1917ko Errusiar Iraultza» orritik birbideratua)

Errusiako Iraultza
Irudia
Motairaultza
Honen parte da1917-1923ko iraultzak
Data1917
KokalekuErrusiar Inperioa
HerrialdeaErrusiar Inperioa
Parte-hartzaileak
Honen ondorioaFirst Red Scare (en) Itzuli
dissolution of the Russian Empire (en) Itzuli
pro-independence movements in the Russian Civil War (en) Itzuli
Osatuta
Langileak Putilov fabrikan, Petrogrado.

Errusiako Iraultza (errusieraz: Русская революцияtranslit.: Rússkaya revolyútsiya) 1917ko otsailean Nikolas II.a tsarraren erregimena uzkaili zutenetik urte bereko urrian boltxebikeek Errusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federatiboa osatu arteko tarteari ematen zaion izena da. Iraultza bi epe nagusitan eman zen: lehenengoa Otsaileko Iraultza gisa deitzen dena, non Antzinako Erregimena behin-behineko Gobernu batengatik aldatu zen; bigarrengoan, Urriko Iraultza, behi-behineko Gobernua erditik kendu eta Sovnarkom izeneko gobernu komunistarengatik aldatu zuten.

Otsaileko Iraultza batez ere Petrograden zentratu zen (gaur egungo San Petersburgo). Kaosaren erdian Duma parlamentu inperialeko kideek herrialdearen kontrola euren gain hartu zuten, Errusiako behin-behineko Gobernua eratuz. Armadaren zuzendaritzak ikusi zuen ez zuela iraultzarekin amaitzeko modurik eta Nikolas II.ak abdikatu zuen. Langileak sobietetan antolatu ziren, alderdi sozialista erradikalen esku geratu zirenak. Hasiera batean behin-behineko Gobernuari euren papera betetzeko aukera eman zioten, baina Gobernuaren erabakiak eta miliziak kontrolpean izateko neurriak hartu zituzten. Otsaileko iraultza Lehen Mundu Gerran jazotako porrot militarren ondorioz ere eman zen, Errusiako armada matxinatze egoeran utzi zutenak.

Hortik aurrera botere bikoitz epe bat egon zen Errusian. Garai horretan behin-behineko Gobernuak Estatuaren boterea bere gain zuen, Petrogradoko Sobietean zentratutako sobieten sare nazionalak proletargoaren eta ezker politikoaren leialtasuna zuen bitartean. Botere bikoitzeko garai horretan mutinak ohikoak izan ziren, manifestaldiak eguneroko ogi ziren eta grebak noiznahi egiten ziren. Behin-behineko Gobernuak Alemaniaren aurkako gerrarekin jarraitzea erabaki zuenean boltxebikeek eta beste fakzio sozialista batzuek gatazka konpontzeko kanpaina abiarazi zuten. Boltxebikeek langileen miliziak euren kontrolpean jarri zituzten eta Guardia Gorria eratu zuten, ondoren Armada Gorria izango zenaren ernamuina. Sobietek Guardia horren kontrola zuen.

Urriko Iraultzarekin (azaroan, gregoriotar egutegiaren arabera) Vladimir Leninek zuzendutako boltxebikeek eta Petrogradoko langile eta militarrek behin-behineko gobernua boteretik kendu eta Sovnarkom gobernua osatu zuten. Boltxebikeek euren burua izendatu zuten hainbat ministeritzen lider eta nekazal guneen kontrola hartu zuten, Txeka sortuz. Errusiak Lehen Mundu Gerran zuen parte-hartzearekin bukatu zuten, Alemaniarekin 1918an Brest-Litovsk ituna sinatuz.

Urriko Iraultzaren ostean Errusiako Gerra Zibila piztu zen fakzio gorria (boltxebikieak) eta zuriaren (antiboltxebikeak, potentzia handien babesarekin) artean. Hainbat urte iraun zuen gerra honen ostean boltxebikeek eskuratu zuten garaipena. Honen ondorioz 1922an Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna sortu zen. Gertakari hauetako gehienak Mosku eta Petrogradon gertatu baziren ere, herrialde osoan zehar izan zen mugimedua, batez ere Errusiar Inperioko gutxiengo nazionalen eskutik zein nekazal-guneetan, non nekazariek lurra eureganatu eta berbanatu zuten.

Errusiako Iraultza Historia Garaikidean izan den gertakari inportanteenetakoa izan da eta bere eragina nabarmena izan zen, Ameriketan nahiz Europan. Komunismoa ez hain azkar zabaldu, baina hirugarren munduko hainbat herrik errusiarren adibidea jarraitu nahi izatea ere eragin zuen. Gertakari haien eragina hamarkada batzuk geroago nabarmendu zen. Estatu sozialista eta superpotentzia ekonomiko eta militar bihurtu zen eta, Gerra Hotzaren garaian, AEBei aurre egingo zion bakarra izango zen.

Aurrekariak eta arrazoiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errusiako Iraultza Lehen Mundu Gerra bete-betean zela gertatu zen, baina haren aurrekariak aurkitzeko hainbat hamarkada egin behar dugu atzera. Errusiar Inperioa gainbeheran zetorren garai hartan. XIX. mendean eta XX.aren hasieran ez zuen lortu bere egitura politiko, ekonomiko eta sozial zaharkitua modernizatzea, bere hartan eusten zion monarkia autokratikoari, tsarraren figura ardatz zuela. Errusian ordurako gertatua zen lehen Industria Iraultza, nahiz eta haraino berandu iritsi. Baina egoera ekonomikoaren inguruko ezinegona handia zen. Nikolas II.aren aitona Alexandro II.ak hainbat erreforma liberal abiarazi zituen herrialdean, egoerari buelta emateko,[1] baina mugimendu sozialista eta anarkista gorantz zihoazen, eta 1881eko martxoan erail zuten. Haren seme Alexandro III.ak atzera egin zuen aitaren erreforma guztietan; berriro ere autokrazia indartu zuen.[2]

Alexandro III.aren heriotzarekin (nefritisak eragina), Nikolas II.ak hartu zuen bere gain Inperioa. Haren seme Alexei Nikolaevitxek hemofilia zuen;[3][4][oh 1] eta, gaixotasun hori sendatu edo kontrolatzeko, Grigori Rasputin mistikoaren laguntza eskatu zuen. Alexandraren eta Rasputinen arteko harremana handia izan zen.[5] Mistizismoan eta erlijiozaletasunean erorita, bere gain hartzen zituen kudeaketa lan guztiak, baita Lehen Mundu Gerrako frontean egotearena ere. 1914ko uztailaren 31n Errusia gerran sartu zen, eta hurrengo egunean Alemaniak gerra deklaratu zion Errusiari. Egin diren zenbatespenek diotenez, 3,3 milioi errusiar hil ziren Lehen Mundu Gerran.[6] Armada Inperialak zailtasunak zituen bere galerei aurre egiteko, eta gainera Agintaritza Nagusia ezgai zelako mezua hedatzen hasi zen. Horretaz gain, janaria eta erregaia falta ziren Errusian.

Hala ere, 1914ko abuztuan klase guztiek eta ia alderdi guztiek bozkatu zuten gerraren alde.[7] Alderdi Boltxebikea eta, bereziki, Vladimir Lenin, agertu ziren gerraren aurka.[oh 2][8] Aurkariek "porrotistak" deitzen zituzten. Gerra deklarazioak errusiar nazionalismoaren gorakada ekarri zuen gizarte osoan, barne arazoak alde batera utzita denbora batez.[9] Armadak lehen garaipen batzuk lortu zituen Galitzian 1915ean eta Brusilov Ofentsibarekin 1916an, baina porrot garrantzitsuak ere izan zituen, adibidez Tannenbergeko gudua 1914an, Masuriako Lakuetako bigarren gudua 1915eko otsailean, eta Errusiar Poloniaren galera 1915eko maiatzetik abuztura.

Nikolas II.aren gutuna, Nikolai Duke Handiari[10]

Nire herriarekiko betebeharra ezarri dit Jainkoak, eta betebehar horrek behartzen nau gaur-gaurkoz, etsaiak Inperioaren barrualdean sartzea lortu duenean, indar aktiboen aginte gorena hartzera eta Armadarekin gerraren nekea partekatzera, eta Errusiako lurrak etsaiaren saiakeren aurrean babestera.

Morala igotzeko eta bere lidergoa indartzeko helburuarekin, 1915eko udazkenean Nikolasek iragarri zuen Armadaren gaineko kontrola bere gain hartuko zuela, gomendio orokor guztien aurka.[11] Emaitza oso txarra izan zen hiru eremutan. Lehenik eta behin, monarkia eta geroz eta gutxiago atsegin zuen jendeak, gerrari loturik zegoelako; bigarrenik, Nikolas estratega militar ona ez zenez, eta lider eskasa zenez, bere komandanteak ere sutu zituen; hirugarrenik, frontean zegoenez, ezin zuen gobernua gidatu. Frontean zegoenean, alemaniar jatorriko Alexandra tsarinak hartzen zuen agintea. Herrian hedaturik zegoen zurrumurruak zioenez, Alexandrak espioitzan ziharduen, eta Grigori Rasputinen agindupean ari zen. Tsarina ez zen agintari eraginkorra, behin eta berriro aldatzen zituen lehen ministroak, eta Duma haserrarazi zuen.[9]

Lehen aipatutako 3,3 milioi hilei zaurituak eta desagertuak gehituz gero, 1917ko urtarrilerako sei milioi gizabanako galduak zituen Errusiako Inperioak. Mutinak ohikoak ziren, morala baxu zegoen, eta aukera gutxi ziren desertatutako soldaduak ordezteko. Hilero 34.000 soldaduk desertatzen zuten.[8] Tsarra frontean zegoelarik, Duma eta Stavka haren kontroletik at lan egiten hasi ziren.[8]

Baina ez ziren horiek izan aurrekari bakarrak. Herritar soilek geroz eta okerrago bizi zuten aristokraziaren eta euren arteko harremana. Nekazariek arazoak zituzten lur-jabeekin, eta geroz eta gehiago joaten ziren hirietara, industria hasi berrietan lan egitera. Hirietan Mendebaldetik etorritako ideia politikoak langileen artean hedatzen ari ziren. Proletarioen ezinegona gero eta handiagoa zen, bai porrot militarrengatik, bai janari ezagatik. 1905ean Errusia-Japonia Gerraren porrota jazo zen, eta urte berean 1905eko Errusiako Iraultza eta 1905eko Igande Odoltsua. Egun hartan, tsarraren tropek armarik gabeko manifestazio baketsua tirokatu zuten, eta 1.000 inguru pertsona erail.[12][oh 3] Urte hartan bertan, Potemkin korazatuaren mutina gertatu zen. 1905eko Iraultzaren ostean egoera ez zen hobetu, eta matxinada orokorreko egoeran sartu zen Errusia. 1917an berriro agertu zen bere gordinean iraultza, eta tsarra erortzea ekarri zuen.

Tsarraren telegrama, Rasputinen heriotza jakin ostean[13]

Orxa Geltokia. Abe. 18, 1916.
Zure gutuna irakurri berri dut. Izututa eta ikaratuta nago. Errezoetan eta pentsamenduetan zurekin nago. Bihar iritsiko naiz 5etan. Izozte handia. Konferentzia 4etan bukatu da. Bedeinkazioak eta muxuak zuretzat.
NICKY

1916an Rasputin, Alexandra tsarina eta tsarra eraisteko kolpe saiakera politiko eta militarrak ugaritu ziren. Garrantzitsuena 1916ko udazkenean izan zen, Alderdi Oktubristak, Errusiako Alderdi Aurrerakoiak eta kadeteek prestatua.[14] Parte-hartzaileek estatu kolpea bultzatu nahi zuten herri-iraultza ekiditeko asmoz, baina asmoa ez zen aurrera eraman hainbat atzerapen izan zituztelako; azkenean, burgesiak nahi ez zuen iraultza gertatu zen.[14] Leninek dioenez, eskuinaren helburua "monarka baten ordez beste monarka bat jartzea" zen, "ahal izanez gero, Romanov bat".[15] 1916ko otsailean estatu kolpe politiko bat gertatzea posible zela ikusten zuten tsarraren gertuko hainbatek.[14] Azaroaren 18an [azaroaren 5a], Nikolas Nikolaevitxek esan zion liberalizazio politikoa bultzatzen ez bazuen laster galduko zuela tronua.[16] Abenduaren 17an, Feliks Jusupov printzeak eta beste politikari eskuindar batzuek Grigori Rasputin hil zuten.[17]

Leninen ustez, eskuin politikoa, boltxebikeak eta mentxebikeak elkartu izana eta iraultza "hain azkarra" izateak erakusten du interes-batasuna zegoela indar guztien artean. Haren esanetan, mentxebikeek iraultza sozialista ekidin nahi zuten, eta "bakezaletasun txiki-burgesa" erabiltzen zuten. Eskuineko indarrek eta nazioarteko kapitalistek, ordea, iraultza ekiditeaz gain gerran jarraitzea zuten helburu.[15]

« Iraultza hain azkar garaile atera izana, bakarrik gertakari baten ondorioz da, egoera historiko guztiz bakar baten eraginez, guztiz desberdinak diren korronteak, guztiz heterogeneoak diren klase interesak, guztiz kontrakoak diren helburu politiko eta sozialak elkartu zirelako, era harrigarriro "harmoniatsuan". Garbi esan dezagun: ingeles-frantziarren konspirazio inperialistak indartu zituen Miliukov, Gutxkov eta konpainia boterea eskuratzera, gerra inperialistak jarraitzeko helburuarekin, gerra oraindik modu indartsuago eta obstinatuago batean jarraitzeko helburuarekin, milioika errusiar langile eta nekazari gazte sarraskitzeko helburuarekin, Gutxkovek Konstantinopla eskuratzeko, Frantziako kapitalistek Siria, Britainiar kapitalistek Mesopotamia, eta abar. Hori, alde batetik. Bestetik, sakoneko masa mugimendu proletario bat zegoen, iraultzailea (herrietako eta herrialdeko biztanleriaren alderdirik pobreenak osatutako mugimendua) ogiaren alde, bakearen alde eta benetako askatasunaren alde. »

—Lenin[15]


Arrazoi ekonomikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Neurri handi batean, iraultzara bultzatu zituen eragilea tsarraren gestio txarra izan zen, I. Mundu Gerrak desastrea areagotu zuelarik. 15.000 gizon joan ziren armadara eta langile gutxiegi geratu zen fabriketan eta baserrietan.
  • Ez zegoen nahikoa janik eta lehengairik. Langileek baldintza penagarriak nozitu behar zituzten, 12 edo 14 lan ordu eta soldata baxuegiak. Matxinadak eta grebak hasi ziren, hobekuntzak eskatuz. Hainbat fabrikak eskariei erantzun zien eta soldatak igotzeko ahalegina egin zuten, baina gerrak eragin zuen inflazioa jasan ezina zen.
  • Protestak izan ziren, baina Nikolasek indarkeriaz isildu zituen eta fabriketako langileek greba egin zuten, garraiobide guztiak geldiaraziz. Merkantziak ez ziren saltokietara iristen eta prezioak kontrolik gabe hazten zihoazen.
  • 1917an, gosea nagusitu zen hiri handietan.

Nikolasek ezin zituen arazo ekonomikoak konpondu eta komunismoa zirudien soluzio bakarra.

Arrazoi Soziologikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Errusiar herriak mendeetako zapalkuntza jasan zuen eta Nikolasek I. Mundu Gerran sartu zituenean ez ziren barkatzeko prest egon.
  • Herriaren % 85a nekazaritzan aritzen zen eta Erdi Aroari esleitzen zaion morrontza egoeran zegoen.
  • Lurra esku gutxi batzuetan zegoen eta, 1861ean, Alexandro II.a tsarrak nekazariei askatasuna eman zienean, ez zuen arrazoi moraletan erreparatu, Errusiaren aurrerapen sozialean baizik. Baina askatasun hura oso mugatua zen, ez baitzuten lur propiorik. Gobernuak eremu txiki batzuk banatu zituen, baina ez zen nahiko izan eta protestei ekin zien.
  • I. Mundu Gerrak gerrarako ekoizpena eskatu zuen eta langileek greba eta altxamenduetan hasi ziren. Langile asko behar zen fabrikan eta nekazariak hirietara joan ziren. Superpopulazioak bizibaldintzak okertu zituen.
  • Hau dena gutxi balitz, armadak janari gehiago eskatzen zuen eta hornidurak zailtasunak zituen. 1917an, gosea nabarmena zen.

Ezinegon hauek iraultzara bultzatu zituen.

Arrazoi politikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arazo sozial eta ekonomikoek politika dardarka jarri zuen.

  • Langileek 11-12 orduz lan egiten zuten egunean, osasun arazoak zituzten eta ez zuten segurtasunik lantokian.
  • Soldatek beherantz egin zuten eta greba eta protestak areagotu ziren. Nikolasek ez zien kasorik egin edo bortizki zapaldu zituen, Igande Odoltsua kasu.
  • Mantxuria hartzeko ahalegina porrotean geratu zen eta hori ez zen herriaren gustuko izan.
  • Errusiar intelektual asko mendebaldean hezia zen eta tsarraren autokraziari muzin egiten zion.
  • 1915ean, egoera okertu egin zen Nikolasek armadaren gidaritza zuzena hartu nahi izan zuenean eta gobernuaren kargu bere emaztea zen Alejandra utzi zuenean.
  • 1916ko urrirako, Errusiak 1,7 milioi soldadu galduta zituen, beste milioi parea preso zegoen eta milioi bat desagertutzat emanda. Armadaren animoa lur jota zegoen. Altxamenduak izan ziren, gose baitziren, oinetakorik gabe eta askotan armarik edo muniziorik gabe.

Nikolas egin zuten arazo haien guztien errudun eta Dumak aldaketak eskatu zizkion. Tsarrak ez zion jaramonik egin eta 1917ko Otsaileko Iraultza etorri zen. Urtebete geroago, Romanov sendia exekutatua izango zen.

Otsaileko Iraultza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Otsaileko Iraultza»

Bat-batean hasi zen, Petrogradoko hiria janik gabe geratu zenean eta tsarraren erregimenaren aurka protestan hasi zenean.

Esan bezala, I. Mundu Gerrak ere ezinegona areagotu egin zuen. Protestak aurrera, politiko erreformistek ekintzak koordinatzen hasi ziren eta polizia eta armadaren aurka jo zuten. Hauetako asko altxatutakoekin batera jarri ziren eta iraultzak ez zion tsarrari abdikatzeko aukera besterik utzi.

Duma berria osatu zuten eta behin-behineko gobernu honek hauteskundeak antolatu zituen. Uztailean, Petrogradoko boltxebikeak eta anarkistak altxamenduaren bila zebiltzan, baina porrota izan zuten.

Apirileko egunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Apirileko Krisia»

1917ko apirilaren 20an, Pavel Miliukov Behin-behineko Gobernuko Kanpo Arazoetarako ministroak (Alderdi Konstituzionalista Demokrata), Errusiako Behin-behineko Gobernuak, tsarrak Ingalaterrako eta Frantziarekin sinatutako itunak errespetatuko zituela, eta beraz, Errusiak Lehen Mundu Gerran jarraituko zuela jakitera eman zuen (“Miliukoven Oharra”). Horrek, Errusiako langile eta baserritarren haserrea piztu zuen. Hurrengo egunean, Alderdi Boltxebikeak Lehen Mundu Gerraren aurkako eta bakearen aldeko greba deitu zuen[18].

Langileek deialdi honi begi onez erantzun zioten; Petrogradoko manifestaldian 100.000 langile baino gehiagok hartu zuten parte, eta Moskun, Uraletan eta beste hiri askotan, manifestaldi pila burutu ziren. Manifestaldi honen ondorioetako bat, Gobernuan eman zen krisia izan zen; ministro kadete batzuek (Miliukov berak barne) dimititu egin behar izan baitzuten[18].

Ondorioz, “koaliziozko gobernu” bat eratu zen, hau da, alderdi burgesek (kadeteek batez ere) eta kontziliatzaileek (eseristak eta mentxebikeek) osatutako Gobernua[18].

Hilabete honetan baita ere, Leninek bere Apirileko Tesiak ospetsuak idatzi zituen. Idatzi honetan, boltxebikeei estrategia berri bat eskeini zien eta boterea hartzearen alde egin zuen.

Uztaileko egunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Uztaileko Egunak»

Uztaileko Egunak 1917ko uztailaren 3tik uztailaren 7ra Errusiako Behin-behineko Gobernuaren aurka, soldadu, marinel eta industria-langileek manifestazio armatuak egin zituzten. Otsaileko Iraultzarekin alderatuta, giroa nahasia, ilunagoa eta haserreagoa zen. Orokorrean, Errusiako Iraultzaren pasarte garrantzitsutzat hartzen da. Behin-behineko gobernuak Boltxevikeei leporatu zien biolentzia erabili izana, eta alderdiaren aurka jo zuen, bere dispertsioa ekarriz eta hainbat lider atxilotuz. Vladimir Lenin Finlandiara joan zen, eta Leon Trotski izan zen atxilotuetako bat. Uztaileko Egunen ondorioz boltxevikeen indarra ahuldu zen Urriko Iraultza baino lehen.

Kornilov afera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Kornilov afera»
Kornilov bere ofizialekin.

Kornilov afera 1917ko irailean, Kornilovek, Errusiako Armadako buruak buruturiko estatu-kolpe ahalegina izan zen.

Uztailaren 19an, Kerenskik Aleksei Brusilov jenerala armadaren goi-kargu bezala (eta Kerenski Guda-ministro zenean izendatua izan zena, eta Kerenski Ofentsiban armadaburu izan zena) Lavr Kornilov jeneralaz ordeztea erabaki zuen[18].

Ofentsiba haren porrotaren errudun gisa bere burua ikusten zuen Brusilovek, eta atsekabeturik kargua utzi zuen. Gainera, Brusilov beste jeneralek ez zuten ondo ikusten, soldaduekiko hurbilekoegia zela eta gainera otsaileko egunetan onartutako erreforma militar demokratikoak (Sobietak onartutakoak, eta militarren arabera armadaren desegituraketa zekartenak) ondo ikusten zituela edo behintzat, onartu egiten zituela eta[18].

Lavr Korniloven izaera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lavr Kornilov militarra ez zen orduan jeneral handien artean egon, baina bere profil sozialak arrazoi handia izan zen bera aukeratua izateko. Alde batetik, kosakoa izan zen, familia umil baten semea. Bere ama turkiar etniakoa zen, eta berak ere turkiar hizkuntzak jaki izan zituen; beraz, jatorri “ez-aristokratiko” batetakoa zen, “otsaileko izpirituaren” araberakoa. Gainera, bera izan zen otsailaren 28an Dumako Kideen Komiteak Sergei Khabalov tsaristaren ordez Petrogradeko komandante militar izendatu zuena, eta Aleksandra Romanova tsarina berak atxilotu zuen 1917ko martxoaren 8an. Maiatzaren 1eko ospakizunetara ere joan zen. Baina beste alde batetik, Kornilov, armadaren barruan diziplina ezartzearen eta soldaduen komiteen eta soldaduen Sobieten eskubideak murriztearen (eta are komite hauek deuseztearen aldekoa zen)[18].

Lavr Korniloven papera Gobernuaren aurka

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1917an borroka-gunetik alde egiten zuten soldaduen kontra tiro egiteko agintzearren ezaguna egin zen, eta uztailaren 12an Gobernuak Armadan, zenbait delitu larriren kasuan, heriotza-zigorra berriz ezarri zuen Kornilov horretan tematu ostean (Kornilovek 1915ean austriarrek atxilotu eta 1916an preso-eremu batetik ihes egin zuen). Beraz, guzti honen arabera, Kornilov, iraultzaren etapa honetan Kerenskiren eta Errusiako Behin-Behineko Gobernuaren aliatu izan zitekeela zen Gobernuaren ustea, ez soilik frontean boltxebikeen bakearen aldeko agitazioaren kontra, baizik eta behar balitz baita ere “etxean”; Sobietaren aurka. Hots, Brusilov (jatorri elitista, baina pentsaera demokratikoa) iraultza burgesaren lehen aldietarako, hau da, Gobernuaren eta Sobietaren “eztei-aldirako” egokia bazen, Kornilov (jatorri “demokratikoak” edo “meritukratikoak”, baina jarrera gogorra eta hertsitzailea), iraultza burgesaren bigarren aldirako, hau da, burgesia eta langileriaren konfrontazio aldirako egokia zen[18].

Korniloven erreforma

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aukeratua izan zenean, Kornilovek, uztailaren 21ean, bere “erreforma plana” aurreratu zuen[18]:

  • Armadan heriotza-zigorra berriz ezarri.
  • Ofizialen autoritatea soldaduen komiteen gainetik ezarri.
  • Soldaduen asanbladak debekatzea.
  • Agitazio politikoa egiten zuten soldaduak atxilotzeko eta epaitzeko eskubidea.
  • Frontean egunkariak debekatu.
  • Ezker iraultzailearen aldeko joera erakutsi zuten unitate militarrek disolbatzea (programa hau, antza denez, bere laguntzaile eta Guda ministro-orde Boris Savinkovek idatzi zuen).

Erreforma-plan hori otsailean onartutako “Lehen Ordenaren” (eta berez Sobietaren, mentxebike-eseristen gehiengodun Sobietaren) aurkakoa zen erabat. Hori zela eta, eskuineko zirkuluek, “Uztaileko egunen” ostean euren jarrera asko gogortu zutenek, Kornilov euren itxaropen berri bezala hartu zuten Kornilov, eta laster Kerenskik baino popularitate handiagoa hartu zuen Sobietaren kontrako zirkuluen artean, hau bigunegi bezala ikusten baitzuten[18].

Nekazarien altxamendua eta sobieten indartzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urriko Iraultza, Neguko jauregiari eraso

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Urriko Iraultza»

Leon Trotsky edo Vladimir Lenin nagusitu ziren, Karl Marxen ideiak oinarri hartuz. Horrelaxe hedatuko zen komunismoa XX. mendean.

Iraultza honek ez zuen Otsaileko Iraultzaren bat-batekotasuna izan eta ondo pentsatutako plan eta ekintzen emaitza izan zen.

1917ko azaroaren 7an (juliar egutegian, urriaren 25a), Vladimir Lenin eta Leon Trotskyk ezkerreko iraultzaileak Behin-behineko gobernuaren kontra altxatu zituzten. Sobietak, soldaduek eta nekazariek Kerenski eraitsi zuten. Kerenski boteretik bota zuen altxamendua egun batzuk lehenago prestatu zen, urriaren 21ean. Egun horretan, militarren arteko bileran, Petrogradoko goarnizioak Trotskik gidatutako hiriko sobieta onartu zuen agintari bakartzat. Gobernu sozialdemokratak berehala erantzun zuen: boltxebikeak legez kanpo zeudela esan ea sobietaren lokalak ixteko agindu zuen.

24ko gauean matxinada gertatu zen, boltxebikeak buru zirela. Iraultzaileek posta etxea hartu eta Neguko jauregia inguratu zuten, Errusiako Gobernuaren egoitza zen eta.

25ean, goizeko hamarretan, matxinada zuzendu zuen batzorde iraultzaileak honako hau aldarrikatu zuen: "Estatuko agintea Petrogradoko Sobietaren esku dago (...) orain ziurtatuta dago bake demokratikoa, latifundioak ezabatzea, langileen kontrola produkzioaren gainean (...) Gora langile, soldadu eta nekazarien iraultza!

Ordu batzuk geroago, 26ko goizaldean, jauregiari eraso zioten, Gobernua barruan zela eta ez zieten aurre egin iraultzaileei. Ministro guztiak preso hartu zituzten, baina bi egun geroago askatu egin zituzten.

Lehen ministroak, Kerenskik, ihes egin zuen Estatu Batuetako enbaxadorearen automobilean gordeta. Tropa leialen bila joan zen, baina goarnizio batek ere ez zion lagundu nahi izan Gobernuari.

Egun hartan bertan, Sobieten Biltzarreko saioan, neskatxentzako eskola batean batzartuta, Leninek iraultzaileen lehen dekretuak irakurri zituen : Bakearen dekretua eta Lurraren dekretua. Sobietar iraultza zen nagusi.

Urriko dekretuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1. (...) bakea berehala (...). Urriaren 24-25eko iraultzaren ondoren eratutako nekazari-eta langile- gobernuak, diputatuen, langileen, gudarien eta nekazarien sobieten adostasunarekin, hau proposatu nahi die gerran ari diren herri eta gobernu guztiei: elkarrizketak berehala hastea, bake demokratikoa eta bidezkoa lortzeko. (...) berehala, eta anexiorik eta kalte-ordainik gabe (...).

2. Lurrari buruzko dekretuak. a) Lurren jabetza handiak deseginda geratzen dira, kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik gabe. b) Lur-jabe handien lur-sailak, koroaren lur guztiak, komentuak, eta elizaren abere eta lanabes guztiak, eraikinak eta instalazioak, sobieten eta eskualdeetako nekazari-batzordeen mende geratzen dira. (...)

3. Gobernuaren eraketa. Errusia osoko diputatu langile, gudari eta nekazarien Sobieten Kongresuak erabaki du, Biltzar Konstituziogilea bildu bitartean, behin-behineko langile-eta nekazari- gobernua osatzea, "Herriaren Komisarioen Kontseilua" izena izango duena. (...)

Errusia osoko Sobieten Bigarren Kongresua, 1917ko urriak 25-26

Sakontzeko, irakurri: «Errusiako Gerra Zibila»

Urriko Iraultzaren ondoren, 1918an, gerra zibila etorri zen, heriotza eta sufrimendua azken harian zegoen herriari. Bando batean gorriak zeuden, komunista eta iraultzaileak. Bestean, berriz, zuriak, iraultzaren aurka zeuden lehengo Errusiako Armadaren goi karguak, Kornilov edo Alexeiev bezala. Pribilegioak galtzeko beldur ziren eta, gainera, atzerriko potentzien laguntza zuten: Erresuma Batua, AEB, Kanada, Frantzia, Japonia edo Polonia.

Errusiako Iraultza munduan zehar

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lenin eta Trotskyren ustez, mundu osoko proletarioek egin behar zuten iraultza hura, baina askori iruditu zitzaion ideia zaila, herrialde bateko sozialismoa nahikoa zela esanez. Iritzi honetakoa zen Iosif Stalin eta horrela egin zuen, iraultzaren arrakasta ziurtatu nahian.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Nikolas II.aren emaztea, Alexandra Feodorovna, Viktoria Erresuma Batukoaren biloba zen. Viktoriak finkatu zuen Europa osoko monarkiekin familia osatu zuten ondorengotza eta, horrekin batera, hemofilia gaixotasuna. Nikolas II.ak lau alaba izan zituen, eta seme bakarra. Haren semeak hemofilia zuen eta horrek kezka handia eragiten zion aitari.
  2. 422 diputatutik 21ek bozkatu zuten aurka.
  3. Tsarraren ofizialek 96 hil eta 333 zauritu aipatu zituzten. Gobernuaren aurkakoek, 4.000.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) «Reformation by the tsar Liberator» InfoRefuge 2007-10-16 (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
  2. (Ingelesez) C) Alexander III (1881 - 1894) - IB history - Russia. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
  3. (Ingelesez) Rogaev, Evgeny I.; Grigorenko, Anastasia P.; Faskhutdinova, Gulnaz; Kittler, Ellen L. W.; Moliaka, Yuri K.. (2009-11-06). «Genotype Analysis Identifies the Cause of the “Royal Disease”» Science 326 (5954): 817–817.  doi:10.1126/science.1180660. ISSN 0036-8075. PMID 19815722. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
  4. (Ingelesez) Michael, Price. (2008). «Case Closed: Famous Royals Suffered From Hemophilia» ScienceNOW Daily News (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
  5. (Ingelesez) Memories of the Russian Court - an online book on Romanov Russia - Chapter VI. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
  6. (Ingelesez) Urlanis, B.. (2003-11-01). Wars and Population. University Press of the Pacific ISBN 9781410209450. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
  7. (Ingelesez) Service, Robert. (2005-01-01). A History of Modern Russia from Nicholas II to Vladimir Putin. Harvard University Press ISBN 9780674018013. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
  8. a b c (Ingelesez) Beckett, Ian Frederick William. (2007-01-01). The Great War, 1914-1918. Pearson/Longman ISBN 9781405812528. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
  9. a b (Ingelesez) Fitzpatrick, Sheila. (2008-02-28). The Russian Revolution. OUP Oxford ISBN 9780191579813. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
  10. (Ingelesez) First World War.com - Primary Documents - Tsar Nicholas II Takes Command of Russian Armies, 5 September 1915. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
  11. (Ingelesez) Acton, Edward. (1990-07-05). Rethinking the Russian Revolution. Bloomsbury Academic ISBN 9780713165302. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
  12. (Ingelesez) Salisbury, Harrison E.. (1981-01-01). Black Night, White Snow: Russia's Revolutions, 1905-1917. Da Capo ISBN 9780306801549. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
  13. (Ingelesez) Letters from Tsar Nicholas to Tsaritsa Alexandra - December 1916. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
  14. a b c (Ingelesez) Abraham, Richard. (1990-11-21). Alexander Kerensky: The First Love of the Revolution. Columbia University Press ISBN 9780231061094. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
  15. a b c (Ingelesez) Lenin, V.I.. Lenin: 1917/lfafar: The First Stage of the First Revolution. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
  16. (Ingelesez) Katkov, George. (1967-01-01). Russia 1917. The February Revolution. (1st Us Edition edition. argitaraldia) Harper & Row (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
  17. (Gaztelaniaz) Figes, Orlando. (2010-12-01). La revolución rusa 1891 1924. La tragedia de un pueblo. Editora y Distribuidora Hispano Americana, S.A. ISBN 9788435026918. (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
  18. a b c d e f g h i Kornilov, armadaren buru izendatua, K17. CC0 Domeinu Publikoa

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]