1. atala
[aldatu]1 Hasieran bazen Hitza.
Hitza Jainkoarekin zegoen
eta Hitza Jainko zen.
2 Hasieran Jainkoarekin zegoen Hitza.
3 Gauza guztiak beronen bidez egin ziren,
eta egindakotik ezer
ez da berau gabe egin.
4 Hitzarengan zegoen bizia,
eta bizia gizakien argia zen;
5 argi horrek ilunpetan egiten du argi,
baina ilunpeek ez zuten onartu.
6 Agertu zen gizon bat Jainkoak bidalia; Joan zuen izena. 7 Testigu izatera etorri zen, argiaz testigantza egitera, beraren mezuaren bidez sinets zezaten. 8 Ez zen hura argia, argiaren testigantza egin behar zuena baizik.
9 Hitza zen egiazko argia,
mundura etorriz
gizaki guztiak argitzen dituena.
10 Munduan zegoen
eta, mundua haren bidez
egina izan arren,
mundukoek ez zuten onartu.
11 Bere etxera etorri zen,
baina beretarrek ez zuten onartu.
12 Onartu zuten guztiei, ordea,
berarengan sinesten dutenei, alegia,
Jainkoaren seme-alaba izateko
ahalmena eman zien.
13 Hauek ez dira giza odolekoak,
ez eta gizakiaren borondatez sortuak ere,
Jainkoarengandik jaioak baizik.
14 Eta Hitza gizon egin zen
eta gure artean jarri bizitzen.
Ikusi dugu haren Jainko-aintza,
Aitarengandik
maitasun eta egiaz betea
datorren Seme bakarrari dagokion aintza.
15 Joanek beronetaz egin zuen testigantza, oihu eginez: «Honetaz ari nintzen ni, <Nire ondoren datorrena nire gainetik dago, ni baino lehenagokoa baitzen> esan nuenean».
16 Izan ere, guztiok hartu dugu
haren betearen betetik,
eta maitasuna maitasunaren gain
hartu ere.
17 Legea Moisesen bidez eman zen;
maitasuna eta egia, berriz,
Jesus Mesiasen bidez.
18 Jainkoa ez du inork inoiz ikusi;
Aitaren baitan dagoen eta Jainko den
Seme bakarrak eman digu haren berri.
19 Judu-agintariek apaiz- eta lebitar-talde bat bidali zioten Joani Jerusalemdik nor zen galdetzera. 20 Hark argi eta garbi aitortu zuen:
-Ni ez naiz Mesias.
21 -Orduan, zer? Elias zara? -galdetu zioten.
Joanek erantzun:
-Ez.
-Etortzekoa den profeta zara?
Hark erantzun:
-Ez.
22 Berriro galdetu zioten:
-Nor zaitugu, bada? Bidali gaituztenei erantzunen bat eraman behar diegu. Zer diozu zeure buruaz?
{{bertset|1|23| Joanek, Isaias profetaren hitzak aipatuz, esan zuen:
-Ni, «Prestatu bidea Jaunari»
basamortuan oihuka ari denaren
ahotsa naiz.}}
24 Talde hartako batzuk fariseuak ziren. 25 Hauek galdetu zioten:
-Beraz, Mesias ez bazara, ez Elias, ez eta etortzekoa den profeta ere, nola ari zara bataiatzen?
26 Joanek erantzun zien:
-Nik urez bataiatzen dut; zeuen artean baduzue, ordea, ezagutzen ez duzuen bat, 27 nire ondoren datorrena, eta ni ez naiz inor hari oinetako lokarriak askatzeko ere.
28 Hau dena Betanian gertatu zen, Jordan ibaiaren bestaldean, han ari baitzen Joan bataiatzen.
29 Biharamunean, Joanek Jesus beregana etortzen ikusi eta esan zuen: «Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, munduko bekatua kentzen duena. 30 Honetaz ari nintzen, <Nire ondoren datorren gizona nire gainetik dago, ni baino lehenagokoa baitzen> esan nuenean. 31 Neuk ere ez nuen ezagutzen; baina ni urez bataiatzera etorri banaiz, bera Israel herriari agerrarazteko izan da».
32 Eta beste hau ere aitortu zuen Joanek: «Espiritua ikusi dut, uso-tankeran, zerutik jaisten eta honen gainean gelditzen. 33 Neuk ere ez nuen ezagutzen, baina urez bataiatzera bidali ninduenak esan zidan: <Espiritua jaisten eta gizon baten gainean gelditzen ikusiko duzu; huraxe da Espiritu Santuaz bataiatzen duena>. 34 Eta neuk ikusi dut eta aitortzen hauxe dela Jainkoaren Semea».
35 Hurrengo egunean, berriro ere bertan zegoen Joan bere bi ikaslerekin. 36 Jesus handik igarotzen ikusirik, esan zuen: «Hona hemen Jainkoaren Bildotsa».
37 Bi ikasleek, hori entzutean, Jesusi jarraitu zioten. 38 Jesusek, atzera begiratu eta ondoren zetozkiola ikusirik, galdetu zien:
-Zeren bila zabiltzate?
Haiek erantzun:
-Rabbi, non bizi zara? (Rabbik «Maisu» esan nahi du).
39 Jesusek esan zien:
-Etorri eta ikusi.
Joan, non bizi zen ikusi eta berarekin gelditu ziren egun hartan. Arratsaldeko laurak aldea zen.
40 Joani entzun eta Jesusi jarraitu zioten bietariko bat Andres zen, Simon Pedroren anaia. 41 Lehenik, bere anaia Simonekin egin zuen topo eta esan zion: «Mesias aurkitu diagu» (Mesiasek «Kristo» -hau da, Gantzutua- esan nahi du).
42 Eta Jesusengana eraman zuen. Jesusek, begira-begira jarririk, esan zion: «Simon zara zu, Joanen semea, baina aurrerantzean Kefas deituko zara» (Kefasek «Pedro» -hau da, Harkaitz- esan nahi du).
43 Biharamunean, Jesusek Galilearantz joatea erabaki zuen. Felipe aurkitu eta esan zion: «Jarraitu niri».
44 Felipe Betsaidakoa zen, Andres eta Pedroren herrikoa. 45 Felipek Natanael aurkitu zuen, eta esan zion:
-Moisesek legearen liburuan eta profetek beren idazkietan aipatu zuten hura aurkitu diagu: Jesus, Joseren semea, Nazaretekoa.
46 Natanaelek esan zion:
-Ezer onik atera ote daiteke Nazaretetik?
Felipek erantzun zion:
-Etorri eta ikusi.
47 Ikusi zuen Jesusek Natanael zetorkiola, eta esan zuen:
-Hona benetako israeldar bat, faltsukeriarik gabea.
48 Natanaelek galdetu zion:
-Nondik ezagutzen nauzu?
Jesusek erantzun:
-Felipek deitu aurretik ikusi zintudan pikupean.
49 Natanaelek esan zion:
-Maisu, zu Jainkoaren Semea zara, zu Israelgo erregea zara.
50 Jesusek ihardetsi zion:
-Pikupean ikusi zintudala esan dizudalako sinesten al duzu? Handiagorik ere ikusiko duzu!
51 Eta gaineratu zuen:
-Bene-benetan diotsuet: Zerua irekia ikusiko duzue, eta Jainkoaren aingeruak gora eta behera Gizonaren Semearen gainean.
2. atala
[aldatu]1 Hiru egunera, ezteiak izan ziren Galileako Kanan, eta han zen Jesusen ama. 2 Jesus eta beronen ikasleak ere gonbidatu zituzten ezteietara. 3 Eta ardoa amaitu baitzen, esan zion amak Jesusi:
-Ez dute ardorik.
4 Jesusek erantzun zion:
-Utz nazazu bakean, emakume. Oraino ez da etorri nire ordua.
5 Jesusen amak honela esan zien zerbitzariei: «Egin horrek esango dizuena».
6 Baziren han harrizko sei ur-ontzi, juduek beren garbikuntzetarako erabili ohi zituztenak, ehunen bat litrokoa bakoitza.
7 Jesusek esan zien zerbitzariei:
-Bete ontziak urez.
Haiek goraino bete zituzten. 8 Orduan, esan zien:
-Atera pixka bat eta eraman mahaizainari.
Hala egin zuten haiek.
9 Mahaizainak ardo bihurtutako ura dastatu zuen, nongoa zen jakin gabe; zerbitzariek, bai, bazekiten, beraiek atera baitzuten ura. Ardo berria dastatu zueneko, senarrari dei egin 10 eta esan zion: «Jende guztiak ardorik onena atera ohi du lehenik eta, jendea aski edanda dagoenean, arruntagoa; zuk, berriz, orain arte gorde duzu ardorik onena».
11 Bere lehen mirarizko seinale hau Galileako Kanan egin zuen Jesusek; honela, bere Jainko-aintza agertu zuen, eta ikasleek sinetsi egin zuten harengan. 12 Ondoren, Kafarnaumera joan zen bere ama, anai-arreba eta ikasleekin, eta han egon ziren zenbait egunez.
13 Hurbil zen juduen Pazko Jaia, eta Jerusalemera joan zen Jesus. 14 Tenpluan merkatariak aurkitu zituen idi, ardi eta usoak saltzen, eta diru-trukalariak ere bai, han eserita. 15 Jesusek, lokarriz zartailu bat eginez, tenplutik kanpora bota zituen denak, bai eta ardiak eta idiak ere; eta trukalarien diruak sakabanatu eta mahaiak irauli egin zituen. 16 Uso-saltzaileei esan zien: «Kendu hemendik hau guztia. Ez egin nire Aitaren etxea merkatu-etxe».
17 Ikasleei, Liburu Santuak dioena etorri zitzaien gogora: Zure tenpluaren maiteminak erreko nau.
18 Orduan, galdetu zioten judu-agintariek:
-Zer seinale ematen diguzu hori egiteko aginpidea duzula frogatzeko?
19 Jesusek erantzun zien:
-Desegizue tenplu hau eta hiru egunetan berreraikiko dut.
20 Juduek ihardetsi zioten:
-Berrogeita sei urte behar izan dira tenplu hau eraikitzeko, eta zuk hiru egunetan berreraikiko duzula?
21 Hura, ordea, bere gorputzaren tenpluaz ari zen. 22 Horregatik, hilen artetik piztu zenean, esandako hori gogoratu zitzaien haren ikasleei, eta sinetsi egin zuten Liburu Santuko eta Jesusek esandako hitza.
23 Pazko Jaian Jesus Jerusalemen zegoela, askok sinetsi zuten harengan, egiten zituen mirarizko seinaleak ikusirik. 24 Baina, Jesus bera ez zen fidatzen haietaz, guztiak ezagutzen baitzituen, 25 eta ez zuen inoren aitorpen-beharrik, ongi ezagutzen baitzuen berak gizakiaren baitan dagoena.
3. atala
[aldatu]1 Nikodemo zeritzan gizon batek, fariseuen taldekoa eta juduen buruetakoa bera, 2 gauez Jesusengana etorri eta esan zion:
-Maisu, seguru gaude Jainkoak guri irakasteko bidali zaituena, inork ez baititzake egin zuk egiten dituzun mirarizko seinaleak, Jainkoa berekin ez badu.
3 Jesusek erantzun zion:
-Bene-benetan diotsut: Ezin du inork Jainkoaren erreinua ikusi, berriro jaiotzen ez bada.
4 Nikodemok galdetu:
-Nola jaio daiteke norbait, jadanik zaharra izanik? Sar ote daiteke amaren sabelean eta berriro jaio?
5 Jesusek erantzun:
-Bene-benetan diotsut: Ezin izango da inor Jainkoaren erreinuan sartu, uretik eta Espiritutik jaiotzen ez bada. 6 Gizakiagandik berez jaioa gizaki da, Espiritutik jaioa espiritu. 7 Ez harritu berriro jaio behar duzuela esan dizudalako. 8 Haizeak edonondik jotzen du; entzuten duzu haren hotsa, baina ez dakizu nondik datorren, ez nora doan. Gauza bera gertatzen da Espiritutik jaioarekin.
9 Nikodemok galdegin zion:
-Nola gerta daiteke hori?
10 Jesusek erantzun:
-Eta zuk, Israelen maisu izanik, ez dakizu hori? 11 Bene-benetan diotsut: Dakiguna esaten dugu guk, eta ikusi duguna aitortzen; baina zuek ez duzue gure testigantza onartzen. 12 Nik lurreko gauzak esatean sinesten ez badidazue, nola sinetsiko didazue zerukoak esatean?
13 «Ez da inor zerura igo, zerutik jaitsi zena baizik, Gizonaren Semea. 14 Eta Moisesek basamortuan brontzezko sugea hagan jaso zuen bezala, halaxe izan behar du jasoa Gizonaren Semeak, 15 harengan sinesten duten guztiek betiko bizia izan dezaten.
16 «Izan ere, Jainkoak hain maite izan zuen mundua, non bere Seme bakarra eman baitzion, harengan sinesten duenik inor gal ez dadin, baizik betiko bizia izan dezan. 17 Zeren Jainkoak ez baitzuen Semea mundura bidali mundua kondenatzeko, haren bitartez salbatzeko baizik. 18 Harengan sinesten duena ez da kondenatua; sinesten ez duena, ordea, kondenatua dago jadanik, ez baitu sinetsi Jainkoaren Seme bakarrarengan. 19 Hauxe da kondenaren arrazoia: argia mundura etorria dela eta gizakiak ilunpea maiteago izan duela argia baino, beraren jokabidea gaiztoa delako. 20 Izan ere, gaizki jokatzen duenak gorroto dio argiari, eta ez da hurbiltzen argitara, beraren jokabidea agerian geldi ez dadin. 21 Egiaren arabera ari dena, ordea, argitara hurbiltzen da, beraren egintzak Jainkoaren borondatearen arabera eginak direla ager dadin».
22 Geroago, Jesus Judea aldera joan zen bere ikasleekin, eta han egon ziren aldi batez, bataiatzen. 23 Joan ere bataiatzen ari zen Enon-en, Salim ondoan, ur asko baitzen han. Eta jendea bataiatzera etortzen zitzaion. 24 Garai hartan Joan ez zegoen oraindik preso.
25 Joanen ikasleen eta judu baten artean eztabaida sortu zen garbikuntza-ohikuneez. 26 Eta Joanengana etorri eta esan zioten:
-Hara, Maisu; Jordanez bestaldean zurekin zen hura, zuk testigantza egin zeniona, orain bataiatzen ari da, eta berarengana doaz denak.
27 Joanek erantzun zien:
-Gizakiak ez du ezer Jainkoak ematen diona baizik. 28 Zeuek zaituztet lekuko zera esan nuela: «Ez naiz ni Mesias, haren aurretik bidalia baizik». 29 Emaztea senarrarena da. Senarraren adiskidea senarraren ondoan egoten da, hari entzuteaz pozik. Horixe dut nik ere poza, poz bete-betea. 30 Hark hazi egin behar du eta nik txikiagotu.
31 «Goitik datorrena denen gain dago. Lurretik sortua lurrekoa da, eta lurrekoaz mintzo da; zerutik datorrenak 32 ikusi eta entzun duenaren testigantza egiten du; baina haren testigantza ez du inork onartzen. 33 Haren testigantza onartzen duenak, Jainkoak egia dioela baieztatzen du. 34 Izan ere, Jainkoak bidaliak hitz egitean, Jainkoak berak hitz egiten du, neurririk gabe ematen baitio bere Espiritua. 35 Aitak Semea maite du, eta haren esku jarri du dena. 36 Semearengan sinesten duenak betiko bizia du; baina Semearengan sinetsi nahi ez duenak ez du bizia ikusiko, baizik eta Jainkoaren zigorra du bere gainean».
4. atala
[aldatu]1 Jakin zuten fariseuek Joanek baino ikasle gehiago egin eta jende gehiago bataiatzen zuela Jesusek, 2 nahiz eta bataiatu, ez zuen Jesusek berak bataiatzen, haren ikasleek baino. 3 Jesus, hori jakitean, Judea utzi eta Galileara joan zen berriro.
4 Bere ibilbidean Samarian zehar iragan beharra zuen. 5 Iritsi zen, bada, Sikar izeneko Samariako hirira, antzina Jakobek bere seme Joseri ondaretzat emaniko lur-sailetik hurbil. 6 Han zegoen Jakoben putzua delakoa. Jesus, bideaz nekaturik, putzu-ertzean eseri zen. Eguerdi ingurua zen. 7-8 Ikasleak hirira joanak ziren janaria erostera. Hortan, Samariako emakume bat etorri zen putzura ur bila. Jesusek esan zion:
-Emadazu edaten.
9 Orduan, emakume samariarrak esan zion:
-Nola zuk, judu izanik, eskatzen didazu edatekoa niri, samariar naizen honi? (Jakin behar da juduek eta samariarrek ez dutela elkarrekin harremanik).
10 Jesusek erantzun zion:
-Jainkoak ematen duena ezagutuko eta edatekoa nork eskatzen dizun jakingo bazenu, zeuk eskatuko zenioke berari, eta hark ur bizia emango lizuke.
11 Emakumeak esan zion:
-Jauna, ez daukazu ura zerez atera, eta putzua sakona da. Nondik aterako duzu, beraz, ur bizi hori? 12 Geure aita Jakobek utzi zigun putzu hau eta bertatik edan zuten berak, beraren seme-alabek eta abereek. Hura baino handiagoa al zara zu?
13 Jesusek ihardetsi zion:
-Ur honetatik edaten duena berriro ere egarri izango da; 14 nik emango diodan uretik edango duena, ordea, ez da sekula egarri izango; zeren nik emango diodan ura betiko bizia darion iturburu bihurtuko baitzaio barruan.
15 Orduan, emakumeak:
-Jauna, emadazu ur horretatik, berriro egarri ez nadin, eta hona uretara etorri beharrik izan ez dezadan.
16 Jesusek esan zion:
-Zoaz etxera, dei egiozu zeure senarrari eta itzuli hona.
17 Emakumeak erantzun:
-Ez dut senarrik.
Eta Jesusek:
-Ongi diozu ez duzula senarrik; 18 bost izan dituzu, eta oraingoa ez duzu senarra; horretan egia diozu.
19 Emakumeak esan zion:
-Jauna, profeta zarela ikusten dut. 20 Gure gurasoek mendi honetan eman zioten kultu Jainkoari; zuek, juduok, berriz, Jerusalemen eman behar zaiola diozue.
21 Jesusek esan zion:
-Sinets iezadazu, emakume, badator ordua, ez mendi honetan, ez Jerusalemen, Aita adoratuko ez duzuena. 22 Zuek, samariarrok, ez dakizue zer adoratzen duzuen; guk badakigu zer adoratzen dugun, salbamena juduongandik baitator. 23 Baina badator ordua -hobeto esan, heldua da-, egiazko adoratzaileek Aita egiaren arabera eta Espirituak eraginda adoratuko dutena; horrela adora dezaten nahi du Aitak. 24 Jainkoa Espiritu da, eta hura adoratzen dutenek egiaren arabera eta Espirituak eraginda adoratu behar dute.
25 Emakumeak esan zion:
-Badakit Mesias, Kristo alegia, etortzekoa dena, eta hark, etortzean, gauza guztiak agertuko dizkiguna.
26 Jesusek esan zion:
-Neu naiz, zurekin mintzo naizen hau.
27 Une hartan ikasleak iritsi eta harritu egin ziren Jesus emakume batekin hizketan ari zela ikustean; halere, inor ez zen ausartu galdetzera zer nahi zuen edo zertaz ziharduen emakumearekin.
28 Emakumeak suila utzi, hirira itzuli eta esan zion jendeari: 29 «Zatozte egin dudan guztia esan didan gizon bat ikustera. Ez ote da bera Mesias?»
30 Jendea hiritik irten eta Jesusengana joan zen.
31 Bien bitartean, erreguka ari zitzaizkion ikasleak, esanez:
-Maisu, jan zerbait.
32 Baina berak esan zien:
-Badut nik beste janari bat, zuek ez dakizuena.
33 Ikasleek galdetu zioten elkarri:
-Norbaitek ekarri ote dio jatekoa?
34 Jesusek esan zien:
-Nire janaria, bidali nauenaren nahia egitea da, haren salbamen-egintza burutu arte. 35 Ez al duzue esaten zuek: «Lau hilabete barru uzta-aroa dugu?» Horra, bada, nik esan: Jaso begiak eta ikusi gari-soroak, uztarako horituak. 36 Dagoeneko igitaria bere saria hartzen ari da, eta betiko bizirako fruitua jasotzen, nola ereilea, hala igitaria, biak poz daitezen. 37 Honetan bai betetzen dela esaera: «Batek erein, bestek uzta bildu». 38 Zeuek landu ez duzuena biltzera bidali zaituztet nik; besteak nekatu dira lanean, eta zuek jasotzen duzue haien nekearen fruitua.
39 Hiri hartako samariar askok sinetsi zuen Jesusengan emakumeak emandako testigantzagatik: «Egin dudan guztia esan dit».
40 Beraz, samariarrek, Jesusengana etorri zirenean, beraiekin gelditzeko eskatu zioten Jesusi, eta bi egunez egon zen han. 41 Jesusen mezua entzutean, askoz gehiagok sinetsi zuten, 42 eta emakumeari esaten zioten: «Orain ez dugu zure esanarengatik bakarrik sinesten; geuk entzun dugu, eta badakigu hauxe dela egiaz munduaren Salbatzailea».
43 Bi egunen buruan, handik irten eta Galilearantz jarraitu zuen. 44 Jesusek berak aitortua zuen profeta ez dutela bere herrian aintzat hartzen. 45 Halere, Galileara iritsi zenean, galilearrek harrera ona egin zioten. Izan ere, Jerusalemen izanak ziren beraiek ere Pazko Jaietan, eta ikusia zuten Jesusek orduan egindako guztia.
46 Jesus Galileako Kanara joan zen berriro, ura ardo bihurtu zuen herrira. Bazen han errege-funtzionario bat, semea Kafarnaumen gaixorik zuena. 47 Funtzionarioak, Jesus Judeatik Galileara heldu zela jakitean, harengana jo eta bere semea sendatzera Kafarnaumera jaisteko eskatu zion, hilzorian zegoela eta. 48 Jesusek erantzun zion:
-Mirariak eta egintza harrigarriak ikusten ez badituzue, ez duzue sinesten.
49 Baina errege-funtzionarioak berriro:
-Jauna, zatoz, arren, nire haurra hil baino lehen.
50 Jesusek esan zion:
-Zoaz etxera, semea onik duzu eta.
Gizonak sinetsi egin zuen Jesusek esandakoa eta joan egin zen.
51 Etxera bidean, morroiak atera zitzaizkion bere semea onik zuela esatera. 52 Orduan, oneratzen zer ordutan hasi zen galdegin zien. Eta haiek erantzun:
-Atzo eguerdiko ordubatean alde egin zion sukarrak.
53 Ohartu zen aita ordu hartan esan ziola Jesusek: «Onik duzu semea», eta sinetsi egin zuten Jesusengan berak eta etxeko guztiek.
54 Bigarren mirarizko seinale hau Judeatik Galileara itzultzean egin zuen Jesusek.
5. atala
[aldatu]1 Handik aldi batera, juduen jai bat ospatzen zen, eta Jesus Jerusalemera itzuli zen. 2 Bada Jerusalemen, Ardien Atea delakoaren ondoan, uraska bat, bost aterpe dituena. Hebreeraz Betzata deitzen diote. 3 Aterpeetan gaixo asko egon ohi zen, lurrean etzanda: itsu, herren eta elbarriak. ( 3 b- 4 ). 5 Bazen han gizon bat, hogeita hemezortzi urtez gaixo zegoena. 6 Jesusek, han etzanda ikusi eta gisa hartan denbora luzea zeramala jakinik, esan zion:
-Nahi duzu sendatu?
7 Gaixoak erantzun zion:
-Jauna, ez dut inor ura mugitzean uraskara botako nauenik; ni iritsi orduko besteren batek aurrea hartzen dit.
8 Jesusek esan zion:
-Jaiki, hartu ohatila eta ibili.
9 Une berean sendaturik gertatu zen gizona, ohatila hartu eta ibiltzen hasi zen.
Egun hura larunbata zen, atseden-eguna.
10 Judu-agintariek, orduan, esan zioten sendatuari:
-Larunbata da; ez duzu zilegi ohatila garraiatzea.
11 Hark erantzun zien:
-Sendatu nauenak berak esan dit: «Hartu ohatila eta ibili».
12 Haiek galdetu zioten:
-Nor da ohatila hartu eta ibiltzeko esan dizun hori?
13 Baina sendatuak ez zekien nor zen, Jesus ezkutatu egin baitzen inguruan zegoen jendetza artean.
14 Geroxeago, Jesusek tenpluan topo egin zuen harekin eta esan zion:
-Begira, sendaturik zaude; ez egin berriro bekaturik, okerragorik gerta ez dakizun.
15 Joan zen gizona, eta agintariei adierazi zien Jesus zela sendatu zuena.
16 Honengatik, hain zuzen, larunbatez halako gauzak egiten zituelako, agintariak Jesus pertsegitzen hasi ziren.
17 Jesusek, orduan, hau azaldu zien: «Nire Aita etengabe ari da lanean, eta ni ere bai».
18 Esandako honengatik, agintariak are gehiago zebiltzan Jesus hil nahian, larunbateko atsedena ez errespetatzeaz gainera, Jainkoa bere aita zuela esaten baitzuen, horrela bere burua Jainkoaren pareko eginez.
19 Jesusek esan zien gainera: «Bene-benetan diotsuet: Semeak ez dezake deus ere bere kabuz egin; ez du egiten Aita egiten ikusten duena besterik: Aitak zer egin, huraxe bera egiten du Semeak ere. 20 Izan ere, Aitak Semea maite du, eta berak egiten duen guztia erakusten dio, eta gauza handiagoak erakutsiko dizkio oraindik, harritu egingo zaituztetenak. 21 Aitak hilak piztu eta bizia ematen dien bezala, Semeak ere bizia ematen die, berak nahi duenei.
22 «Aitak ez du inor ere epaitzen, baizik eta epaitzeko ahalmen guztia Semearen esku utzi du, 23 guztiek, bera ohoratzen duten bezala, Semea ere ohora dezaten. Semea ohoratzen ez duenak, hura bidali duen Aita ere ez du ohoratzen. 24 Bene-benetan diotsuet: Nire mezua onartu eta bidali nauenarengan sinesten duenak betiko bizia du. Ez da kondenatua izango; igaroa da dagoeneko heriotzatik bizitzara.
25 «Bene-benetan diotsuet: Badator ordua -hobeto esan, iritsia da-, hilek Jainkoaren Semearen ahotsa entzungo dutena; eta entzungo dutenak bizi egingo dira. 26 Aitak bizia bere baitan daukan bezala, Semeari ere bizia bere baitan edukitzea eman dio. 27 Gainera, epaitzeko aginpidea eman dio, Gizonaren Semea delako. 28 Ez harritu esaten dizuedanaz, bai baitator ordua hildako guztiek haren ahotsa entzungo dutena, 29 eta hilobietatik aterako direna: on egin zutenak betiko bizirako piztuko dira; gaitz egin zutenak, aldiz, kondenatuak izateko.
30 «Nik neurez ez dezaket deus ere egin: Aitak agintzen didan legez epaitzen dut; eta nire epaia zuzena da, ez baitut helburu neure nahia egitea, bidali nauenarena baizik.
31 «Nik neure buruaren aldeko testigantza egingo banu, nire testigantza ez litzateke baliozkoa izango. 32 Beste batek du nire alde testigatzen, eta jakin badakit haren testigantza baliozkoa dena. 33 Zuek gizatalde bat bidali zenioten Joani, eta hark egiaren alde egin zuen testigantza. 34 Ez dut hau esaten giza testigantzaren beharrik dudalako, zuek salba zaitezten baizik. 35 Joanek argi egiten zuen kriseilu piztuaren antzera, eta zuek alditxo batez bakarrik egon zineten prest haren argiaz gozatzeko.
36 «Nik, ordea, badut neure alde Joanena baino balio handiagoko testigantza: nik betetzeko Aitak nire gain utzitako egintzak, hain zuzen; nik egiten ditudan egintzek testigatzen dute nire alde eta Aitak bidali nauela frogatzen. 37 Eta bidali nauen Aitak berak ere egina du nire aldeko testigantza. Baina zuek ez duzue inoiz haren ahotsik entzun, ez haren aurpegirik ikusi, 38 eta haren hitzak ere ez du zuen baitan lekurik, hark bidaliarengan ez sinesteak erakusten duen bezala. 39 Liburu Santuak arretaz aztertzen dituzue, betiko bizia haietan aurkituko duzuelakoan; horra, bada, Liburu Santuek ere nire alde egiten dute testigantza; 40 halere, ez duzue niregana hurbildu nahi betiko bizia izateko.
41 «Ez dut gizakiengandiko ohorerik onartzen. 42 Baina ongi ezagutzen zaituztet eta badakit ez duzuela Jainkoa maite. 43 Neure Aitaren izenean etorria naiz ni, baina zuek ez nauzue onartzen; norbait bere izenean etorriko balitz, hura bai, onartuko zenukete. 44 Nola sinetsiko duzue zuek, elkarri ohore ematen ahalegintzen bazarete eta Jainko bakarrarengandik datorren ohoreaz arduratzen ez? 45 Ez uste izan Aitaren aurrean nik salatuko zaituztedanik; Moisesek berak, zeuen esperantza duzuenak, salatuko zaituzte. 46 Izan ere, Moisesi sinetsiko bazeniote, niri ere sinetsiko zenidakete, nitaz idatzi baitzuen hark. 47 Baina, hark idatzia sinesten ez baduzue, nola sinetsiko duzue nik esana?»
6. atala
[aldatu]1 Handik aldi batera, Galilea edo Tiberiades aintziraz bestaldera joan zen Jesus. 2 Eta jendetza handia zihoakion atzetik, gaixoak sendatuz egiten zituen mirarizko seinaleak ikusten baitzituzten. 3 Jesus mendira igo eta han eseri zen bere ikasleekin. 4 Hurbil zen Pazkoa, juduen jai nagusia. 5 Jesusek, jende asko zetorkiola ikusirik, esan zion Feliperi:
-Non erosiko genuke ogia hauei jaten emateko?
6 Zirikatzeko esan zion hori, ongi baitzekien berak zer egin behar zuen.
7 Felipek erantzun zion:
-Berrehun denarioren ogia ez litzateke nahikoa bakoitzak puska bat izateko.
8 Haren ikasleetako batek, Simon Pedroren anaia Andresek, esan zion:
9 -Bada hemen bost garagar-ogi eta bi arrain txiki dituen mutiko bat; baina zer da hori honenbesterentzat?
10 Jesusek jendea eserarazteko agindu zien ikasleei. Belar asko zegoen leku hartan, eta eseri egin ziren denak. Bost milaren bat gizonezko ziren. 11 Jesusek ogiak hartu eta, esker onezko otoitza egin ondoren, banatu egin zituen eserita zeudenen artean; berdin arrainak ere, nahi adina. 12 Eta ase zirenean, esan zien Jesusek ikasleei: «Bil itzazue hondarrak, ezer gal ez dadin».
13 Bildu zituzten, bada, eta bost garagar-ogietatik jan zutenei gelditu zitzaizkien hondarrez hamabi saski bete zituzten. 14 Jendeak, orduan, Jesusen mirarizko seinale hura ikusirik, honela zioen: «Hauxe da egiaz mundura etortzekoa zen profeta».
15 Jesusek, ordea, errege egiteko indarrez eraman nahi zutela ikusirik, mendira alde egin zuen berriro berak bakarrik.
16 Arratsean, Jesusen ikasleak aintzirara jaitsi 17 eta, txalupara igorik, aintziraz bestaldera abiatu ziren, Kafarnaumerantz. Iluna zen jadanik, eta artean Jesus ez zen beraiekin. 18 Aintzira haserretzen ari zen, haize handia zebilen eta. 19 Bospasei kilometro arraunean egin ondoren, Jesus ur gainean oinez eta txaluparantz hurbiltzen ikusi zuten, eta beldurrak hartu zituen. 20 Jesusek, ordea, esan zien: «Neu naiz. Ez beldurtu!»
21 Haiek, orduan, txalupan hartu nahi izan zuten, eta txalupa berehala iritsi zen zihoazen tokira.
22 Biharamunean, aintziraz bestaldean zegoen jendea konturatu zen han txalupa bat bakarra izan zela eta Jesus ez zela untziratu ikasleekin, baizik eta hauek bakarrik joan zirela. 23 Bitartean, beste zenbait txalupa iritsi zen Tiberiadesetik, Jaunak esker onezko otoitza egin ondoren ogia jan zuten ingurura. 24 Jesus eta ikasleak han ez zeudela konturatzean, jendea txalupetara igo eta Kafarnaumera joan zen, Jesusen bila. 25 Aintziraz bestaldean aurkitu eta esan zioten:
-Maisu, noiz etorri zara hona?
26 Jesusek erantzun zien:
-Bene-benetan diotsuet: Nire bila zabiltzate, ez ikusi dituzuen mirarizko seinaleengatik, ogia asetzeraino jan duzuelako baizik. 27 Ahalegin zaitezte, ez galtzen den janariagatik, baizik eta irauten eta betiko bizia ematen duen janariagatik; hori Gizonaren Semeak emango dizue, Jainko Aitak bere aginpidearen ordezkari egin duenak.
28 Orduan, galdetu zioten:
-Zer egin behar dugu Jainkoak nahi duena egiteko?
29 Jesusek erantzun zien:
-Hauxe da Jainkoak nahi duena: berak bidali duenarengan zuek sinestea.
30 Galdetu zioten, orduan:
-Zer seinale ematen diguzu, bada, guk ikusi eta zuri sinesteko? Zer egiten duzu? 31 Gure arbasoek mana jan zuten basamortuan, Liburu Santuak dioen bezala: Zeruko ogia eman zien jaten.
32 Jesusek erantzun zien:
-Bene-benetan diotsuet: Ez zizuen Moisesek eman zeruko ogia, baizik eta nire Aitak ematen dizue zeruko egiazko ogia. 33 Zeren Jainkoaren ogia, zerutik jaitsi eta munduari bizia ematen diona da.
34 Orduan, eskatu zioten:
-Jauna, emaguzu beti ogi horretatik.
35 Jesusek erantzun zien:
-Neu naiz bizia ematen duen ogia; niregana hurbiltzen dena ez da, ez, sekula gose izango, eta niregan sinesten duena ez da behin ere egarri izango. 36 Zuek, ordea, lehen ere esan dizuet, ez duzue sinesten, ikusi nauzuen arren. 37 Aitak niri ematen dizkidan guztiak niregana hurbilduko dira eta niregana hurbiltzen denik ez dut inola ere kanpora botako, 38 ez bainaiz zerutik jaitsi neure nahia egitera, bidali nauenaren nahia egitera baizik. 39 Eta hauxe da bidali nauenaren nahia: berak eman dizkidan guztietatik, ez dezadala bat ere gal, baizik eta piztu ditzadala azken egunean. 40 Hauxe da nire Aitak nahi duena: Semea ikus eta harengan sinets dezanak betiko bizia izan dezala; eta neuk piztuko dut azken egunean.
41 Orduan, marmarka hasi ziren entzuleak, «Neu naiz zerutik jaitsiriko ogia» esan zuelako, 42 eta zioten:
-Ez da, bada, hau Jesus, Joseren semea? Ez ditugu, bada, ezagunak honen aitamak? Nola dio, orain, zerutik jaitsia dela?
43 Jesusek ihardetsi zien:
-Ez ari marmarka zeuen artean. 44 Ezin da inor niregana hurbildu, bidali nauen Aitak erakartzen ez badu; eta neuk piztuko dut azken egunean. 45 Honela esaten da profeten liburuan: Jainkoaren ikasle izango dira denak. Aitari entzun eta hark irakatsia bereganatzen duena niregana hurbiltzen da. 46 Horrek ez du esan nahi inork Aita ikusi duenik; Jainkoarengandik etorri denak bakarrik ikusi du Aita.
47 «Bene-benetan diotsuet: Sinesten duenak betiko bizia du. 48 Neu naiz bizia ematen duen ogia. 49 Zuen gurasoek mana jan zuten basamortuan eta, halere, hil egin ziren. 50 Bestelakoa da zerutik jaisten den ogia: beronetatik jaten duena ez da hilko. 51 Neu naiz zerutik jaitsia den ogi bizia; ogi honetatik jaten duenak betiko bizia izango du. Eta nik emanen dudan ogia nire gorputza da, mundua bizi dadin emana».
52 Hitz hauek eztabaida gogorra sortu zuten entzuleen artean. Honela zioten:
-Nola eman diezaguke honek bere gorputza jaten?
53 Jesusek esan zien:
-Bene-benetan diotsuet: Gizonaren Semearen gorputza jaten eta haren odola edaten ez baduzue, ez duzue bizirik izango zeuengan. 54 Nire gorputza jaten eta nire odola edaten duenak betiko bizia du, eta neuk piztuko dut azken egunean. 55 Zeren nire gorputza benetako janari baita, eta nire odola benetako edari. 56 Nire gorputza jaten eta nire odola edaten duena nirekin bat eginda dago, eta ni berarekin. 57 Bizia duen Aitak bidali ninduen eta hari esker dut nik bizia; halaxe, ni jaten nauenak ere niri esker izango du bizia. 58 Hau da zerutik jaitsi den ogia; ez da zuen gurasoek jan zutena bezalakoa, haiek hil egin baitziren; ogi honetatik jaten duenak betiko bizia izango du.
59 Hau guztia Kafarnaumgo sinagogan irakatsi zuen Jesusek.
60 Jesusen hitzok entzutean, haren ikasleetariko askok esan zuen: «Onargaitza da mezu hau. Nork jaramon egin?»
61 Jesusek, ikasleak marmarka ari zirela oharturik, esan zien: «Honek eragozten al dizue sinestea? 62 Bada, Gizonaren Semea lehen zegoen tokira igotzen ikusiko bazenute, zer gertatuko ote? 63 Espiritua da bizia ematen duena; gizakia berez ez da ezertarako. Nik eman dizkizuedan irakatsiak espiritu eta bizi dira. 64 Baina badira zuen artean sinesten ez duten batzuk».
Izan ere, Jesusek hasieratik zekien nork ez zuen sinesten eta nork salduko zuen. 65 Eta esan zuen gainera: «Horregatik esan dizuet ezin dela inor ere niregana hurbildu, Aitak ez badio horretarako gaitasuna ematen».
66 Geroztik, haren ikasleetariko askok atzera jo zuen, eta aurrerantzean ez ziren harekin ibili. 67 Orduan, esan zien Jesusek Hamabiei:
-Zuek ere alde egin nahi al duzue?
68 Erantzun zion Simon Pedrok:
-Jauna, norengana joango gara? Betiko bizia dute zure irakatsiek. 69 Eta guk sinetsi dugu eta badakigu zu zarela Jainkoaren Santua.
70 Jesusek ihardetsi zien:
-Ez al zaituztet neuk aukeratu Hamabiok? Halere, zuetariko bat deabru da.
71 Simon Iskarioteren seme Judasez ari zen; hau baitzen, Hamabietako bat izan arren, Jesus salduko zuena.
7. atala
[aldatu]1 Jesus Galilean zebilen. Ez zuen Judean azaldu nahi, judu-agintariak bera hil nahian baitzebiltzan. 2 Etxola Jaia, juduen jaietariko bat, hurbil zelarik, 3 anai-arrebek esan zioten Jesusi:
-Irten hemendik eta zoaz Judeara, egiten dituzun egintzak han ere zure ikasleek ikus ditzaten. 4 Bere burua ezagutarazi nahi duenak ez du ezkutuan jarduten. Honelako gauzak egiten dituzunez gero, egin itzazu mundu guztiak ikusteko moduan.
5 Haren senideek ere ez zuten, hain zuzen, berarengan sinesten. 6 Jesusek esan zien:
-Nire garaia ez da oraino iritsi; zuentzat, aldiz, edozein garai da ona. 7 Munduak ez du zuek gorrotatzeko arrazoirik; niri, ordea, bai, gorroto dit, argi azaltzen baitut haren egintzak gaiztoak direla. 8 Joan zuek jaietara; ni ez noa, nire garaia ez baita oraindik bete.
9 Hori esan eta Galilean gelditu zen Jesus. 10 Baina haren senideak jaietara joan ondoren, bera ere joan egin zen; ez, ordea, agerian, erdi ezkutuan baizik.
11 Judu-agintariak Jesusen bila zebiltzan jaietan, esanez: «Non ote da hori?» 12 Eta jendea txutxumutxuka ari zen hartaz; batzuek zioten: «Gizon ona da». Beste batzuek, ordea: «Ez, herria engainatzen ari da». 13 Halere, inor ez zen hartaz agerian mintzatzera ausartzen, agintarien beldurrez.
14 Jaien erdialdera, tenpluan azaldu zen Jesus, eta irakasten hasi zen. 15 Agintariek, harrituta, zioten:
-Nondik da hau hain ikasia, eskolan ibili gabe?
16 Jesusek ihardetsi zien:
-Nire irakaspena ez dut neurea, bidali nauenarena baizik. 17 Jainkoaren nahia egiteko prest dagoenak jakingo du irakaspen hau Jainkoarengandikoa den ala neure kabuz mintzo naizen. 18 Bere kabuz mintzo dena bere buruaren ohore bila ibili ohi da; baina bidali duenarentzat ohore bila dabilena fidagarria da, eta ez du faltsukeriarik. 19 Ez al zizuen Moisesek legea eman? Halere, zuetariko inork ez du betetzen legea. Zergatik zabiltzate ni hil nahian?
20 Jendeak erantzun zion:
-Burutik zaude! Nor dabil zu hil nahian?
21 Jesusek erantzun zien:
-Harriturik zaudete larunbatez egin dudanarengatik. 22 Baina pentsa: Moisesek erdainkuntzaren legea ezarri zizuen (egia esan, ohitura hau ez zen Moisesekin hasi, arbasoekin baino), eta larunbatez ere erdaindu ohi duzue gizona. 23 Horrela bada, Moisesen legea ez haustearren, erdainkuntza larunbatez ere egiten bazaio gizonari, zergatik haserretzen zarete nirekin, larunbatez gizon baten gorputz osoa sendatu dudalako? 24 Ez epaitu itxuren arabera, zuzentasunez baizik.
25 Orduan, Jerusalemen bizi ziren batzuk galdezka hasi ziren: «Ez al da hau hil nahi dutena? 26 Ba, agerian ari da hizketan, eta ez diote ezer esaten. Benetan onartu ote dute buruzagiek berau Mesias dela? 27 Mesias etorriko denean, ez du inork jakingo nongoa den; hau, ordea, badakigu nongoa den».
28 Jesusek, orduan, tenpluan irakasten ari zelarik, esan zuen oihu eginez: «Ni ezagutzen nauzue, eta badakizue nongoa naizen; baina ni ez naiz neurez etorri, baizik eta fidagarria denak bidali nau, eta zuek ez duzue hura ezagutzen. 29 Nik, bai, ezagutzen dut, harengandik bainator, eta berak bidalia naiz».
30 Orduan, atxilotu egin nahi izan zuten; baina ez zion inork eskurik ezarri, ez baitzen artean haren ordua. 31 Askok sinetsi zuten harengan, eta honela zioten: «Mesias etorriko denean, honek baino mirarizko seinale gehiago egingo ote du?»
32 Fariseuek entzun zuten jendea hartaz esaten ari zena eta, apaizburuekin elkar harturik, guardak bidali zituzten atxilot zezaten. 33 Orduan, Jesusek esan zuen: «Oraindik alditxo batez egongo naiz zuekin, eta gero bidali nauenarengana joango. 34 Orduan, nire bila ibiliko zarete, baina ez nauzue aurkituko; zeren eta, ni egongo naizen tokira, zuek ezin baitzarete joan».
35 Judu-agintariek ziotsaten elkarri: «Nora joango da hau, guk bera ezin aurkitu ahal izateko? Jentilen artean sakabanaturiko judu-elkarteetara joan nahi ote du, jentilei irakastera? 36 Zergatik esaten ote du <Nire bila ibiliko zarete, baina ez nauzue aurkituko; zeren eta, ni egongo naizen tokira, zuek ezin baitzarete joan>?»
37 Jaietako azken egunean, nagusienean, Jesusek zutitu eta oihu egin zuen, esanez: «Egarri dena betor niregana, eta edan beza 38 niregan sinesten duenak. Liburu Santuek dioten bezala, ur biziko errekak jarioko zaizkio barru-barrutik».
39 Harengan sinetsiko zutenek hartuko zuten Espirituaz esan zuen hori; izan ere, ez zen artean Espiriturik, Jesusen Jainko-aintza ez zelako oraindik azaldu.
40 Jesusen hitzok entzutean, batzuek zioten: «Benetan hauxe da itxaron dugun profeta». 41 Beste batzuek esaten zuten: «Hauxe da Mesias». Baina beste zenbait kontra atera zen: «Galileatik etor ote daiteke Mesias? 42 Ez al diote, bada, Liburu Santuek Daviden hazitik eta haren herrixka Belendik etorriko dela?»
43 Iritzi kontrajarriak zeuden, bada, jendearen artean Jesusi buruz.
44 Batzuek atxilotu egin nahi zuten, baina inork ez zion eskurik ezarri. 45 Guardak apaizburu eta fariseuengana itzuli ziren. Hauek galdetu zieten:
-Zergatik ez duzue ekarri?
46 Guardek erantzun zieten:
-Ez du sekula inork honek bezala hitz egin.
47 Orduan, fariseuek:
-Zuek ere engainatu al zaituzte? 48 Sinetsi ote du harengan buruzagi edo fariseuetakoren batek ere? 49 Baina legea ezagutzen ez duen jendaila hau madarikatua dago.
50 Nikodemok, fariseuetako batek, behinola Jesusengana joan zenak, esan zien:
51 -Zilegi ote dugu geure legearen arabera inor gaitzestea, aldez aurretik berari entzun eta zer egin duen jakin gabe?
52 Besteek erantzun zioten:
-Zu ere galilearra ote zaitugu? Aztertu Liburu Santuak, eta ikusiko duzu Galileatik ez dela inoiz profetarik sortu.
53 (Ondoren, nor bere etxera joan zen.
8. atala
[aldatu]1 Jesus Oliamendira joan zen. 2 Biharamunean, egunsentian, tenplura itzuli zen, eta herri guztia etorri zitzaion. Jesus, eseririk, irakasten hasi zen.
3 Orduan, lege-maisu eta fariseuek emakume bat, adulterioan harrapatua, ekarri zioten. Erdi-erdian ipiniz, 4 esan zioten Jesusi:
-Maisu, emakume hau adulterioan ari zela harrapatu dute. 5 Moisesek legean honelakoak harrika hiltzeko agindu zigun; zuk zer diozu?
6 Galdera azpikeriaz egin zioten, hura salatzeko aitzakiaren baten bila baitzebiltzan. Jesus, alabaina, makurturik, atzamarrez lurrean idazten hasi zen. 7 Haiek, ordea, galde eta galde ari baitzitzaizkion, zutitu zen Jesus eta honela esan zien:
-Zuetan bekaturik gabe dagoenak jaurtiki diezaiola lehen harria.
8 Eta berriro makurturik, lurrean idazten jarraitu zuen. 9 Haiek, ordea, hori entzutean, banan-banan alde egiten hasi ziren, zaharrenetatik hasita. Jesus bakarrik gelditu zen, emakumea aurrean zuela. 10 Jesusek zutitu eta esan zion:
-Emakume, non dira salatzaileak? Ez al zaitu inork ere gaitzetsi?
11 Hark erantzun:
-Inork ere ez, Jauna.
Orduan, Jesusek:
-Nik ere ez zaitut gaitzesten; zoaz, eta ez egin berriro bekaturik.)
12 Jesus jendeari mintzatu zitzaion berriro:
-Neu naiz munduarentzat argia; niri jarraitzen didana ez da ilunpetan ibiliko, baizik eta bizia ematen duen argia izango du.
13 Orduan, fariseuek esan zioten:
-Zuk zeure buruaren alde egiten duzu testigantza; beraz, zure testigantzak ez du balio.
14 Jesusek erantzun zien:
-Nik testigantza neure buruaren alde egiten badut ere, nire testigantzak balio du, ongi baitakit nik nondik etorria naizen eta nora noan; baina zuek ez dakizue, ez nondik natorren, ez nora noan. 15 Zuek giza erara duzue epaitzen; nik ez dut inor epaitzen. 16 Eta epaituko banu ere, nire epaia baliozkoa litzateke, ez baitut nik bakarrik epaitzen, bidali nauen Aitak eta biok baizik. 17 Eta zuen legean dago idatzia, bi lagunen testigantza baliozkoa dela. 18 Honela bada, nik neure buruaren alde egiten dut testigantza, baina bidali nauen Aitak ere nire alde egiten du testigantza. 19 Orduan, haiek galdetu zioten:
-Non da zure Aita?
Jesusek erantzun zien:
-Ez dakizue ezer, ez nitaz, ez nire Aitaz; ni ezagutuko baninduzue, nire Aita ere ezagutuko zenukete.
20 Adierazpen hauek tenpluan irakasten ari zela egin zituen Jesusek dirutegi ondoan. Halere, ez zion inork eskurik bota, ez baitzen artean iritsia haren ordua.
21 Berriro esan zien Jesusek:
-Ni banoa, eta zuek nire bila ibiliko zarete, baina zeuen bekatuan hilko zarete. Ni noan tokira zuek ezin zarete joan.
22 Orduan, entzuleek:
-Bere burua hil behar ote du? Horregatik esaten ote du «Ni noan tokira zuek ezin zarete joan»?
23 Jesusek jarraitu zuen:
-Zuek behekoak zarete, ni goikoa naiz; zuek mundu honetakoak zarete, ni ez naiz mundu honetakoa. 24 Horregatik esan dizuet, zeuen bekatuan hilko zaretela; zeren ni naizena naizela sinesten ez baduzue, zeuen bekatuetan hilko baitzarete.
25 Orduan, esan zioten:
-Nor zara zu?
Jesusek erantzun:
-Hasieratik ari natzaizue esaten. 26 Badut zuetaz zer esanik eta zer gaitzetsirik asko. Baina bidali nauena fidagarria da; eta nik hari entzun diodana, horixe bera esaten diot munduari.
27 Baina ez ziren jabetu Aitaz mintzo zitzaiela. 28 Esan zien, bada, Jesusek:
-Gizonaren Semea jasoko duzuenean, orduan konturatuko zarete naizena naizela ni, eta ez dudala neurez ezer egiten, baizik eta Aitari ikasia bakarrik esaten dudala. 29 Neurekin dut bidali nauena; ez nau, ez, bakarrik utzi, hark atsegin duena egiten baitut beti.
30 Gauzok esan zituenean, askok sinetsi zuten harengan.
31 Orduan, esan zien Jesusek sinetsi zioten juduei:
-Nire mezuan tinko irauten baduzue, zinez nire ikasle izango zarete; 32 horrela, egia ezagutuko duzue, eta egiak aske egingo zaituzte.
33 Erantzun zioten:
-Gu Abrahamen hazikoak gara, eta ez gara inoiz inoren esklabo izan. Nola diozu aske izango garela?
34 Jesusek erantzun zien:
-Bene-benetan diotsuet: Bekatu egiten duen oro bekatuaren esklabo da. 35 Eta esklaboa ez da betiko etxean geratzen; semea, ordea, bai. 36 Beraz, Semeak askatzen bazaituzte, benetan aske izango zarete. 37 Badakit, bai, Abrahamen hazikoak zaretena; baina ni hil nahian zabiltzate, nire mezua zuengan itsasten ez delako. 38 Neure Aitaren ondoan ikusi dudanaz mintzo naiz ni; zuek, ordea, zeuen aitarengandik ikasi duzuena egiten duzue.
39 Erantzun zioten Jesusi:
-Abraham dugu aita.
Jesusek esan zien:
-Abrahamen seme baldin bazinete, Abrahamek egin zuena egingo zenukete. 40 Zuek ni hil nahian zabiltzate, Jainkoarengandik ikasi nuen egia esan dizuedalako; Abrahamek ez zuen horrelakorik egin. 41 Zuek zeuen aitak egin zuena egiten duzue.
Erantzun zioten:
-Gu ez gara sasikume; aita bakarra dugu, Jainkoa.
42 Jesusek, orduan:
-Zuen aita Jainkoa balitz, maiteko nindukezue, ni Jainkoarengandik irten eta etorri bainaiz; ez naiz neure kabuz etorria, hark bidalia baizik. 43 Zergatik ez duzue ulertzen nire mintzaira? Nire mezua onartu nahi ez duzuelako. 44 Zuek deabrua duzue aita, harenak zarete, eta zeuen aitaren gogoa nahi duzue egin. Hura hiltzaile izan da hasieratik eta, egian oinarritua ez dagoenez, ez du sekula egiarik esaten. Gezurra dioenean, bere-berea duenetik ari da, gezurti baita, eta gezurraren aita. 45 Niri, berriz, egia diodalako, ez didazue sinesten. 46 Ea zuetariko zeinek aurpegiratzen didan bekaturik! Baina egia badiot, zergatik ez didazue sinesten? 47 Jainkoarena denak onartzen du Jainkoak irakatsia; zuek ez duzue onartzen, Jainkoarenak ez zaretelako.
48 Orduan, judu haiek erantzun zioten:
-Ez al dugu arrazoi samariarra zarela eta deabruaren menpe zaudela esatean?
49 Jesusek erantzun zien:
-Ni ez nago deabruaren menpe; nik neure Aita ohoratzen dut, eta zuek ni desohoratzen; 50 baina ni ez naiz neure ohoreaz arduratzen; beste bat arduratzen da horretaz, eta hark du epaitzeko ahalmena. 51 Bene-benetan diotsuet: Nire mezua onartzen duenak ez du inoiz heriotzarik ikusiko.
52 Entzuleek esan zioten:
-Oraintxe bai dakigula deabruaren menpe zaudela. Abraham hil egin zen eta profetak ere bai; eta zuk diozu: «Nire hitza onartzen duenak ez du inoiz heriotzarik jasango». 53 Gure aita Abraham baino handiagoa al zara, bada, zu? Hura hil egin zen eta profetak ere bai; nor zarelakoan zaude?
54 Jesusek erantzun zuen:
-Neure burua neuk ohoratzen badut, nire ohore horrek ez du ezer ere balio; baina ni Aitak ohoratzen nau, zeuen Jainkoa omen duzuenak. 55 Zuek, ordea, ez duzue ezagutzen; nik, bai, ezagutzen dut eta, ez dudala ezagutzen esango banu, gezurti nintzateke zuek bezalaxe; baina ezagutzen dut, bai eta onartzen ere haren mezua. 56 Zuen aita Abraham pozik zen nire eguna ikusiko zuen itxaropenez; ikusi zuen, eta poztu egin zen.
57 Orduan, esan zioten entzuleek:
-Ez dituzu oraindik berrogeita hamar urte, eta Abraham ikusi duzula?
58 Jesusek erantzun zien:
-Bene-benetan diotsuet: Abraham sortu baino lehenagokoa naiz ni.
59 Orduan, harriak hartu zituzten hari jaurtikitzeko; baina Jesus ezkutatu egin zen eta tenplutik irten.
9. atala
[aldatu]1 Bidez zihoala, jaiotzatik itsua zen gizon bat ikusi zuen Jesusek. 2 Eta ikasleek galdegin zioten:
-Maisu, zeinek egin zuen bekatu hau itsu jaiotzeko, beronek ala beronen gurasoek?
3 Jesusek erantzun zien:
-Ez beronek, ez beronen gurasoek, ez zuten bekatu egin, baizik eta Jainkoaren egintzak honengan ager daitezen jaio zen itsu. 4 Egun-argi den bitartean, bidali nauenaren egintzak bete behar ditut; badator gaua, eta orduan ezin izango du inork lanik egin. 5 Munduan naizen bitartean, munduaren argia naiz.
6 Hau esanik, lurrera listua bota, listuaz lohia egin eta lohiaz itsuari begiak igurtzi zizkion. 7 Gero, esan zion:
-Zoaz garbitzera Siloeko ur-putzura (Siloek «Bidalia» esan nahi du).
Joan zen, bada, garbitu eta ikusten zuela itzuli zen. 8 Auzokoek eta lehen eskean ikusi ohi zutenek esaten zuten:
-Ez al da hau eserita eskean egoten zena?
9 Batzuek zioten:
-Bai, huraxe da.
Beste batzuek, berriz:
-Ez, ez da hura, haren antzeko bat baino.
Berak, ordea, zioen:
-Bai, neu nauzue.
10 Haiek galdetu zioten:
-Nola ikusten duzu, bada, orain?
11 Hark erantzun zien:
-Jesus delakoak listuaz lohia egin du, begiak igurtzi dizkit eta agindu: «Zoaz Siloera, eta garbitu han»; joan, garbitu eta ikusten hasi naiz.
12 Orduan, galdegin zioten:
-Non da orain gizon hori?
Hark erantzun:
-Ez dakit.
13-14 Larunbata zen Jesusek lohia egin eta begiak ireki zizkion eguna. Horregatik, fariseuengana eraman zuten itsu izandako hura, 15 eta fariseuek berriro galdegin zioten ea nola hasi zen ikusten. Hark erantzun zien:
-Lohia ezarri zidan begietan, garbitu nintzen, eta ikusi egiten dut.
16 Orduan, fariseuetariko batzuek zioten:
-Gizon hori ez dator Jainkoarengandik, ez baitu atseden-eguna errespetatzen.
Beste batzuek, berriz, zioten:
-Nola egin lezake bekatari batek horrelako mirarizko seinalerik?
Eta ez zetozen bat beren iritzietan.
17 Orduan, berriro galdetu zioten itsuari:
-Eta zuk, zer diozu begiak ireki dizkizunaz?
Hark erantzun:
-Profeta dela.
18 Judu-agintariek, ordea, ez zuten sinetsi nahi gizon hura itsu izan eta gero ikusten hasi zenik. Beraz, haren gurasoei deitu 19 eta galdegin zieten:
-Hau al da zuen semea, itsu jaio zela diozuena? Nola ikusten du, bada, orain?
20 Gurasoek erantzun zieten:
-Guk dakiguna da gure semea dela eta itsu jaio zela; 21 baina orain nola ikusten duen edo begiak nork ireki dizkion, hori ez dakigu. Galdegin berari, badu adina-eta bere buruaren berri emateko.
22 Gurasoek agintarien beldur zirelako erantzun zuten horrela, ordurako agintariek erabakia baitzuten Jesus Mesias zela aitortzen zuena beren elkartetik botatzea. 23 Horregatik esan zuten gurasoek: «Badu adina, galdegin berari».
24 Agintariek itsu izandakoari bigarren aldiz dei egin eta esan zioten:
-Aitortu egia Jainkoaren aurrean. Guk badakigu gizon hori bekatari dela.
25 Berak erantzun zien:
-Ez dakit bekatari den ala ez. Dakidan gauza bakarra hauxe da: itsu nintzela, eta orain ikusi egiten dudala.
26 Haiek berriro:
-Zer egin dizu? Nola ireki dizkizu begiak?
27 Eta hark erantzun:
-Esan dizuet, eta ez didazue jaramonik egin. Zergatik nahi duzue berriro entzun? Zuek ere haren ikasle izan nahi duzue ala?
28 Haiek irainez bete eta esan zioten:
-Zeu zara, zu, haren ikasle; gu Moisesen ikasle gara. 29 Guk seguru dakigu Moisesi Jainkoak hitz egin ziola, baina hori nongoa den ere ez dakigu.
30 Hark ihardetsi zien:
-Hori bai harrigarria! Zuek nongoa den ere jakin ez, eta horrek niri begiak ireki. 31 Jakina da Jainkoak ez diola bekatariari entzuten, baizik eta berari begirune izan eta beraren nahia betetzen duenari entzuten diola Jainkoak. 32 Egundaino ez dugu entzun itsu jaiotako bati inork begiak ireki dizkionik. 33 Gizon horrek, Jainkoarengandik ez baletor, ezin izango luke ezer ere egin.
34 Haiek erantzun zioten:
-Goitik beheraino bekatari jaio zinen, eta zu guri irakatsi nahian?
Eta elkartetik kanpora bota zuten.
35 Jakin zuen Jesusek sendatutako itsua elkartetik kanpora bota zutela eta, harekin topo egitean, galdetu zion:
-Sinesten duzu Gizonaren Semearengan?
36 Hark erantzun:
-Esadazu nor den, Jauna, sinets dezadan.
37 Jesusek esan zion:
-Ikusi duzu. Zurekin ari dena bera da.
38 Orduan, Jesusen aurrean ahozpeztu eta esan zion:
-Sinesten dut, Jauna.
39 Ondoren, esan zuen Jesusek:
-Mundu hau auzitan jartzera etorri naiz ni. Ondorioz, ikusten ez dutenek ikusi egingo dute, eta ikusten omen dutenak itsu bihurtuko.
40 Jesusekin zeuden fariseuetako batzuek, hori entzunik, esan zioten:
-Gu ere itsu ote gara?
41 Jesusek erantzun zien:
-Itsu bazinete, ez zenukete bekaturik izango; baina ikusten duzuela diozuenez, zeuen bekatuzko egoeran irauten duzue.
10. atala
[aldatu]1 «Bene-benetan diotsuet: Artegian atetik barik, beste nonbaitetik sartzen dena lapurra da eta harraparia. 2 Atetik sartzen dena, berriz, artzaina da. 3 Hari irekitzen dio atezainak, eta haren ahotsa entzuten dute ardiek; ardi bakoitzari bere izenez deitu eta artegitik ateratzen ditu. 4 Bere ardi guztiak atera dituenean, aurretik joaten zaie, eta ardiek atzetik jarraitzen diote, ezaguna baitute haren ahotsa. 5 Arrotzari, ordea, ez diote jarraituko; aitzitik, ihes egingo diote, arrotzaren ahotsa ezaguna ez dutelako».
6 Adibide hau eman zien Jesusek, baina haiek ez zuten ulertu zer esan nahi zien.
7 Orduan, honela azaldu zien Jesusek: «Bene-benetan diotsuet: Neu naiz ardientzako atea. 8 Nire aurretik etorritako guztiak lapurrak ziren eta harrapariak; horregatik, ardiek ez zieten jaramonik egin. 9 Neu naiz atea; ate honetan zehar sartzen dena, onik izango da, eta ez du inolako eragozpenik izango larreak aurkitzeko. 10 Lapurra ez doa artaldera ebatsi, hil eta hondatzera baizik. Ni, berriz, bizia -eta bizia ugari gainera- izan dezaten etorri naiz.
11 «Neu naiz artzain ona; artzain onak bere burua ematen du ardien alde. 12 Morroiak, otsoa etortzen ikusi orduko, ardiak utzi eta ihes egiten du, ez baita artzaina eta ardiak ere ez baititu bereak. Orduan, otsoak ardiak harrapatu eta sakabanatu egiten ditu. 13 Izan ere, morroiari lansaria zaio axola, eta ez ardiak.
14 «Neu naiz artzain ona. Ezagutzen ditut neure ardiak, eta ni ere ezagutzen naute neureek, 15 Aitak ni ezagutzen eta nik ere bera ezagutzen dudan bezalaxe. Nik neure burua ematen dut ardien alde. 16 Baditut artegian ez dauden beste ardi batzuk ere; haiek ere erakarri egin behar ditut; nire ahotsa entzungo dute eta artalde bakarra izango dira, artzain bakarraren gidaritzapean.
17 «Horregatik maite nau Aitak, neure bizia ematen dudalako eta horrela eskuratzen berriro. 18 Ez dit bizia inork kentzen, baizik eta nik neurez ematen dut. Neure esku dut ematea, eta neure esku berriro hartzea. Hori da neure Aitarengandik hartu dudan agindua».
19 Jesusek esandakoaren aurrean, iritzi kontrajarriak zeuden jendearen artean. 20 Askok honela zioten: «Deabruaren menpe eta burutik egina dago. Zergatik egiten diozue jaramon?» 21 Beste batzuek, berriz: «Hitzok ez dira deabrudun zoroarenak. Ireki ote ditzake deabru batek itsuen begiak?»
22 Negua zen. Jerusalemen tenpluaren sagarapen-jaiak ospatzen ziren, 23 eta Jesus tenpluko Salomonen aterpean zebilen. 24 Orduan, agintariek inguratu eta esan zioten:
-Noiz arte eduki behar gaituzu zalantzan? Zu bazara Mesias, esaguzu argi eta garbi.
25 Jesusek erantzun zien:
-Esan dizuet, eta ez didazue sinesten. Nik neure Aitaren izenean egiten ditudan egintzek ematen dute nire alde testigantza; 26 zuek, ordea, ez duzue sinesten, nire ardietakoak ez zaretelako. 27 Nire ardiek nire ahotsa entzuten dute, eta nik ezagutzen ditut; haiek atzetik jarraitzen didate, 28 eta nik betiko bizia ematen diet: ez dira sekula galduko, eta ez dizkit inork ere eskutik kenduko. 29 Eman dizkidan nire Aita, denak baino handiagoa da, eta ezin ditu inork kendu nire Aitaren eskutik. 30 Aita eta biok bat gara.
31 Agintariek berriro harriak hartu zituzten hari jaurtikitzeko. 32 Jesusek esan zien:
-Neure Aitaren aginduz egintza eder asko egin dut zuen aurrean; haietako zeinengatik egin nahi didazue harrika?
33 Erantzun zioten:
-Ez zaitugu egintza ederrengatik harrikatu nahi, Jainkoaren kontra birao egiteagatik baizik, gizaki izanik, zeure burua Jainko egiten duzulako.
34 Jesusek erantzun zien:
-Ez al dago zuen Liburu Santuetan idatzia: Nik esan dut: Jainko zarete? 35 Beraz, Jainkoak jainko deitzen die bere mezua zuzendu zienei, eta Liburu Santuek esana ukaezina da. 36 Nola diozue, bada, nik, Aitak sagaratu eta mundura bidali nauen honek, birao egiten dudala, «Jainkoaren seme naiz» esateagatik? 37 Aitaren egintzak egiten ez baditut, ez sinetsi niri. 38 Baina, egiten baldin baditut, niri sinesten ez badidazue ere, sinetsi egintzei. Horrela, behin betiko jakingo duzue ni Aitarekin bat eginda nagoela eta Aita nirekin.
39 Berriro atxilotu egin nahi izan zuten, baina hark ihes egin zien eskuetatik.
40 Berriro Jordanez bestaldera joan zen Jesus, garai batean Joan bataiatzen ari izan zen lekura. Han gelditu zen aldi batez, 41 eta jende asko joaten zitzaion. Honela zioten: «Joanek, egia esan, ez zuen mirarizko seinalerik bat ere egin, baina honetaz esan zuen guztia egia zen».
42 Eta han askok sinetsi zuten Jesusengan.
11. atala
[aldatu]1 Gizon bat, Lazaro zeritzana, gaixo zegoen. Betaniakoa zen, Maria eta honen ahizpa Martaren herrixkakoa. 2 (Maria hau -gaixo zegoen Lazaroren arreba- Jauna ukenduz igurtzi eta oinak bere ile-adatsez xukatu zizkiona zen). 3 Bi ahizpek Jesusi albistea bidali zioten: «Jauna! Zure adiskidea gaixo dago». 4 Jesusek, hori jakitean, esan zuen: «Eritasun hau ez da heriotzara eramateko, Jainkoaren aintza azaltzeko baizik, beraren bidez Jainkoaren Semearen aintza azal dadin».
5 Marta, honen ahizpa eta Lazaro oso adiskide zituen arren, 6 hau gaixo zegoela jakinda ere, Jesus beste bi egunez gelditu zen zegoen lekuan. 7 Ondoren, esan zien ikasleei:
-Goazen berriro Judeara.
8 Ikasleek esan zioten:
-Maisu, oraintsu juduek harrika egin nahi zizuten, eta hara zoaz berriro?
9 Jesusek erantzun zien:
-Ez al ditu hamabi ordu egunak? Egunez dabilenak ez du estropezu egiten, eguzkiak argitzen baitio bidea; 10 baina gauez dabilenak, estropezu egiten du, ez baitu argirik.
11 Eta erantsi zuen:
-Lazaro gure adiskidea loak hartu du; baina banoa iratzartzera.
12 Esan zioten, orduan, ikasleek:
-Jauna, loak hartu badu, sendatuko da.
13 Jesusek Lazaroren heriotzaz esan zuen hori, baina ikasleek ohiko loaz ari zela uste zuten.
14 Azkenik, argi eta garbi esan zien Jesusek:
-Lazaro hil egin da, 15 eta pozten naiz han ez izanaz, zeuen onerako izango baita, horrela sinets dezazuen. Goazen, bada, haren etxera.
16 Orduan, Tomasek, Bikia zeritzanak, bere ikaskideei esan zien: «Goazen gu ere berarekin hiltzera».
17 Jesus iritsi zenean, jadanik lau egun zeramatzan Lazarok hilobian. 18 Betania Jerusalemdik hurbil dago, hiru kilometrora edo; 19 eta judu asko etorri zen Maria eta Martarengana, nebarengatik doluminak ematera. 20 Marta, Jesus zetorrela entzun orduko, bidera irten zitzaion; Maria, berriz, etxean gelditu zen. 21 Martak esan zion Jesusi:
-Jauna, hemen izan bazina, gure neba ez zen hilko. 22 Baina, halere, badakit eska diezaiozun guztia emango dizula Jainkoak.
23 Jesusek erantzun zion:
-Piztuko da zure neba.
24 Eta Martak:
-Badakit, bai, piztuko dela azken egunean, hildakoen piztuerakoan.
25 Jesusek esan zion, orduan:
-Neu naiz piztuera eta bizia; niregan sinesten duena, hilda ere, biziko da. 26 Eta bizi dena, niregan sinesten badu, ez da betiko hilko. Sinesten al duzu hau?
27 Martak erantzun zion:
-Bai, Jauna, sinesten dut zeu zarela Mesias, Jainkoaren Semea, mundura etortzekoa zena.
28 Ondoren, Marta bere ahizpa Mariari dei egitera joan zen, eta esan zion isilka: «Maisua hemen dun eta hots egiten din».
29 Berehala jaiki eta Jesusengana joan zen. 30 Jesus artean herrixkan sartu gabe zegoen, Martak topatu zuen lekuan bertan. 31 Orduan, hari doluminak ematen etxean zeuden juduek, Maria arin jaiki eta irten egin zela ikusirik, jarraitu egin zioten, hilobian negar egitera zihoalakoan. 32 Mariak, Jesusengana iritsi eta ikustean, oinetara ahozpeztu eta esan zion: «Jauna, hemen izan bazina, gure neba ez zen hilko».
33 Jesusi, orduan, Maria eta beronekin zetozen juduak negarrez ikusirik, barruak zirrara egin zion eta, zeharo hunkiturik, 34 esan zuen:
-Non ipini duzue?
Erantzun zioten:
-Jauna, zatoz eta ikusi.
35 Jesusek negarrari eman zion. 36 Han zeuden juduek esan zuten:
-Bai maite zuela!
37 Baina batzuek esan zuten:
-Itsuaren begiak ireki zituen honek, ezin ote zuen hau hiltzea galarazi?
38 Jesus, ostera ere hunkiturik, hilobira hurbildu zen. Hartzulo bat zen, harri batez estalia. 39 Jesusek esan zuen:
-Kendu harria.
Martak, Lazaro zenaren arrebak, erantzun zion:
-Jauna, kiratsa botako du, lau egun daramatza eta.
40 Jesusek erantzun zion:
-Ez dizut, bada, esan sinesten baduzu Jainkoaren aintza ikusiko duzula?
41 Kendu zuten, bada, harria. Jesusek, begiak zerurantz jasorik, esan zuen: «Eskerrak zuri, Aita, entzun didazulako. 42 Nik badakit beti entzuten didazuna; baina inguruan den jendearengatik diot, zuk bidali nauzula sinets dezaten».
43 Ondoren, ozenki egin zuen deiadar: «Lazaro, zatoz kanpora!»
44 Eta hildakoa hartzulotik irten zen. Esku-oinak oihal-zerrendaz loturik eta aurpegia zapi batez estalirik zituen. Jesusek esan zien: «Aska ezazue eta utzi joaten».
45 Jesusek egina ikusi zutenean, Maria ikustera joandako judu askok sinetsi zuten harengan. 46 Haietariko batzuek, ordea, fariseuengana joan eta Jesusek egin zuena kontatu zieten. 47 Orduan, apaizburu eta fariseuek Biltzar Nagusia bildu zuten eta esan:
-Zer egin? Gizon hau mirarizko seinale asko egiten ari da! 48 Horrela jarraitzen uzten badiogu, guztiek sinetsiko dute berorrengan. Orduan, erromatarrek etorri eta birrindu egingo dituzte bai tenplua, bai herria.
49 Biltzarkideetako batek, urte hartan apaiz nagusia zen Kaifasek, esan zien:
-Zuek ez dakizue tutik ere. 50 Ez al zarete konturatzen hobe dela gizon bat herriarengatik hiltzea, herri osoa galtzea baino?
51 Kaifasek ez zuen hori bere kabuz esan, baizik eta, urte hartan apaiz nagusia zenez, Jainkoaren izenean hitz egin zuen, Jesus herriaren alde hilko zela adieraztean; 52 eta ez herriaren alde bakarrik, bai eta sakabanaturik zeuden Jainkoaren seme-alabak elkartzeko ere.
53 Beraz, ordutik aurrera, Jesus nola hilko pentsatzen hasi ziren; 54 hargatik, Jesus ez zen ibiltzen agerian juduen artean; basamortu ondoko bazter batera alde egin zuen, Efraim izeneko herrira, eta han egon zen bere ikasleekin.
55 Hurbil zen Pazkoa, juduen jai nagusia, eta herrietako jende asko Jerusalemera joan zen Pazkoa baino lehen, garbikuntza-ohikuneetan parte hartzeko. 56 Jerusalemera etorriak Jesusen bila zebiltzan eta, tenpluan topo egitean, galdetzen zioten elkarri: «Zer iruditzen zaizue? Ez ote da etorriko jaietara?»
57 Apaizburu eta fariseuek agindua zuten, inork Jesus non zen jakiten bazuen, sala zezala, atxilotu ahal izateko.
12. atala
[aldatu]1 Pazkoa baino sei egun lehenago, Jesus Betaniara joan zen, han bizi baitzen Lazaro, hilen artetik piztu zuena. 2 Afari bat eskaini zioten han; Marta ari zen afaria zerbitzatzen, eta Lazaro Jesusekin mahaian zeudenetariko bat zen. 3 Orduan, Mariak, nardo garbizko kilo erdi bat ukendu, balio handikoa, harturik, oinak igurtzi zizkion Jesusi, eta gero bere ile-adatsez xukatu. Etxea lurrin-usainez bete zen. 4 Judas Iskariotek, salduko zuen ikasleak, esan zuen: 5 «Zergatik ez da saldu ukendu hori hirurehun denariotan, eta behartsuei eman?»
6 Hori esan zuen, ez behartsuak axola zitzaizkiolako, lapurra zelako baizik, eta, diru-poltsa berak zuenez, hara botatzen zutenetik ostu egiten zuelako. 7 Jesusek esan zion: «Utzi bakean honi; nire hilobiratze-egunerako egin du hori. 8 Izan ere, behartsuak beti dituzue zeuen artean, baina ni ez nauzue betiko zeuekin».
9 Juduetariko askok jakin zuten Jesus Betanian zegoela, eta bertara joan ziren, ez Jesusengatik bakarrik, bai eta hilen artetik piztu zuen Lazaro ikusteagatik ere. 10 Apaizburuek, orduan, Lazaro ere hiltzea erabaki zuten, 11 berau zela eta, herritar askok alde egiten baitzien eta Jesusengan sinesten.
12 Biharamunean, jaietarako Jerusalemera etorria zen jendetza handia, Jesus zetorrela jakitean, 13 palmadarrak harturik, bidera atera zitzaion, eta oihuka hasi: «Hosanna! Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena! Bedeinkatua Israelen erregea!»
14 Eta Jesus, astotxo bat aurkiturik, gainean jarri zen, Liburu Santuak dioen bezala:
15 Ez beldur izan, Sion hiri eder! Hara, badatorkizu zeure erregea, astakume baten gainean eseria.
16 Haren ikasleak ez ziren orduan profezia honetaz jabetu, baina gero, Jesusen Jainko-aintza azaldu zenean, konturatu ziren Liburu Santuak zioen huraxe egin ziotela Jesusi.
17 Jesusek Lazaro hilobitik deitu eta hilen artetik piztu zuenean bertan zen jendeak gertatutakoaren berri ematen zuen. 18 Horregatik irten zitzaion hainbeste jende Jesusi bidera, egin zuen mirarizko seinalearen berri izan zuelako, hain zuzen. 19 Orduan, fariseuek zioten beren artean: «Argi dago ez dugula ezer ere aurreratzen; begira nola doakion jende guztia atzetik».
20 Jaietan Jainkoari kultu ematera joan zirenen artean baziren greziar batzuk. 21 Hauek Galileako Betsaidako Feliperi hurbildu eta eskabide hau egin zioten: «Jauna, Jesus ikusi nahi genuke».
22 Felipe Andresi esatera joan zen, eta biek, Andresek eta Felipek, Jesusi jakinarazi zioten. 23 Jesusek erantzun zien: «Iritsi da Gizonaren Semearen aintza azalduko den ordua. 24 Bene-benetan diotsuet: Gari-alea, lurrean sartu eta hiltzen ez bada, bera bakarrik gelditzen da; hiltzen bada, ordea, fruitu asko ematen du. 25 Bere bizia maite duenak galdu egingo du; baina mundu honetan bere bizia gutxiesten duenak betiko bizirako gordeko du. 26 Nire zerbitzari izan nahi duenak jarrai biezat eta, ni nagoen tokian, han izango da nire zerbitzaria ere. Nire zerbitzari dena, Aitak ohoratu egingo du.
27 «Larri dut orain neure barrua. Baina zer esan? Larrialdi honetatik ateratzeko eskatuko al diot Aitari? Ez horixe, honetarakoxe etorri bainaiz! 28 Aita, azaldu zeure aintza!»
Ahots bat entzun zen orduan zerutik: «Azaldu dut, eta berriro ere azalduko».
29 Han zeudenetako batzuek, ahotsa entzunik, trumoia izan zela zioten; beste batzuek, ordea, aingeru batek hitz egin ziola.
30 Jesusek adierazi zuen: «Ahots horrek ez du niretzat hitz egin, zuentzat baizik. 31 Oraintxe da mundu honen epaiketa; oraintxe galduko du bere boterea mundu honetako buruzagiak. 32 Eta nik, lurretik jasoko nautenean, neuregana erakarriko ditut denak».
33 Hitz hauen bidez, nolako heriotzaz hilko zen adierazi zuen.
34 Jendeak esan zion:
-Mesiasek betiko iraungo duela irakasten digute Liburu Santuek. Nola diozu, bada, zuk Gizonaren Semea lurretik jaso behar dutela? Nor da Gizonaren Seme hori?
35 Jesusek erantzun zien:
-Oraindik pixka batean argia zeuen artean duzue; ibili argia duzuen bitartean, ilunpeek harrapa ez zaitzaten, ilunpetan dabilenak ez baitaki nora doan. 36 Argia duzuen bitartean, sinetsi argiari, argiaren partaide izan zaitezten.
Gauza hauek esan ondoren, Jesus haiengandik alde egin eta ezkutatu egin zen.
37 Jesusek herriaren aurrean mirarizko hainbat seinale egin zuen arren, gehienek ez zuten harengan sinetsi; 38 horrela, Isaias profetak esana bete zen:
Jauna, nork sinetsi du gure mezua? Eta nori agertu dio Jaunak bere ahalmena?
39 Isaiasek berak esan zuen zergatik ezin zuten sinetsi:
40 Itsutu egin ditu haien begiak, gogortu haien buru-bihotzak. Ez bezate beren begiez ikus, ez eta buruaz ulertu ere, horrela niregana bihur ez daitezen eta salba ez ditzadan.
41 Isaiasek Jesusi buruz esan zuen hau, ikusia baitzuen beraren Jainko-aintza.
42 Halaz guztiz, askok, bai eta buruzagietakoek ere, sinetsi zuten harengan; baina, fariseuen beldurrez, ez zuten agerian aitortzen, judu-elkartetik bota ez zitzaten; 43 izan ere, giza ohorea maiteago zuten Jainkoarengandik datorrena baino.
44 Jesusek oihu eginez esan zuen: «Niregan sinesten duenak ez du niregan bakarrik sinesten, bai eta ni bidali nauenarengan ere. 45 Eta ni ikusten nauenak, ni bidali nauena ere ikusten du. 46 Ni argia bezala etorri naiz mundura, niregan sinesten duenik inor ilunpeen menpe geldi ez dadin. 47 Nire irakatsiak entzun bai, baina betetzen ez dituena, ez dut nik gaitzetsiko, ez bainaiz mundua gaitzestera etorri, mundua salbatzera baizik. 48 Ni ukatu eta nire irakatsiak onartzen ez dituenak badu nork gaitzetsi: nik adierazitako mezuak berak gaitzetsiko du azken egunean; 49 nik ez baitut neure kabuz hitz egin, baizik eta bidali nauen Aitak agindu dit zer esan eta irakatsi. 50 Eta badakit bai, Aitaren aginduak betiko bizia dakarrena. Horrela, bada, nik esaten dudan guztia Aitak agindu bezala esaten dut».
13. atala
[aldatu]1 Pazko Jaia gainean zen. Jesusek bazekien mundu hau utzi eta Aitarengana joateko ordua iritsi zitzaiona. Munduan ziren beretarrak beti maite izan zituelarik, azkenean bete-betean maitatu zituen.
2-3 Deabruak Simonen seme Judas Iskarioteri sartua zion buruan Jesus saltzeko asmoa. Jesusek bazekien dena bere esku jarri ziola Aitak, eta Jainkoarengandik etorria zela eta Jainkoarengana zihoala. Afaltzen ari zela, 4 mahaitik jaiki, soingainekoa erantzi eta, eskuzapia harturik, gerrian lotu zuen. 5 Ondoren, ura konketara bota eta ikasleei oinak garbitzen hasi zen, eta gerrian zuen eskuzapiaz lehortzen.
6 Simon Pedrorengana iritsi zenean, honek esan zion:
-Jauna, zuk niri oinak garbitu?
7 Jesusek erantzun zion:
-Ni egiten ari naizena zuk ez duzu orain ulertzen, baina geroago ulertuko duzu.
8 Pedrok, berriro:
-Zuk ez didazu sekula niri oinik garbituko.
Jesusek erantzun:
-Garbitzen ez bazaitut, ez duzu nirekin zerikusirik izango.
9 Simon Pedrok esan zion:
-Jauna, orduan, oinak ez ezik, eskuak eta burua ere bai.
10 Jesusek erantzun:
-Bainatu denak ez du garbitu beharrik, erabat garbi baitago, eta zuek garbi zaudete, baina ez denok.
11 Izan ere, bazekien zeinek salduko zuen; horregatik esan zuen: «Ez zaudete denok garbi».
12 Oinak garbitu zizkienean, soingainekoa jantzi, berriro mahaian eseri eta esan zien: «Ulertzen duzue egin dizuedana? 13 Zuek Maisu eta Jauna deitzen didazue, eta arrazoi duzue, halaxe bainaiz. 14 Beraz, nik, Jauna eta Maisua naizen honek, zuei oinak garbitu badizkizuet, zuek ere garbitu oinak elkarri. 15 Ikasbide eman dizuet, zuek ere, nik zuekin bezalaxe, joka dezazuen.
16 «Bene-benetan diotsuet: Ez da morroia nagusia baino handiago, ez eta bidalia ere bidaltzailea baino handiago. 17 Ulertzen duzue hau, ez da? Bada, zorionekoak izango zarete, betetzen baduzue.
18 «Ez naiz zuek guztiotaz ari; badakit, bai, nortzuk aukeratu ditudan, baina bete beharra du Liburu Santuak dioen honek: Neure mahaikide nuena kontra altxatu zait. 19 Aurrez, gertatu baino lehen, esaten dizuet, gerta dadinean, ni naizena naizela sinets dezazuen. 20 Bene-benetan diotsuet: Nik bidalia onartzen duenak, neu onartzen nau, eta ni onartzen nauenak, bidali ninduena onartzen du».
21 Hori esanik, larritu egin zitzaion Jesusi barrua, eta argi adierazi zien: «Bene-benetan diotsuet: Zuetako batek salduko nau».
22 Ikasleak elkarri begira hasi ziren, zeinetaz ari ote zen asmatu ezinik. 23 Ikasleetako bat, Jesusek gehien maite zuen hura, beraren ondoan zegoen mahaian. 24 Simon Pedrok hari keinu egin zion, zeinetaz mintzo zen galdegiteko adieraziz. 25 Eta hark, burua Jesusen bular gainean jarriz, galdegin zion:
-Jauna, zein da?
26 Jesusek erantzun zion:
-Ogi-puska bustia emango diodana, huraxe da.
Eta ogi-puska bat bustiz, Simon Iskarioteren seme Judasi eman zion.
27 Ogi-puska hartu bezain laster, Satanas sartu zen haren barrura. Orduan, Jesusek esan zion: «Egin behar duzuna, egizu lehenbailehen».
28 Mahaikideetako inork ez zuen ulertu zergatik esan zion hori. 29 Judasek diru-poltsaren ardura zuenez, jairako behar zena erosteko edota pobreei zerbait emateko esan ziola uste izan zuen zenbaitek. 30 Judasek ogi-puska hartu eta berehala alde egin zuen. Gaua zen.
31 Judas irten zenean, esan zien Jesusek: «Oraintxe azaltzen da Gizonaren Semearen aintza, eta haren bidez Jainkoarena. 32 Jainkoaren aintza haren bidez azaltzen bada, Jainkoak ere bere aintzaz beteko du hura, eta berehala gainera.
33 «Semetxook, ez zait denbora asko gelditzen zuekin egoteko. Nire bila ibiliko zarete, baina juduei esan niena bera diotsuet zuei ere: ni noan tokira zuek ezin zarete joan. 34 Agindu berria ematen dizuet: elkar maita dezazuela. Nik maitatu zaituztedan bezala, maitatu zuek ere elkar. 35 Honetan ezagutuko dute guztiek zuek nire ikasle zaretela: zuek elkar maite izatean».
36 Simon Pedrok galdetu zion Jesusi:
-Jauna, nora zoaz?
Jesusek erantzun zion:
-Ni noan tokira zuk ezin orain niri jarraitu; geroago bai, jarraituko didazu.
37 Pedrok berriro:
-Jauna, zergatik ezin dizut jarraitu orain? Neure burua emango dut zuregatik.
38 Jesusek erantzun zion:
-Niregatik zeure burua emango duzula? Bene-benetan esaten dizut: Oilarrak jo baino lehen, hiru bider ukatuko nauzu.
14. atala
[aldatu]1 «Ez izan kezkarik: sinetsi Jainkoarengan eta sinetsi niregan ere. 2 Nire Aitarenean toki asko dago; horrela izan ez balitz, esango nizuekeen. Orain, zuentzat tokia prestatzera noa. 3 Joan eta tokia prestatu ondoren, berriro etorri eta neurekin eramango zaituztet, ni nagoen lekuan zuek ere egon zaitezten. 4 Zuek badakizue ni noan tokirako bidea».
5 Tomasek esan zion:
-Jauna, ez dakigu nora zoazen; nola jakin bidea?
6 Jesusek erantzun:
-Neu naiz bidea, egia eta bizia. Ezin da inor Aitarengana joan nire bidez izan ezik. 7 Ni benetan ezagutuko baninduzue, Aita ere ezagutuko zenukete. Are gehiago, ezagutzen duzue dagoeneko, eta ikusi ere ikusi duzue.
8 Orduan, Felipek esan zion:
-Jauna, erakuts iezaguzu Aita, eta aski dugu.
9 Jesusek erantzun:
-Honenbeste denbora zuekin, Felipe, eta ez nauzu ezagutzen? Ni ikusten nauenak Aita ere ikusten du. Nola diozu: «Erakuts iezaguzu Aita?» 10 Ez al duzu sinesten ni Aitarekin bat eginda nagoela eta Aita nirekin? Nik irakatsi dizuedana ez dizuet neure kabuz irakatsi. Niregan bizi den Aita da bere salbamen-egintza burutzen ari dena. 11 Sinets iezadazue: ni Aitarekin bat eginda nago eta Aita nirekin. Besterik ez bada, sinetsi egiten ditudan egintzengatik. 12 Bene-benetan diotsuet: Niregan sinesten duenak, nik egiten ditudan egintzak eginen ditu berak ere, eta are handiagoak, ni Aitarengana bainoa. 13 Nire izenean eska dezazuen guztia emango dizuet, Aitaren aintza Semearen bidez azal dadin. 14 Nire izenean eskatuko duzuen guztia emango dizuet nik.
15 «Maite banauzue, beteko dituzue nire aginduak. 16 Nik Aitari eskatuko diot eta beste Laguntzaile bat emango dizue, beti zuekin izango dena, 17 egiaren Espiritua. Mundutarrek ezin dute hartu, ez baitute ikusten, ez ezagutzen; baina zuek ezagutzen duzue, zuengan bizi baita eta zuekin egongo betiko.
18 «Ez zaituztet umezurtz utziko, itzuliko naiz zuengana. 19 Laster munduak ez nau gehiago ikusiko; zuek, ordea, ikusiko nauzue, nik bizia baitut eta zuek ere biziko baitzarete. 20 Egun hartan ulertuko duzue ni Aitarekin bat eginda nagoela, zuek nirekin eta ni zuekin. 21 Nire aginduak onartu eta betetzen dituenak, horrexek nau maite. Ni maite nauena, berriz, nire Aitak maite izango du, eta nik ere maite izango dut eta agertuko natzaio berari».
22 Honela esan zion Judasek (ez Iskariotek, besteak baizik):
-Jauna, zer dela-eta agertuko zatzaizkigu guri eta ez munduari?
23 Jesusek erantzun zion:
-Maite nauenak onartuko du nire mezua; nire Aitak maite izango du, eta Aita eta biok berarengana etorriko gara, eta berarengan biziko. 24 Maite ez nauenak, ordea, ez ditu onartzen nire hitzak. Eta adierazi dizuedan mezua ez dut neurea, bidali nauen Aitarena baizik.
25 «Zuekin naizen artean esan dizuet hau guztia. 26 Baina Aitak Laguntzailea, Espiritu Santua, bidaliko dizue nire izenean, eta berak gogoraraziko dizue nik irakatsitako guztia eta ulertzen lagunduko.
27 «Agurtzerakoan, bakea, neure bakea, ematen dizuet; nik ematen dizuedan bakea ez da munduarena bezalakoa. Ez kezkatu, ez izan beldur. 28 Entzun duzue esan dizuedana: <Banoa, baina itzuliko naiz zuengana>. Benetan maite baninduzue, poztu egingo zinatekete Aitarengana noalako, Aita ni baino handiago baita. 29 Eta orain esan dizuet, gertatu baino lehen, gerta dadinean sinets dezazuen. 30 Ez dut ia zuekin luze hitz egiteko aukerarik, gainean baita mundu honetako buruzagia. Horrek ez du nire gain ahalmenik; 31 baina munduak jakin behar du nik Aita maite dudala eta hark agindua zintzo betetzen dudala. Jaiki, goazen hemendik!
15. atala
[aldatu]1 «Neu naiz egiazko mahatsondoa, eta nire Aita da nekazaria. 2 Fruiturik ematen ez duen aihena ebaki egiten du Aitak, eta fruitua ematen duena garbitu eta kimatu, fruitu gehiago eman dezan. 3 Zuek garbi zaudete dagoeneko, adierazi dizuedan mezuaren bidez. 4 Zaudete niri itsatsiak, ni zuei bezala. Aihenak, mahatsondoari itsatsia ez badago, fruiturik eman ezin duen bezala, ez eta zuek ere, niri itsatsiak ez bazaudete.
5 «Ni naiz mahatsondoa, eta zuek aihenak. Norbait niri itsatsia badago, ni berari bezala, horrek fruitu asko emango du; ni gabe ezin baituzue ezer egin. 6 Niri itsatsirik ez dagoena kanpora botatzen dute, ebaki eta ihartzen den aihena bezalaxe; gero, bildu, sutara bota eta erre egiten dute. 7 Niri itsatsirik bazaudete, eta nire irakatsiek zuengan tinko irauten badute, eskatu nahi duzuena eta izango duzue. 8 Honetan azaltzen da nire Aitaren aintza: zuek, nire ikasle izanik, fruitu asko ematean. 9 Aitak maite nauen bezala, halaxe maite zaituztet nik ere zuek; iraun tinko nire maitasunean. 10 Nire aginduak betetzen badituzue, nire maitasunean iraungo duzue, nik neure Aitaren aginduak betez haren maitasunean irauten dudan bezala. 11 Hau guztia nire poza zeuengan izan dezazuen esan dizuet, eta poz hori bete-betea izan dadin.
12 «Hau da nire agindua: maita dezazuela elkar nik maite izan zaituztedan bezala. 13 Ez die inork maitasun handiagorik adiskideei, bere burua haien alde ematen duenak baino. 14 Zuek nire adiskide izango zarete nik agintzen dizuedana egiten baduzue. 15 Aurrerantzean ez dizuet morroi deituko, morroiak ez baitu jakiten nagusiaren asmoen berri; zuei adiskide deitzen dizuet, neure Aitak jakinarazitako guztia adierazi baitizuet. 16 Ez ninduzuen zuek ni aukeratu, neuk zintuztedan zuek aukeratu. Eta eginkizun hau eman dizuet: edonon fruitu ugaria eta iraunkorra eman dezazuela. Nire izenean Aitari eskatuko diozuen guztia eman egingo dizue. 17 Hauxe agintzen dizuet: maita dezazuela elkar.
18 «Munduak gorroto badizue, jakizue zuei baino lehen neuri izan didala gorroto. 19 Mundukoak bazinete, munduak maite izango zintuzkete, nork berea maite duen bezala; baina nik aukeratu eta mundutik atera zintuztedanez, munduak gorroto dizue, mundukoak ez zaretelako. 20 Gogoratu esan nizuena: morroia ez da nagusia baino handiago. Ni pertsegitu banaute, zuek ere pertsegituko zaituztete; nire mezua nola hartu, hala hartuko dute zuena ere. 21 Niregatik erabiliko zaituztete horrela, bidali nauena ezagutzen ez dutelako.
22 «Ni etorri ez banintz eta hitz egin ez banie, ez ziren errudun izango; orain, ordea, ez dute aitzakiarik beren bekatuarentzat. 23 Niri gorroto didanak, gorroto dio nire Aitari ere. 24 Beraien artean beste inork ez bezalako egintzak egin ez banitu, ez ziren errudun izango; baina orain ikusi dituzte, eta halere niri eta Aitari, bioi digute gorroto. 25 Horrela, haien Liburu Santuetan idatzia dagoen hau bete zen: Arrazoirik gabe gorroto izan didate.
26 «Nik Laguntzailea, Aitarengan jatorria duen egiaren Espiritua, bidaliko dizuet Aitaren ondotik. Etortzean, hark egingo du testigantza nire alde. 27 Eta zuek ere egingo duzue testigantza, hasieratik nirekin egon baitzarete.
16. atala
[aldatu]1 «Hau guztia, zuen sinesmenak huts egin ez dezan esan dizuet. 2 Zeren eta judu-elkartetik bota egingo baitzaituztete; are gehiago, badator ordua, zuek hilko zaituztenak Jainkoari kultu ematen diola uste izango duena. 3 Eta horrela jokatuko dute ez Aita, ez ni, ezagutu ez gaituztelako. 4 Aurrez esaten dizuet, hori gertatzean esana nizuela gogora dezazuen.
«Ez nizuen hori hasieratik esan, ni zuekin nengoelako. 5 Orain, ordea, bidali nauenarengana noa, eta zuetariko inork ez dit nora noan galdetzen. 6 Baina esan dizuedanagatik, barrua tristuraz bete zaizue; 7 halere, egia diotsuet: Hobe da zuentzat ni joatea; izan ere, joaten ez banaiz, ez zaizue etorriko Laguntzailea; joaten banaiz, ordea, bidali egingo dizuet. 8 Hura etortzean, bekatu, zuzentasun eta epaiari buruz oker dagoela erakutsiko dio munduari: 9 bekatuari buruz, niregan sinesten ez duelako; 10 zuzentasunari buruz, Aitarengana noalako, zuen artetik desagertuz; 11 epaiari buruz, mundu honetako buruzagia jadanik gaitzetsia dagoelako.
12 «Badut oraindik hamaika gauza esateko, baina oraingoz ez zarete gauza ondo ulertzeko. 13 Baina egiaren Espiritua etortzean, berak egia beteraino gidatuko zaituzte. Ez da mintzatuko bere kabuz, baizik eta nik jakinaraziko diodana adierazi eta etorkizuna iragarriko dizue. 14 Berak nire Jainko-aintza azalduko du, adieraziko dizuedana niregandik hartuko baitu. 15 Aitak duen oro nirea da. Horregatik esan dizuet Espirituak niregandik hartuko duela adieraziko dizuena.
16 «Gutxi barru ez nauzue gehiago ikusiko, baina pixka bat geroago berriro ikusiko nauzue».
17 Orduan, ikasleetako batzuk honela ari ziren beren artean: «Zer ote da esaten digun hau: <Gutxi barru ez nauzue gehiago ikusiko, baina pixka bat geroago berriro ikusiko nauzue> eta <Aitarengana noa>? 18 Zer esan nahi ote du <gutxi barru> horrekin? Ez diogu antzik ere ematen zertaz ari den».
19 Konturatu zen Jesus galdetu egin nahi ziotela, eta esan zien: «Eztabaidan ari zarete zeuen artean nire hitz hauen esanahiaz: <Gutxi barru ez nauzue gehiago ikusiko, baina pixka bat geroago berriro ikusiko nauzue>. 20 Bene-benetan diotsuet: Negar egingo duzue eta aiene; mundua, ordea, poztu egingo da. Zuek triste egongo zarete, baina zuen tristura poz bilakatuko da. 21 Emakumea, erditzerakoan, triste egoten da, ordua heldu zaiolako; haurra jaio ondoren, ordea, ahaztu egiten da larrialdiaz, mundura gizaki bat ekarri duelako. 22 Zuek ere triste zaudete orain, baina berriro agertuko natzaizue, eta poztu egingo zarete, eta poz hori inork ez dizue kenduko.
23 «Egun hartan ez duzue ezer galdetu beharrik izango. Bene-benetan diotsuet: Nire izenean Aitari eskatuko diozuen guztia, eman egingo dizue. 24 Oraindainokoan ez duzue ezer eskatu nire izenean. Eskatu eta hartuko duzue, zuen poza bete-betea izan dadin.
25 «Orain arte irudi bidez hitz egin dizuet; baina badator ordua irudi bidez hitz egingo ez dizuedana, baizik eta Aitaren berri argi eta garbi emango dizuedana. 26 Orduan, nire izenean eskatuko duzue, eta ez dut nik zuen alde Aitari erregutu beharrik izango, 27 zeren Aitak berak maite baitzaituzte, ni maite izan nauzuelako eta Jainkoarengandik etorri naizela sinetsi duzuelako. 28 Aitarengandik irten eta mundura etorri nintzen; orain mundua utzi eta berriro Aitarengana noa».
29 Ikasleek esan zioten:
-Orain bai mintzo zarela argi, eta ez irudi bidez. 30 Ziur dakigu orain dena dakizula eta ez duzula inork galdetu beharrik; honengatik sinesten dugu Jainkoarengandik etorri zarela.
31 Jesusek erantzun zien:
-Orain sinesten duzuela? 32 Hara, badator ordua -hobeto esan, heldua da-, nor bere aldetik sakabanatu eta bakarrik utziko nauzuena. Baina ni ez nago bakarrik, nirekin baitago Aita. 33 Hau guztia, nirekin elkarturik bakea izan dezazuen esan dizuet. Munduan larrialdirik izango duzue; baina izan adore! Nik garaitua dut mundua.
17. atala
[aldatu]1 Honela mintzatu ondoren, Jesusek begiak zerurantz jaso eta esan zuen: «Aita, heldu da ordua. Azal ezazu zeure Semearen aintza, Semeak zure aintza azal dezan. 2 Gizon-emakume guztien gain aginpidea eman diozunez gero, berak betiko bizia eman diezaiela zuk berari emandakoei. 3 Honetan azaltzen da betiko bizia: zu, egiazko Jainko bakar hori, eta zuk bidalitako Jesus Mesias ezagutzean.
4 «Nik zure aintza azaldu dut munduan, zuk eman zenidan egitekoa betez. 5 Orain, Aita, emadazu aintza zeure ondoan, eman mundua mundu izan baino lehen zure ondoan nuen aintza. 6 Eman diet zure berri mundutik bereizi eta eman zenizkidan gizon-emakumeei. Zureak ziren, zuk neuri eman zenizkidan, eta hauek onartu dute zure mezua. 7 Badakite orain zuk eman didazun guztia zuregandik datorrela. 8 Niri eman dizkidazun irakatsiak eman dizkiet nik, eta hauek onartu egin dituzte. Eta benetan dakite zuregandik etorri naizela, bai eta sinetsi ere zuk bidali nauzula.
9 «Hauen alde erregutzen dut; ez dut munduaren alde erregutzen, zuk eman dizkidazunon alde baizik, zureak direlako; 10 daukadan guztia zurea da eta zurea nirea; eta hauengan azaldu da nire aintza.
11 «Ez naiz aurrerantzean munduan egongo; hauek, ordea, bai, munduan jarraituko dute. Ni zuregana noa. Aita santu horrek, zaindu zeure ahalmenaz zuk eman dizkidazunok, bat izan daitezen gu geu bat garen bezala. 12 Hauekin izan naizen bitartean, neuk zaindu ditut eman dizkidazunok. Hauen ardura izan dut eta hauetako bat ere ez da galdu, galdu behar zuena baizik; horrela, Liburu Santuek diotena bete da. 13 Orain, ordea, zuregana noa. Hau guztia, oraindik munduan nagoela esaten dut, nire poza berengan izan dezaten, eta bete-betea izan ere.
14 «Zure mezua adierazi diet nik; baina munduak gorroto die, mundukoak ez direlako, neu ere mundukoa ez naizen bezala. 15 Ez dizut eskatzen mundutik ateratzeko, Gaiztoarengandik babesteko baizik. 16 Ez dira mundukoak, neu ere mundukoa ez naizen bezala. 17 Har itzazu zeuretzat egiaren bidez: zure mezua egia da. 18 Mundura bidali ditut, zuk bidali ninduzun bezala. 19 Eta hauengatik ematen dizut erabat neure burua, hauek ere egiaren bidez zeuretzat har ditzazun.
20 «Ez dut erregutzen hauen alde bakarrik, bai eta berauen predikuaren bidez niregan sinetsiko dutenen alde ere. 21 Egizu guztiak bat izan daitezela. Aita, zu nirekin eta ni zurekin biok bat garen bezala, hauek ere bat izan daitezela gurekin. Horrela, munduak sinetsiko du zuk bidali nauzula. 22 Zuk eman zenidan aintza bera eman diet nik, bat izan daitezen, gu biok bat garen bezala: 23 ni hauekin bat eta zu nirekin bat. Horrela, guztiz bat izango dira, eta munduak ezagutu ahal izango du zuk bidali nauzula eta ni neu maitatu nauzun bezala maitatu dituzula berauek ere. 24 Aita, zuk eman dizkidazunak ni nagoen lekuan nirekin egotea nahi dut, nire aintza, mundua sortu aurretik maite izan nauzulako eman didazun aintza, ikus dezaten.
25 «Aita zuzen hori, munduak ez zaitu ezagutu; nik, ordea, ezagutu zaitut, eta hauek jakin dute zuk bidali nauzula. 26 Zu nor zaren jakinarazi diet, eta aurrerantzean ere jakinaraziko, zuk didazun maitasuna hauengan izan dadin, eta ni neu ere hauengan izan nadin».
18. atala
[aldatu]1 Hitzaldi horiek bukaturik, Jesus eta ikasleak Zedron erreka igaro eta bestaldean zegoen baratze batera sartu ziren. 2 Judasek ere, Jesus salduko zuenak, ezagutzen zuen leku hura, askotan bildua baitzen Jesus han bere ikasleekin. 3 Judas, beraz, tenpluko gudu-taldea eta apaizburu eta fariseuen guardak harturik, hara joan zen. Armaturik eta zuzi eta argiontziz horniturik zihoazen. 4 Jesusek, ongi baitzekien gertatuko zitzaion guztia, bidera irten eta esan zien:
-Noren bila zatozte?
5 Erantzun zioten:
-Jesus Nazaretarraren bila.
Hark, orduan:
-Neu naiz.
Han zen guardekin Judas saltzailea ere. 6 Jesusek «Neu naiz» esan zienean, atzeraka hasi eta lurrera erori ziren. 7 Berriro galdegin zien Jesusek:
-Noren bila zatozte?
Haiek erantzun:
-Jesus Nazaretarraren bila.
8 Eta Jesusek:
-Esan dizuet neu naizela; nire bila bazatozte, utzi hauei joaten.
9 Horrela bete zen Jesusek berak esana: «Eman dizkidazunetatik ez dut bat ere galdu».
10 Orduan, Simon Pedrok, aldean zuen ezpata atera, apaiz nagusiaren morroia jo eta eskuineko belarria moztu zion. Morroiak Malko zuen izena. 11 Jesusek esan zion Pedrori: «Itzuli ezpata zorrora. Ez ote dut, bada, edan behar Aitak leporatu didan edari samina?»
12 Orduan, gudu-taldeak bere buruzagiarekin eta judu-agintarien guardek Jesus preso hartu zuten eta, loturik, 13 Anasen etxera eraman zuten lehenengo. Anas, urte hartako apaiz nagusi Kaifasen aitaginarreba zen. 14 (Kaifas zen judu-agintariei aholku hau eman ziena: «Hobe da gizon bat herriarengatik hiltzea»).
15 Simon Pedro eta beste ikasle bat Jesusen ondoren joan ziren. Ikasle hau apaiz nagusiaren ezaguna zen, eta Jesusekin batera sartu zen apaiz nagusiaren jauregiko patiora; 16 Pedro, ordea, kanpoan gelditu zen, ate ondoan. Atera zen, orduan, apaiz nagusiaren ezaguna zen ikaslea eta, atezainari hitz egin ondoren, Pedro sarrarazi zuen. 17 Atezain zegoen neskameak esan zion Pedrori:
-Ez al haiz hi ere gizon horren ikasleetakoa?
Pedrok erantzun:
-Ez, ez naun.
18 Morroiak eta guardak sua egin eta berotzen ari ziren, hotz baitzegoen. Pedro ere haiekin zegoen berotzen.
19 Apaiz nagusiak bere ikasleez eta bere irakatsiaz galdegin zion Jesusi. 20 Jesusek erantzun zion:
-Ageri-agerian hitz egin izan diot nik mundu guztiari; sinagogetan eta tenpluan irakatsi izan dut beti, judu guztiak biltzen diren lekuan, eta ezer ere ez dut ezkutuan esan. 21 Zer dela-eta galdeketa hau niri? Galdetu nire entzuleei eta emango dizute esan dudanaren berri.
22 Hori esan zueneko, han zegoen guarda batek masailako bat eman zion Jesusi, eta esan:
-Horrela erantzuten al zaio apaiz nagusiari?
23 Jesusek erantzun zion:
-Gaizki hitz egin badut, esan zertan; baina ongi hitz egin badut, zergatik jotzen nauzu?
24 Anasek, orduan, Kaifas apaiz nagusiari bidali zion Jesus, lotuta.
25 Bitartean, Simon Pedro sutondoan zegoen berotzen, eta galdetu zioten:
-Ez al haiz hi ere horren ikasleetakoa?
Hark ukatu egin zuen, esanez:
-Ez, ez nauk.
26 Apaiz nagusiaren morroietariko batek, Pedrok belarria moztu zionaren ahaideak, esan zion:
-Nola ezetz! Neuk ikusi hindudan baratzean horrekin.
27 Baina Pedrok ukatu egin zuen berriro, eta berehala oilarrak jo zuen.
28 Kaifasenetik gobernariaren jauregira eraman zuten Jesus. Goizaldea zen. Judu-agintariak ez ziren sartu jauregira, ez kutsatzeko, ezin izango baitzuten bestela Pazko-afarian parte hartu. 29 Pilatok kanpora irten eta galdetu zien:
-Zertaz salatzen duzue gizon hau?
30 Haiek erantzun zioten:
-Gaizkilea ez balitz, ez genizukeen ekarriko.
31 Pilatok esan zien:
-Eraman zeuek eta epaitu zeuen legearen arabera.
Judu-agintariek erantzun:
-Guri ez zaigu zilegi inor heriotzara kondenatzea.
32 Horrela beteko zen Jesusek esana, zein heriotzaz hilko zen adierazi zuenean.
33 Pilato barrura sartu zen berriro eta, Jesusi deituz, galdegin zion:
-Zu al zara juduen erregea?
34 Eta Jesusek:
-Zeure kabuz galdetzen didazu hori ala besteek esan dizute hori nitaz?
35 Pilatok erantzun zion:
-Judua ote naiz, bada, ni? Zeure herrikoek eta apaizburuek ekarri zaituzte niregana. Zer egin duzu?
36 Jesusek erantzun:
-Nire erregetza ez da mundu honetakoa. Nire erregetza mundu honetakoa balitz, nire jendeak borroka egingo zuen ni judu-agintarien menpe ez erortzeko; nire erregetza, ordea, ez da hemengoa.
37 Orduan, Pilatok esan zion:
-Beraz, errege zara zu?
Jesusek erantzun zion:
-Errege naiz, zeuk diozun bezalaxe. Horretarakoxe jaio eta etorri naiz mundura: egiaren testigantza egitera. Egiarena denak entzuten du nire ahotsa.
38 Pilatok galdetu zion:
-Egia, zer da egia?
Hori esanik, Pilatok berriro irten eta judu-agintariei esan zien:
-Nik ez dut gizon hau kondenatzeko batere arrazoirik aurkitzen. 39 Baina baduzue ohitura bat nik Pazko Jaietan preso bat askatzekoa. Nahi al duzue juduen erregea askatzea?
40 Haiek oihuka hasi ziren:
-Hori ez! Askatu Barrabas!
Barrabas hau bidelapurra zen.
19. atala
[aldatu]1 Pilatok, orduan, Jesus zigorkatzeko agindu zuen. 2 Soldaduek, arantzazko koroa eginik, buruan ezarri zioten eta purpurazko mantua bota zioten gainera. 3 Eta bata bestearen ondoren hurbilduz, esaten zioten: «Agur, juduen errege!» Eta masailakoka zerabilten.
4 Atera zen berriro ere Pilato eta esan zien:
-Hara, kanpora dakarkizuet, jakin dezazuen gizon hau kondenatzeko arrazoirik ez dudala aurkitzen.
5 Orduan, Jesus kanpora irten zen arantzazko koroa eta purpurazko mantua zeramatzala. Pilatok esan zien:
-Hemen duzue gizona!
6 Ikusi zutenean, apaizburuak eta guardak oihuka hasi ziren:
-Gurutzera, gurutzera hori!
Pilatok esan zien:
-Eraman zeuek eta gurutziltzatu; nik ez dut gizon hau kondenatzeko arrazoirik aurkitzen.
7 Judu-agintariek ihardetsi zioten:
-Guk badugu lege bat, eta lege horren arabera heriotza-zigorra merezi du, Jainkoaren semetzat jo baitu bere burua.
8 Hori entzutean, are gehiago beldurtu zen Pilato. 9 Berriro jauregira sartu eta galdetu zion Jesusi:
-Nongoa zara zu?
Jesusek, ordea, ez zion erantzun ere egin. 10 Orduan, Pilatok esan zion:
-Ez didazu erantzun behar? Ez al dakizu aginpidea dudana zu askatzeko ala gurutziltzatzeko?
11 Jesusek erantzun zion:
-Ez zenuke nire aurka batere aginpiderik izango, Jainkoak eman ez balizu; horregatik, zure eskuetara eman nautenek bekatu handiagoa dute.
12 Ordudanik, Jesus askatu nahian zebilen Pilato. Baina judu-agintariak oihuka hasi zitzaizkion:
-Hori askatzen baduzu, ez zara enperadorearen adiskide; bere burua errege egiten duen oro enperadorearen aurka ari da.
13 Orduan, hitz hauek entzutean, Pilatok kanpora eraman zuen Jesus eta auzitegian eseri zen, «Harlosatua» -hebreeraz Gabata- zeritzan tokian. 14 Pazko Jairako prestaketak egiteko eguna zen, eguerdialdea. Pilatok esan zien juduei:
-Hemen duzue zeuen erregea.
15 Orduan, haiek oihuka:
-Kendu hori, kendu! Gurutzera!
Pilatok, berriro:
-Zuen erregea behar al dut gurutziltzatu?
Apaizburuek erantzun zuten:
-Ez dugu enperadorea beste erregerik.
16 Orduan, Pilatok haien esku utzi zuen gurutziltza zezaten.
Hartu zuten, beraz, Jesus, 17 eta, gurutzea lepoan zuela, hiritik «Buru-hezur» -hebreeraz Golgota- zeritzan tokirantz irten zen. 18 Han josi zuten gurutzean eta harekin beste bi, alde bakoitzean bana.
19 Pilatok kartel bat idatzi eta gurutze gainean ezarri zuen. Hau zegoen idatzia: «Jesus Nazaretarra, juduen erregea». 20 Judu askok irakurri zuen kartela, hiritik hurbil baitzegoen Jesus gurutziltzatu zuten lekua; gainera, hebreeraz, latinez eta grekoz zegoen idatzia. 21 Juduen apaizburuek esaten zioten Pilatori:
-Ez idatzi «juduen erregea», «juduen erregea dela dioena» baizik.
22 Pilatok erantzun zuen:
-Idatzitakoa idatzia bego.
23 Soldaduek, Jesus gurutziltzatu ondoren, haren jantziak hartu eta lau zati egin zituzten, bakoitzarentzat bana, eta gero tunika hartu zuten, baina josturarik gabea zenez, goitik behera ehundua, 24 akordio hau hartu zuten: «Ez dezagun urra; zotz egin dezagun ea zeini egokitzen zaion». Honela, Liburu Santuak dioena bete zen:
Nire jantziak banatzen dituzte, nire tunika zotz egiten.
Hain zuzen ere, horixe egin zuten soldaduek.
25 Jesusen gurutzearen ondoan zeuden haren ama, amaren ahizpa, Maria Kleofasen emaztea, eta Magdalako Maria. 26 Jesusek, bere ama eta honen ondoan maite zuen ikaslea ikusirik, esan zion amari: «Emakume, horra hor zure semea». 27 Gero, ikasleari esan zion: «Horra hor zure ama». Eta ordudanik ikasleak bere etxean hartu zuen.
28 Ondoren, Jesusek, guztia betea zegoela jakinik, Liburu Santuak esana erabat bete zedin, esan zuen: «Egarri naiz».
29 Bazen han pitxer bat ozpinez betea. Orduan, belaki bat ozpinetan busti eta, kanabera bati muturrean erantsirik, ahora hurbildu zioten. 30 Ozpina edan zuenean, Jesusek esan zuen: «Betea da dena». Eta, burua makurtuz, azken arnasa eman zuen.
31 Pazko Jairako prestaketak egiteko eguna zen, eta judu-agintariek ez zuten nahi gorpuak larunbatez gurutzean gelditzerik, larunbat hura oso jaiegun handia baitzen. Horregatik, gurutziltzatuei berna-hezurrak hautsi eta handik kentzeko eskatu zioten Pilatori.
32 Joan ziren, bada, soldaduak eta hautsi zizkieten berna-hezurrak Jesusekin gurutziltzatu zituzten biei. 33 Baina, Jesusengana iristean, ordurako hilik zegoela ikusirik, ez zizkioten berna-hezurrak hautsi; 34 soldadu batek saihetsa zulatu zion lantzaz, eta bat-batean odola eta ura atera ziren. 35 Ikusi zuenak berak testigatzen du eta haren testigantza egiazkoa da. Berak badaki egia dioena, zuek ere sinets dezazuen. 36 Hau Liburu Santuak dioena bete zedin gertatu zen: Ez zaio hezurrik hautsiko. 37 Eta beste pasarte batean ere hau dio: Zulatu zutenari begiratuko diote.
38 Jose Arimateakoak Jesusen gorpua eramateko baimena eskatu zion Pilatori. Jose Jesusen ikasleetakoa zen, baina isilpean, judu-agintarien beldurrez. Pilatok baimena eman zion, eta Josek joan eta eraman egin zuen haren gorpua. 39 Etorri zen Nikodemo ere -behin batean gauez Jesus ikustera joan zen hura- hogeita hamarren bat kiloko mirra- eta aloe-nahastura zekarrela. 40 Jesusen gorpua bien artean hartu eta oihal-zerrendaz lotu zuten, tartean usainkiak ezarriz, juduek hobiratzeko zuten ohiturari jarraituz.
41 Jesus gurutziltzatu zuten lekutik hurbil baratze bat zegoen eta, baratzean, ordura arte inor ipini gabeko hilobi berri bat. 42 Hilobia hurbil zegoenez, hantxe ezarri zuten Jesusen gorpua, juduen atseden-eguna hastear baitzegoen.
20. atala
[aldatu]1 Asteko lehen egunean Magdalako Maria hilobira joan zen goizean goiz, artean ilun zegoela, eta harria hilobitik kendua ikusi zuen. 2 Orduan, Simon Pedrorengana eta Jesusek maite zuen beste ikasleagana itzuli zen lasterka, eta esan zien: «Eraman egin dute Jauna hilobitik, eta ez dakigu non ipini duten».
3 Irten ziren, orduan, Pedro eta beste ikaslea, eta hilobirantz jo zuten. 4 Biak batera zihoazen korrika, baina beste ikaslea Pedro baino arinago zihoan, eta lehenago iritsi zen hilobira. 5 Barrura begiratzeko makurturik, oihal-zerrendak lurrean zeudela ikusi zuen, baina ez zen sartu. 6 Iritsi zen haren atzetik Simon Pedro, eta sartu zen hilobira. Oihal-zerrendak lurrean ikusi zituen, 7 bai eta Jesusen burua biltzen egoniko zapia ere; baina hau ez zegoen oihal-zerrendekin batera jarria, beste toki batean aparte bildua baizik. 8 Orduan, sartu zen beste ikaslea ere, hilobira lehenengo iritsi zena. Ikusi eta sinetsi egin zuen. 9 Izan ere, ordura arte ez baitzuten ikasleek ulertu Liburu Santuak dioena, Jesusek hilen artetik piztu behar zuela, alegia.
10 Pedro eta beste ikaslea etxeratu egin ziren.
11 Maria hilobi ondoan gelditu zen, kanpoan negarrez. Halako batean, oraindik ere negarrez, hilobirantz makurtu zen, 12 eta bi aingeru ikusi zituen zuriz jantziak, Jesusen gorpua egon zen tokian eserita, bata burualdean eta bestea oinetan. 13 Aingeruek esan zioten:
-Emakume, zergatik ari zara negarrez?
Hark erantzun zien:
-Nire Jauna eraman dute, eta ez dakit non ipini duten.
14 Berehala, atzera begiratu eta Jesus ikusi zuen zutik, baina ez zen konturatu Jesus zela. 15 Jesusek esan zion:
-Emakume, zergatik ari zara negarrez? Noren bila zabiltza?
Hark, baratzezaina zelakoan, esan zion:
-Jauna, zuk eraman baldin baduzu, esadazu non ipini duzun, eta neuk jasoko dut.
16 Jesusek esan zion:
-Maria!
Honek, hurbilduz, esan zion hebreeraz:
-Rabbuni! (hau da, Maisu).
17 Jesusek esan zion:
-Utz nazazu, oraindik ez bainaiz igo Aitarengana. Ea, zoaz nire senideengana eta esaiezu neure eta zuen Aitarengana noala, neure eta zuen Jainkoarengana.
18 Magdalako Mariak joan eta ikasleei berri hau eman zien: «Jauna ikusi dut». Eta hark esana kontatu zien.
19 Asteko lehen egun hartan bertan, arratsean, ikasleak etxe batean bildurik zeuden; judu-agintarien beldurrez, ateak itxirik zeuzkaten. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei». 20 Gero, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Pozez bete ziren ikasleak Jauna ikustean.
21 Jesusek berriro esan zien: «Bakea zuei. Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet». 22 Eta haien gainera arnasa botaz, esan zien: «Hartzazue Espiritu Santua. 23 Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei barkatu egingo dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die».
24 Tomas, Hamabietako bat, Bikia zeritzana, ez zegoen haiekin Jesus etorri zenean. 25 Elkartu zirenean, beste ikasleek esan zioten:
-Jauna ikusi dugu.
Tomasek erantzun zien:
-Haren eskuetan iltzeen seinalea ikusten ez badut, eta nire atzamarra iltze-zuloetan eta nire eskua haren saihets-zuloan sartzen ez badut, ez dut inola ere sinetsiko.
26 Zortzi egunen buruan, etxean zeuden berriro ikasleak, eta Tomas ere bertan zen. Ateak itxirik zeuden arren, sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei». 27 Gero, esan zion Tomasi:
-Ekarri atzamarra eta aztertu nire eskuak; ekarri eskua eta sartu nire saihets-zuloan. Eta ez izan sinesgogor, sinestedun baizik.
28 Tomasek erantzun zion:
-Ene Jauna eta ene Jainkoa!
29 Jesusek esan zion:
-Ikusi nauzulako sinetsi al duzu? Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak.
30 Mirarizko beste seinale asko egin zituen Jesusek bere ikasleen aurrean, liburu honetan idatzirik ez daudenak. 31 Hemen kontatuak Jesus Mesias eta Jainkoaren Semea dela sinets dezazuen idatzi dira eta, sinetsiz, betiko bizia izan dezazuen hari esker.
21. atala
[aldatu]1 Geroxeago, berriro agertu zitzaien Jesus bere ikasleei Tiberiades aintzira-ertzean. Honela gertatu zen agerpena: 2 Elkarrekin zeuden Simon Pedro, Tomas -Bikia zeritzana-, Natanael -Galileako Kanakoa-, Zebedeoren semeak eta beste bi ikasle. 3 Hortan, Simon Pedrok esan zien:
-Arrantzura noa.
Besteek erantzun zioten:
-Zurekin goaz gu ere.
Irten eta untziratu egin ziren. Baina gau hartan ez zuten ezer harrapatu.
4 Eguna argitu zuenean, aintzira-ertzean agertu zen Jesus; baina ikasleak ez ziren konturatu Jesus zela. 5 Jesusek esan zien:
-Mutilok, baduzue jatekorik?
Haiek erantzun:
-Ez.
6 Jesusek esan zien:
-Bota sarea txaluparen eskuinera eta aurkituko duzue.
Hala egin zuten. Eta hainbeste arrain harrapatu zutenez, ez ziren sarea ateratzeko gauza. 7 Orduan, Jesusek maite zuen ikasle hark esan zion Pedrori: «Jauna da». Simon Pedrok, Jauna zela entzun bezain laster, soinekoa jantzi (erantzia baitzuen) eta salto egin zuen uretara. 8 Gainerako ikasleak txalupaz joan ziren, sarea arrainekin tiraka zekartela, lehorretik hurbil baitziren, ehunen bat metrora.
9 Lehorreratzean, su-txingarrak ikusi zituzten, gainean arrain bat zela, eta ogia. 10 Jesusek esan zien: «Ekarri harrapatu berri dituzuen arrainetariko batzuk».
11 Igo zen untzira Simon Pedro eta lehorrera atera zuen sarea, ehun eta berrogeita hamahiru arrain handiz betea. Eta, hainbeste izanik ere, ez zen sarea apurtu.
12 Jesusek esan zien: «Etorri gosaltzera».
Ikasleetako inor ez zen ausartzen nor zen galdetzera, ongi baitzekiten Jauna zena. 13 Orduan, Jesusek, hurbildurik, ogia hartu eta eman egin zien, bai eta arraina ere.
14 Hirugarren aldia zen hau, Jesus, hilen artetik piztu ondoren, bere ikasleei agertzen zitzaiena.
15 Gosaldu zutenean, Jesusek esan zion Simon Pedrori:
-Simon, Joanen semea, maiteago al nauzu hauek baino?
Hark esan zion:
-Bai, Jauna, badakizu maite zaitudana.
Orduan, Jesusek:
-Larra itzazu nire bildotsak.
16 Bigarrenez galdetu zion Jesusek:
-Simon, Joanen semea, maite al nauzu?
Pedrok, berriro:
-Bai, Jauna, badakizu maite zaitudana.
Jesusek orduan:
-Zaindu nire ardiak.
17 Hirugarrenez galdetu zion Jesusek:
-Simon, Joanen semea, maite al nauzu?
Pedro goibeldu egin zen maite al zuen hirugarrenez galdetu ziolako, eta erantzun zion:
-Jauna, zuk dena dakizu, badakizu maite zaitudana.
Orduan, esan zion Jesusek:
-Larra itzazu nire ardiak. 18 Bene-benetan diotsut: Gazteago zinenean, zeuk lotzen zenuen gerrikoa eta nora joan erabakitzen; zahartzean, ordea, zuk besoak luzatu eta beste batek lotuko dizu gerrikoa eta nahi izango ez duzun lekura eramango zaitu.
19 Horrela, Jainkoari aintza zer-nolako heriotzaz emango zion adierazi zuen Jesusek. Ondoren, esan zion:
-Jarraitu niri.
20 Pedrok itzuli eta Jesusek maite zuen ikaslea ondoren zetorrela ikusi zuen, afarikoan, Jesusen bular gainean jarririk, «Jauna, nor da salduko zaituena?» galdetu ziona. 21 Hura ikusi zuenean, bada, Pedrok galdetu zion Jesusi:
-Jauna, eta hau zer?
22 Jesusek erantzun zion:
-Ni itzuli arte hori gelditzea nahi baldin badut, zuri zer? Zuk jarraitu niri.
23 Hitz hauek zirela eta, ikasle hura hilko ez zelako zurrumurrua zabaldu zen senideen artean. Jesusek, ordea, ez zion esan ez zela hilko, beste hau baizik: «Ni itzuli arte hori gelditzea nahi baldin badut, zuri zer?»
24 Ikasle huraxe da gauza hauetaz guztiez testigantza egin duena eta idatzi dituena, eta guk ongi dakigu egiazkoa dela haren testigantza.
25 Beste gauza asko ere egin zituen Jesusek. Guztiak banan-banan bilduko balira, nik uste mundu osoan ere ez liratekeela sartuko idatz litezkeen liburuak.