[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Polis

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Atenasko Akropolia
Greziako polisak K.a. VIII. mendetik K.a.VI. mendera. Izen horiak feniziarrak eta grisak beste herrietakoak dira. Laukidunak metropoliak ziren eta borobilak koloniak.

Polis (antzinako grezieraz: πόλις, pólis, «civitas»), pluralean poleis (πόλεις),[1] Antzinako Greziako hiri-estatuak izendatzeko erabiltzen den hitza da. Polis hiriari eta inguruko lurraldeari deitzen zitzaion. Polisa izan zen Greziar Zibilizazioa zabaltzeko oinarrizko egitura.

Jatorria

Polisak Mizenastar zibilizazioa erori ondoren, Antzinako Greziaren historian Aro Iluna bezala ezagututako mendeetan (k.a.1100-k.a.800) sortu ziren. Urte horietan populazio taldeak eta eta guneak biltzeko sinezismo (συνοικισμóς, «etxeak biltzea» edo «elkarrekin bizitzea») izeneko prozesu bat eman zen.[2] K.a. VII. mendea rako nekazari guneen eta hiri-guneen arteko lotura egina zegoen; hau izango zen polisen ezaugarri garrantzia.

Oro har, hiri batek eta elikadura ziurtatzen zuen inguruko lurraldeak osaturiko estatu burujabea zen polisa. Eraketa molde hau Mesopotamiako hirietan agertu zen, eta gero ohikoa gertatu zen Ekialde Hurbilean eta Mediterraneo aldean: Sumer, Fenizia, Siria, Zipre, Kreta. Etruriarrena eta lehen erromatarrena ere izan zen hiri antolaketa honen eredua eta garapena Antzinako Greziari dagozkio. Izan ere, Grezian ehunka batzuk izan ziren; halako estatu txikien ugalketaren arrazoia izadia, mendiek eta itsasoak mugaturiko lurraldeak, eta tribu zein erlijio zatiketak dira.

Polisen ezaugarriak

Askatasun eta autonomia politiko handia zuten eta ez zegoen hiriaren eta nekazal-guneen arteko liskarrik. Hiritarrik gehienak nekazaritzaren etekinetik bizitzen ziren. Polisak Antzinako Greziako ente politiko, sozial eta ekonomikoak ziren. Nahiz eta hizkuntza, erlijio, kultura eta arraza bera eduki, ezin izan zuten estatu bateratu bat osatu eta lehiakortasun handia zegoen polisen artean.

Egitura

Knossos polisen berrosatzea.

Hiri horietako gehienen historia eta konstituzioa zatika besterik ez da ezagutzen; hala, askotan, greziarren historiak Atenas, Esparta eta beste polis gutxi batzuei buruzko datuak biltzen ditu. Greziako polisak K. a. VIII. mendean agertu ziren. Hiriak punturik garaienean eraikitako gotorlekuak (ἀκρόπολις, akropoli), merkatu plazak (ἀγορά, agora) eta bizitegiek (ἄστυ, asty) osaturik zegoen. Hiriaren inguruan nekazal lursailen eraztun bat egoten zen (χώρα, chora) eta bertan polis bakoitzak behar zuena landatzen zen.

Beraz, polis barruan, atal hauek zeuden:

  • Hiri harresitua
  • Artzantza eta nekazaritza inguruak
  • Kanpo komunikaziorako portuak

Polis bakoitzak bere ingurua kontrolatzen zuen eta ekonomikoki autarkiko izaten saiatzen zen (αὐτάρκεια, autarkeia), hau da, bere behar guztiak asetzeko gai izatea. Independentzia hori benetako ideala zen, beste inoren menpe ez egotea alegia. Izan ere, polisen arteko aliantzak ohikoak ziren: anfictionía, αμφικτιονία, «elkarrekin eraiki»; simaquía, συμμαχία, «elkarrekin borrokatu», koinón κοινόν, «elkarren», «liga».

Klasiko deituriko garaian –monarkia eta tirania gobernu moten ondoren– polisen helduaroa iritsi zen eta demokrazia garatu zen (Atenasen bereziki). Polis guztiek beren konstituzioa (politeia) eta legeak (nomoi) zituzten. Hiritarrak politikaz ez arduratzea gaitzetsia zen, eta Atenasen batzarrean (ekklesia), kontseiluan (boule) eta epaitegietan (heliaia) esku hartzen zuten.

Gizarte egitura

Gizarte ikuspuntutik, polisen hiru talde bereizi egiten ziren:

  • Hiritarrak (polites, πολίτης), eskubide guztiak zituzten.
  • Metekoak (metoikos, μέτοικος, «oikos aldatu dena»), librak ziren baina eskubiderik gabe.
  • Esklabuak (doûlos, δοῦλος), askatasun eta eskubiderik gabekoak.

Garaian emakumeek hiritarrak ez ziren eta, ondorioz, eskubiderik ez zuten.[3]

Gizonentzat haien polisekin identifikazioa oso garrantzitsua zen. Horregatik, hiritik kanporatzea, ostrazismoa, zigor handienetariko bat zen.

Erreferentziak

  1. https://www.etymonline.com/search?q=polis
  2. https://www.uam.es/proyectosinv/hellas/arcaismo/histo_ar/polis/polis1.html
  3. Michael Scott: The Rise of Women in Ancient Greece by , History Today 59. liburuki. Issue: 11 2009.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Polis